Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ttakun-ttakun eta ole

Dokumentuaren akzioak

Ttakun-ttakun eta ole

Egilea
Josu Artutxa Dorronsoro
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2023/11/03
Lotura
Ataria

Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzari gasteiztarraren Berriketan taldeak Arima ikuskizuna eskainiko du gaur, 20:00etan, Topic-en. Ikuskizun berritzailea da, txalaparta eta flamenkoa uztartzen dituena.

Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga artista gasteiztarrak ez du geldirik egoteko asmorik. Berriro ere, flamenkoari lotutako proiektu batekin helduko da eskualdera; hori bai, beti bezala, bere sustraiei eutsiko die. Berriketan proiektuarekin sortutako Arima ikuskizuna eskainiko du, gaur, Tolosan; 20:00etan izango da emanaldia, Topic-en. Txalaparta eta flamenkoa uztartzen dituzte proiektu honetan, nahiz eta aurretik ere antzinako instrumentuarekin arituak ziren Berriketan taldearekin. Urteak eman dituzte ikerketa-lanetan eta bi kultura herrikoi batzen dituzten bizipen artistikoak aurkitu dituzte flamenkoaren eta txalapartaren arteko uztartzean, Antonio Lizana ekoizle musikalaren eta Leonor Leal aholkulari koreografikoaren laguntzaz.



Euskal Herriaren eta Andaluziaren erabateko uztartze kulturala da Arima, txalapartaren soinuak, bertsoek eta kantu herrikoiek, eta flamenkoaren pasioak, dantzak eta dotoreziak osatutako binomio orekatua. Emanaldi honetan, txalapartaren ttakun hotsak buleriatan entzun ahal izango dira, dantzariaren takoneoak alegrietan eta quejio flamenkoak zortzikoetan, gitarrarekin eta euskarazko cante-arekin lagunduta denak. Nork esan zuen hori ezinezkoa zela? Aire berriak sortu dituzte, sentiberatasun beteko erritmo eta letrak, flamenkotik euskaraz eta euskaratik flamenkoz.

Aurretik ere, beste modu batera lotu zituen flamenkoa eta euskal kultura, Gorria deituriko ikuskizunarekin. Lan horretan, Miren Amuriza lagun zuela, bertsoa eta flamenkoaren arteko nahasketa dotorea garatu zuen. Oraingoan, Mikel Aveiro eta Aitor Korta txalapartariak, Adrian Larrañaga perkusio jotzailea, Miguel Linares gitarra jotzailea eta Angel Lopez eta Eider Elorza abeslariak izango ditu bidelagun oholtzan Etxebarrietak. Gainera, Amurizak, Ruben Sanchez de Bakaikoak eta Aitziber Etxebarrietak idatzitako letrak ere entzungo dira emanaldian.



2010ean sortu zen Berriketan taldea, euskal kulturaren eta flamenkoaren arteko uztartzea helburu zuelarik. «Taldeko kide guztiak gara euskaldunak, txikitatik euskal kulturaren testuinguruan bizi izan gara, eta flamenkoa gure pasioetako bat da. Familia txiki handi bat gara. Ondo ulertzen dugu elkar, eta oholtza gainean gaudenean antzematen da», esan du Askoa Etxebarrietak. Berriketan izeneko emanaldia sortu zuten lehenik, eta beranduago heldu zen Arima. «Gure esentzia mantentzen saiatu gara, nahiz eta ikuskizun osoa berria izan», gaineratu du.

 

Askoa Etxebarrieta: «Taldekide guztiak gara euskaldunak eta flamenkoa gure pasioetako bat da. Familia txiki handi bat gara»



Lehen mailako hitzordua

Etxebarrietak aspaldidanik zuen buruan txalaparta oinarri izango zuen emanaldi bat egitea. «Bere garaian, Cadizko talde batekin batera aritu ziren orain gure taldekoak diren txalapartari zestoarrak. Kontzertu batean topo egin genuen, eta orduan hasi ginen elkarrekin proiektu bat egiteari buruz hitz egiten eta ideia berriak biltzen». La Pulgak adierazi duenez, «lan handia» egin zuten emanaldia sortzeko. «Flamenkoarekin lotutako parranda batean bazaude, eta txalaparta bat badago, inprobisatuz gero, gauza politak sortu daitezke; portzierto, parranda horietan asko ikasten da. Hala ere, ikuskizun bat osatzen duzunean harago joaten saiatzen zara, oso ondo aztertu eta landutako zerbait egiten».

 

Askoa Etxebarrieta: «Gure bihotza eta gure gorputza bertan —agertokian— geratzen dira. Ikuskizunean dago gure arima osoa» 


Hain justu, urte eta erdiko prozesua izan zen Arima emanaldiaren sorkuntza lana, eta lan horrek suposatzen zuen guztia transmititzen saiatzen dira agertokian dauden bakoitzean. «Gure bihotza eta gure gorputza bertan geratzen dira, dugun energia guztia xahutzen dugu. Ikuskizunean dago gure arima osoa. Emanaldi oso aberasgarria da, musika, sormena eta kultura gustuko dituen edonorentzat flamenko sentimenduaz eta euskal ohiturez gozatzeko lehen mailako hitzordua», azaldu du Etxebarrietak.

Pandemia garaian artista profesional asko lan berriak sortzen hasi ziren. Ondorioz, 2021eko udazkenean, kultur eskaintza oso handia zen; aurrez geldirik zeuden ikuskizunak eta emanaldi berriak zeuden merkatuan. Hain justu, orduan egin zuten Arima ikuskizunaren estreinaldia Gasteizko Ibaiondo gizarte etxeko Felix Petite aretoan, baina 2021ean eta 2022an gutxitan aurkeztu ahal izan zuten emanaldia herri gehiagotan. «Ez nuen ulertzen zergatik ez genuen emanaldia egiten, zergatik ez gintuzten deitzen», esan du Etxebarrietak. Aurten, dozena bat alditan igo dira oholtzara.

Hala ere, publikoaren aldetik erantzun oso ona jaso dutela nabarmendu du Etxebarrietak. «Ikusleari asko gustatzen zaion saioa da. Oso polita dela esaten digute, eta bi kulturak oso ondo uztartuta daudela. Zintzotasun osoz, bihotzeraino heltzen den ikuskizuna da». Hemendik aurrera ere emanaldia herriz herri egiten jarraitzea da taldearen asmoa. «Momentuz ez ditugu data asko itxita, baina espero dut aurrerantzean saio gehiago egitea».

Euskal Herritik kanpo ateratzea ere gustatuko litzaioke Etxebarrietari. Lehen ikuskizunarekin San Fernandon (Cadiz, Espainia) egon ginen, eta Poloniara ere joan ginen. Bigarren ikuskizunarekin ez dute lortu kanpoan emanaldiak hitzartzea. «Nik egin behar izaten dut ekoizle lana, eta ez naiz leku guztietara iristen. Oraingoz, etxean ariko gara, jada hitzartuta ditugun emanaldiak egitea errazagoa izaten baita, eta aurrerago ikusiko dugu ea posible dugun kanpoan aritzea».

Klasikotik abiatuta, baina beti punki

La Pulga ez da andaluziarra eta ez du hango jatorririk. Etxebarrietaren etxean euskaldunak dira eta zaletasunak lotu zuen flamenkora, gaztetan Los Chichos, Los Chunguitos eta halako taldeak entzuten zituelako, baina baita Euskal Rock Erradikaleko punk musika ere. Hartara, Camaron, Pata Negra eta Kiko Veneno bezalako artistei jarraitzen hasi zen. Ezizena lagun batek jarri zion, txikia eta urduria delako, eta haren omenez mantendu du izen artistikoa. Futbolean ere bada arkakuso bat, argentinarra, askorentzat, inoizko izar handiena.

Dantza klasikotik dator La Pulga, lau urte baino ez zituela Sofia Abaituaren akademian hasi zen Gasteizen eta, segidan, Jesus Guridiren musika eskolara pasatu zen. Carmelo Bernaola izan zuten han zuzendari, XX. mendean musika garaikideak eman duen konpositore garrantzitsuenetako bat, eta lehen belaunaldi haren parte izan zen Etxebarrieta. Behin Gasteizko bidea amaituta, Bilbon Solange Lefortekin eta Madrilen Victor Ullateren eskolan biribildu zuen bere ibilbide akademikoa.

 

Askoa Etxebarrieta: «Oso punkia izan arren, argi nuen flamenkoa ikasi nahi nuela. Dantza oso basatia da, moldeak hausten dituena» 



Aurrerago, dantza mundutik zertxobait urrunduta zegoela, Gasteizko Zaramazuloko lokal okupatuetan flamenkoko esku-zarta ikastaro batera joan, eta han hasi zen mundu horretara gerturatzen: «Betidanik gustuko izan dut dantza, eta une horretan oso punki-a izan arren, argi nuen flamenkoa ikasi nahi nuela. Flamenkoa bera oso punki-a da niretzat. Dantza oso basatia da, moldeak hausten dituena. Biribilean jarri eta sortzen den energia hori sekulako sentsazioa izaten da».

«Flamenkoa arnasten dute»

Gasteiztarraren aburuz, «flamenkoan murgildu nahi duenak sorlekura joan behar du, trikitia jotzen edo bertsotan ikasi nahi duenak hona etorri behar duen bezalaxe». Hain justu, zortzi urtez Granadan eta Sevillan bizi izan zen Etxebarrieta, bertako kulturaz janzteko eta guztia barneratzeko; besteak beste, Isabel Bayon, La Farruka, Farrruquito eta Juana Amayaren ikastaroetan parte hartuz. «Andaluzian flamenkoa bizi egiten da, bere esentzia arnasten dute, eta edozein txokotan topa dezakezu, urteko edozein garaitan eta eguneko edozein ordutan».

Dantza klasikoaren eta flamenkoaren arteko aldeari buruz galdetuta, adinean jarri du fokua Etxebarrietak. «30-35 urte ingururekin hasten da amaitzen dantza klasikoko dantzarien karrera artistikoa. Flamenkoaren kasuan, 60 edo 70 urterekin dantzatzen jarraitu dezakezu. Gainera, esaten dutenez, flamenkoaren kasuan, orduan eta helduagoa izan, orduan eta hobeto dantzatzen duzu». Bestalde, bata zein bestea dantzatzeko modua oso desberdina dela adierazi du: «Dantza klasikoko konpainia batean dantzari guztiek sinkronizatuta joan behar dute, eta flamenkoan askatasun handiagoa izaten dute; dantzari bakoitzak bere energia pertsonala transmititu behar izaten du. Koreografia bera egiten ari diren flamenkoko bi dantzari elkarren artean oso desberdinak izan daitezke».

Hori bai, edozein dantza mota egiteko forma fisiko ona izatea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Etxebarrietak. «Egunero entseatzen dut etxean prestatutako txoko batean. Hemendik kanpo, Espainiako Estatuan, kultura ez dute hemen bezainbeste baloratzen. «'Hauek nahi dutena egiten dute, gustuko dutena', esaten dute askok. Ados, baina agertoki batean dantza txukun egiteko, aurrez lan handia egin behar da, eta ez al dute horrelakorik pentsatzen?», adierazi du haserre.

 

2010. Berriketan taldearen sorrera


Duela 13 urte sortu zen Berriketan taldea, euskal kulturaren eta flamenkoaren arteko uztartzea helburu zuelarik. Izen bereko emanaldia sortu zuten lehenik, eta beranduago heldu zen 'Arima' (2021).

 

ARIMA. FITXA ARTISTIKOA

Txalaparta: Mikel Aveiro eta Aitor Korta.

Gitarra: Miguel Linares.

Ahotsak: Eider Elorza eta Angel Lopez de Toro.

Perkusioa: Adrian Larrañaga.

Dantza: Askoa Etxebarrieta La Pulga.

Musika ekoizpena: Antonio Lizana.

Koreografia-aholkularitza: Leonor Leal.

Argien diseinua: Ion Chavez.

Letrak: Miren Amuriza, Ruben Sanchez de Bakaikoa eta Aitziber Etxebarrieta.

Dokumentuaren akzioak