Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Uste dut artearen berezko ezaugarria dela arimari aritzea, arrazoinamenduaren gainetik egotea"

Dokumentuaren akzioak

"Uste dut artearen berezko ezaugarria dela arimari aritzea, arrazoinamenduaren gainetik egotea"

Mathieu Vivier

Mathieu Vivier (Baiona, 1986) Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren BILAKA koreografia zentroko zuzendari artistikoa da. Txikitan hasi zen euskal dantzak ikasten Leinua (Hiriburu) taldean. Tradizioaren eta modernitatearen artean ez du hautatzen, biak dira, sortze prozesuan ezinbesteko osagarri.
Egilea
LaukitikAt
Komunikabidea
Eke
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/05/03
Lotura
Eke

Nola erabakitzen da koreografo bihurtzea?

Ez da momentu zehatz batean egin dudan hautua, nire baitan dagoen zerbait da, nire buruan ditudan galderei, oinarrizko galderei erantzuteko modu bat. Uste dut artearen berezko ezaugarria dela arimari aritzea, arrazoinamenduaren gainetik egotea, diskurtsoak, mintzairak iristen ez diren lekura heltzea, emozioaren bidez. Denborarekin ohartu naiz, gaztetatik gorderik nuen eta berriki onartzen ari naizen idazteko behar hori, oinarrizko galderei erantzunak bilatzeko behar horretatik datorrela, hala nola: “Nor naiz ni? Nor gara gu? Nora goaz?”. Euskal dantza tradizionalari doakionez, euskal dantzari zarenean, zerbait berezia oinordetzen duzu, gure kultura osatzen duten oinarrizko adierazpen artistikoetarik bat eta uste dut horren atxikitzearen, garapenaren eta babesaren ardura duzula nonbait. Gero ongi asmatu behar da nola egin babesteko. Euskal kultura garaikidea sortzea interesatzen zait niri bereziki, orduan nola erabili dantza tradizionala sorkuntzetan, tradizioa traizionatu gabe?

Soziologia eta zientzia politikoak ikasi ondoren, mugimendua nahiago diskurtsoak baino? 

Ez, politika eta giza zientziak aberasten dizkidate oraindik, bai gogoetan zein koreografia lanetan. Artista gisa ez dugu politikarik egiten baina zerbait proposatzen dugu hein batean, mundua behatzeko modu bat, irudi bat, ondorioz eragina dugu nonbait, bakoitzak bere mailan noski.

Zure lehen sorkuntzan, "Negua" ikuskizunean, euskal errituak edo mitoak agertu dituzu. Gaiak interesatzen zaitu?

Neguan, inauteriko ohiturak eta negu gorrian, gauzen ordena alderantzikatzeko, beste urtarora itzultzeko, naturaren erreberritzeko iragaten diren beste errito horiek agertu nahi izan ditut. Gero galdegin diogu gure buruari: "Nola pentsa gure kultura gaur egungo munduan? Nolakoa da gure negua orain? Zeintzuk dira gure erritoak, zein da horien zentzua hiri ingurumenean, aspaldiko erritoak sortu zituzten gure arbasoen baserri ingurumenetik urrun? Zein dira gaur egungo munduaren gaizkiak? Eta mundu modernoa bera balitz?"

Egia da gaur egun premia dagoela funtsezko gaietara, naturaren indarretara itzultzeko.
Neguan aritu garenok, behar hori sentitu dugu orokorrean. Gure negua identifikatu nahi izan dugu eta jakin nahi izan dugu zer egin hobe sentitzeko, gure dantzen eta kanten bidez. Eta uste dut sendabide egokiena aplikatzen asmatu dugula azkenean, elkarrekin dantzatuz eta abestuz; nonbait ez gara urrundu inauteri erritoetan gertatzen den girotik, zeinean garrantzitsuena ez den ikuskizuna, baizik eta ikuskizunaren inguruan sortzen den jendearen bat egitea, elkartzea, neguari aurre egiteko. Halere "Neguan" ahalegin guztiak jarri genituen ikuskizun ederra izan zedin.

Zertan da gaur egun dantza Euskal Herrian?

Uste dut dantza osasuntsu dagoela, nahiz eta jarduera konplexua izan, publikoari ematen zaion irisgarritasunetik abiatuta. Lurralde honetan, Malandain Ballet Biarritz konpainia ari da beste egitura eta taldeekin batera publikoa sentsibilizatzeko lanean. Bestalde garai nahiko zaila izaten ari dira arteari doakionez. Artea osasuntsu dagoela erran daiteke gaur egun? Ez naiz segur horretaz. Halere, taldeetan garai zailak pasa badituzte ere dantzari kopuruen apaltze orokorrarengatik, dantza ongi dago berriz, eragile, ekintza eta iniziatiba asko direlako. Arlo honetako eragileak biziki desmartxa dinamiko eta sortzailea eramaten ari dira, dantzaren garapenaren alde. Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin daramagun lana sartzen da erabat ingurune horretan, non dantza, irakaskuntza, transmisioa garatzen laguntzen dugun alde batetik eta sorkuntza edo dantza lanbide bihurtzeko aukera zabaltzen dugun bestetik. Topatzen ditugun arazoei erantzuten diegu, dantzak bizirik segi dezan alor sozialean eta tradizionalean eta ber denboran, zorroztasun maila lortzen saiatzen gara elkarren arteko osagarritasun batekin. Federakuntzak helburu orokor eta partekatu hori dauka. Dantza tradizionaleko talde eta eskolei doakienez, lehia handia dute kirol zelaietan. Mutil gazteentzat bereziki, dantza ikastea ez da baitezpada lehen erreflexua eta egia da dantzari kopuru eskasa dela taldeetan. Halere 50 eta 70 talde artean daude Ipar Euskal Herrian euskal dantzen presentzia handiarekin zenbat tokitan eta IDB federazioak baliabide berriak proposatzeko proiektu bat abiatu du, gazteen formatzeko taldeek dituzten beharrei erantzuteko. Lurralde batzuetan ere Dantza Sarean izeneko ekimenak ahalbidetzen die talde ezberdinei elkarlanean aritzeko parada.

Horrez gain, pedagogia lan taldea dinamika berri bat garatzen ari da Maurice Ravel Kontserbatorioarekin partaidetzan, dantza tradizionalaren irakaskuntza zorrotza helburu, dantza garaikide eta klasikoarekin osatuz. Gaur, formakuntza alorrean eginiko indarren emaitzak jasotzen ari gara, aniztasun eta adierazpen biziki interesgarria agertzen duten 16 eta 18 urte bitarteko dantzari gazteekin. Uste dut goi mailako dantzariak eta irakasleak bilakatuko direla. Indarrean jarri behar dugun bertutezko zirkulu bat da.

Bilakaren proiektuaren erronken artean ere, dantza ogibide gisa hautatu nahi duten gazteei aterabideak proposatzea da, atzerrira joan behar izan gabe. Nazioarteko dantza ibilbidea, dantza ogibide bilakatzea imajinatu daiteke, herria eta euskal dantzak utzi behar izan gabe. Noski dantzari batzuek atzerrira joan nahi badute esperientzia ezberdinen bila, biziki ongi da ere. Bestetik, gure mugetatik at, euskal kulturaren erakusleiho izango litzatekeen dantza talde bat sortzeko asmoa hor dugu ere. Kukai taldea eredugarri da: konpainia sortu dute, gogor aritu dira lanean beraien proiektua garatzeko eta nazioarteko oholtzetan kokatzeko; orain mundu osoan zehar dabiltza eta ezagupenaz gain, sariak jasotzen ari dira Espainiar estatuan. Horrelako asmoak ezin dira baztertu eta sinesten dut tresna hori sor dezakegula Iparraldean euskal dantza garatzeko.

Mathieu Vivier
Argazkia: LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Zeintzuk dira dantza hitzorduak Euskal Herrian?

Le Temps d’Aimer jaialdia dugu Biarritzen, bai eta ere Le Temps d’Aimer les Mômes publiko gazteari zuzendua, edo dantza tradizionalari zuzendua den hitzordua, alor horretan garatzen den interesa erakusten duena. Beste hitzorduak badira ere diziplina anitzeko programazioetan, Scène Nationale, Herri Elkargoa eta abarren eskaintzen artean. Bidasoaz bestalde, dantza ikusgarri andana ikusteko paradak dira, interes bereziarekin dantza garaikidearentzat. Eta bistan da, Herriko bestek, inauteriek eta beste errito ezberdinek ere ematen dituzte dantzaz gozatzeko aukerak; baina berriak sor daitezke beti.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ondare immaterialaren gaia?

Bilaka interesatzen da ondare immateriala oinarri duen sorkuntzaz. Zer gorde behar da? Zer baztertu? Nire ustez, lehenik luze eta zabal ezagutu behar dira gure ohiturak, gure dantza tradizionala ezagutu, horren osagaiak, mugimenduak, nola interpretatu eta zein testuinguruan, bere eragina gizartean... Aurre baldintza horiek betetzea garrantzitsua da. Gero, beste gai bati begira jarri behar da gure interesa, beste hizkuntza batzuek ikasi behar dira. Ideia da ez duzula zure hizkuntza ongi ezagutzen atzerriko hizkuntzarik ez badakizu. Ez da bestearen beldur izan behar edo beste zerbait ikastearen, dantzatzearen beldur izan behar….Besteak bere ingurumena erakusten digun heinean, gure burua hobe ezagutzeko parada ematen digu. Harri zilo horretan existitzen dira gauzak. Niretzat arrazoinamendu hori funtsezkoa da, gauzak existitzen direla beraien arteko loturari esker. Gogoeta hori ezinbestekoa da sorkuntza prozesua hasi aitzin.

Auzoaren irudia gustatzen zait horren islatzeko; auzo bati buruz, ainitzetan erraten da haren identitatea gorde duela. Identitatea atxikitzen den edo arriskuan egon daitekeen kalitate bat da….Auzoa irentsia izan daiteke eta bertako biztanleak, bizimodua, mintzaira desager daitezke sortzen den hiri multzo berri batengatik. Orduan galdera hau dator : Zer egin daiteke auzoa bizirik mantentzeko ingurumen aldakor batean? Ideia hori dantzara edo tradizioarekin lotura duten beste alorretara eramanez geroz, nola egin horiek bizirik egon daitezen mundu aldakor honetan ? Dantza edo auzoa aldatzen badugu, bestelakotzen badugu ingurumen berriari egokitzeko, haren izaera aldatzen dugu eta ondorioz ez da berdina, desegin da...
Ondorioz, euskal dantza, euskal kultura da beti ? Hor dago konplexutasuna.

Galdera eta gogoeta horiek egon behar dira dantza tradizionalean oinarritutako sorkuntza hasi aitzin; gizarte garaikidean dantza tradizionala existitu dadin, gure arduraz eta karguaz ohartu behar dugu. Babestu baino, aktibazio hitza nahiago dut, gure baliabideak aktibatu, daukaguna zabaldu, gure artean soilik egotea ekidin, gure kultura osatzen duten elementuak bizi arazteko desmartxak eduki. Behintzat hau da gure bidea; gauzak esperimentatzen ari gara dinamika bizi batean. Ez dezagun ahantz bestalde tradizio hitza, transmisiotik datorrela eta latinoz, tradere hitzan traizio ere badela, etsaiari norbait salatzea alegia. Beraz, tradizio hitzaren erroan bertan, traizioa dago. Nahi eta nahi ez, dantzak eta musikak, garaiarekin aldatuz doan herri batenak dira, ondorioz tradizioak ere aldatzen dira. Dinamika horren eragile izanik traizio baten aktore gara nonbait. Gero bakoitzari doakio arduraz jokatzea eta kurtsorea non kokatzen den asmatzea. Bilakaren kasuan, bi bide hautatu ditugu: tradizioen eta erritoen kontserbatzea batetik eta ikuskizun berriena bestetik. Bi kasuetan, elkarrekin egoteko, momentuak eta emanaldiak partekatzeko moduak dira, gure identitatea osatzen duten tarteak.

Euskal gizartea nora dago begira zuretzat: Atzera? Etorkizunera ?

Uste dut herri hau sakonki atxikia dela haren erroei, iraganari eta barnaki bizi dituela orainaldian. Hemen aipatutako ideiak, besteari irekitzearena, garatzeko gogoarena edota sortzearena bereak egin ditu, desmartxa horretan sartua da. Zentzu horretan Bilakan daramagun lanaz oihartzun biziki baikorrak ditugu hasteko. Uste dut Euskal Herria etorkizunari begira dagoela, iraganari atxikia dela baina aitzinatzeko prest eta eboluzio garai handiak biziko dituela.

Mathieu Vivier
Argazkia: LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Bilakaren sortzera itzul gaitezen.

Bilaka sortzea zinez beharrezkoa zen. Talde ezberdinetatik gentozen gazte multzo bat ginen, nahiko baztertuak dantzari gisa. Ni Milafrangakoa naiz eta Hiriburuko Leinua taldean ari nintzen. Anitz ikasi dut Bilakako beste dantzarien ondoan, gure ezagutzak partekatu, sakondu ditugu eta aritzeko gogoa indartu dugu. Sorkuntzarako ere beharrezkoa zen. Erabaki dugu konpainia irekia sortzea, euskal dantzari irekia eta horregatik gaude orain Federazioan sartuak. Hastapenetik proiektu hau irekia izan zaie nahi zuten dantzariei, baldintzak betetzen eta zorrozki aritzeko ikasteko eta hobetzeko prest ziren gazteei. Sortzaileei ere irekia da Bilaka. Izan ere berez ez dugu koreograforik. Zuzendari artistikoa naiz gaur egun, hiru urtetarako bakarrik; koreografia bat idatzi dut aurten baina ez naiz bakarra, beste koreografo batzuek gonbidatuak izan dira. Sortzaile ezberdinak jartzen ditugu kolektiboaren eskura eta kolektiboa bere aldian sortzaileen eskura. Biziki garrantzitsua da gure proiektuarentzat eta horrek bereizten gaitu beste konpainietatik. Bilakan 16 dantzari daude orain, zorrozki egunero ari direnak, 24 orduz astean eta 10 bat musikari; gehiago izan daiteke bihar. Gehienak ikasleak dira, bakar bat da dantzari profesionala baina lauk nahi lukete bilakatu. Besteak amaturrak dira, dantza pasioa dute eta lanaz kanpo ari dira.

Bidasoa zeharkatzea garrantzitsua da Euskal dantzari zarenean?

Garrantzitsua baino naturala dela errango nuke. Jon Maya, Gari Otamendi eta lan egiteko ezagutu ditugun beste dantzari eta koreografoekin, mintzaira, praktika berdina dugu, hurbiltasun naturala dugu. Hegoaldean, dinamika handiagoa dago dantzaren inguruan, gune gehiago, ikasteko zein sortzeko aukera gehiago. Ainitzetan goaz dantza garaikidea ikastera Errenteriako Dantzagunera adibidez; gainera Kukai taldearen estudioen ondoan kokatua da eta Bilakako dantzariak aspalditik bertara goaz ere ikastera. Hurbiltasun naturalaz gain, beharrezkoak ditugu harreman eta baliabide horiek. Urbeltzen Argia konpainia ere erreferentzia da niretzat eta anitzetan gonbidatzen dugu; anitz ikasten dugu horiekin, lurraldeen araberako ezaugarriez adibidez, anitz dute guri erakusteko. Bestalde, nire lanean, Scène Nationale egituran, muga pasatzeko ohitura gutxi duten jende anitz gurutzatzen dut eta ohartu naiz egiazki mugaren eragina dagoela, jende batzuek inoiz ez dutela zeharkatzen. Halere uste dut horretaz ohartzen ari garela eta egitura ezberdinetatik indar bat egiten ari dela pasabide hori hobetzeko. Ni nagoen lan eremuan adibidez, ikusleak laguntzen ditugu mugaz bestaldera pasatzen eta batzuetan ere artistak, izan ere ez dute beti elkar ezagutzen; bideak zabaltzen saiatzen gara, Europako lurralde hau azkenean, irekiago izan dadin.

Dantza saioen ondoren, euskaltegira zoaz…. Garrantzitsua da euskara ikastea?

Bai oinarrizkoa da. Pozik eginen nuen elkarrizketa hau euskaraz baina ideia batzuek garatzea gehiegi kostatzen zait oraindik. Txikitan ez dut euskara ikasteko aukerarik ukan; ez dugu beti gure sorlekua aukeratzen, bai ordea lurralde honekin ukan nahi dugun lotura. Niretzat euskaraz izango litzateke. Uste dut hizkuntzak munduaren ikusmolde berezi bat ematen dizula eta herriaren arima osatzen duela; ondorioz bai garrantzitsua da niretzat euskaraz bizitzea.

Zure sorkuntza berrian uretara gonbidatzen gaituzu ?

Bai horixe, hitzordua itsasoan jarri dut. Saio zero izena duen ikuskizun berrian, sakontzen ditugu berriz ondoko oinarrizko galderak: «Nor naiz ni? Nora goaz? Zer egiten dugu gure dantzarekin? Euskal dantzak horrela tratatzeko eskubidea dugu? Ongi ari gara ?». Izan ere galdera horiek gure buruan bueltaka dabiltza egiazki eta inportantea zaigu horiek sakontzea, gauzatzea Saio zero bezalako sorkuntza batean. Gero, fite, galdera horien eta itsasoaren arteko lotura egin dugu. Nire lanean beti dago materia organiko baten presentzia. Neguan, sua, odola, elurra zeuden. Hemen itsasoa hautatu dut izan ere bere leria amaigabean, erreberritzen da beti; azkenean beti itzultzen da uhain berdina itsas hegira, eta beti ber marea bazterrera…
Hau da erabiltzen ari garen testuaren ideia nagusia, orainean iragaten dena, izan ere dantzariarentzat oraina da denbora bakarra; ideia hori da baita ikuskizunean aipatzen duguna. Esperimentazio bat, entsegu bat da, garaikideagoa, non dantza tradizionala kutxatila batean jartzen dugun, maila zorrotzagoarekin sorkuntzari doakionez. Gero ikusiko zer gertatzen den; edozein kasutan galderak egiten ditugu bortxaz erantzunik lortu edo bilatu gabe, baina Bilaka osatzen dugunok partekatzen dugun bidea jarraitzen dugu. Aldi honetan koreografia idazteko lan talde bat osatu dugu dantzariekin eta musikariekin lan egin dugu ondoren, dantza eta musikaren arteko oihartzuna egon dadin.

Bukatzeko, egina ez den galdera bati erantzuteko gogorik ?

Ez, ez dut ikusten, gauza andana erran dut jada… Milesker guri eta dantzari interesatzeaz.

https://www.eke.eus/eu/kultura/lekukoak_lekuko/mathieu-vivier/image

Dokumentuaren akzioak