Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioarekin bat, aurrera

Dokumentuaren akzioak

Tradizioarekin bat, aurrera

Herriko jai nagusia ospatu dute Otsagabian. Muskildako Andre Mariaren ohorez, besta egin dute baselizan. Lehendabiziko aldiz, zortzi dantzarietatik bi emakumeak izan dira.
Egilea
Itsaso Jauregi
Komunikabidea
Berria
Tokia
Otsagabia
Mota
Albistea
Data
2023/09/09
Lotura
Berria

Maite Barberena eta Rakel Zoko, dantzatzeko prest, Otsagabian.

Maite Barberena eta Rakel Zoko, dantzatzeko prest, Otsagabian. IÑIGO URIZ / FOKU

Txintxarriak entzuten dira Otsagabiko (Nafarroa) Muskilda Andre Mariaren baselizan. Aurpegi guztiak errepiderantz begira jarri dira, eta «badatoz» esan du emakumezko batek. Gizon batek bere eskua erabili du eguzki izpiak desbideratzeko eta dantzariak agertu ote diren ikusteko. Txintxarrien hotsa geroz eta hurbilago dago, baina horiek ez dira herriko dantzariak, txintxarriak eskuetan dituen ume bat baizik. Urtero bezala, autoak pilatu dira herriko baselizan Muskildako Andre Mariaren eguna ospatzeko. Baina aurten tradizioak berrikuntza gonbidatu du bestara; izan ere, lehendabiziko aldiz, emakumeek ere dantzatu dute. Bideoa: Jon Mendinueta.

 

Herriko bideari jarraitu diote dantzariek baselizaren ondoan dagoen harrizko zutabera iritsi arte. Bertan, Muskildako Patronatuko jantziaren azkeneko moldaketak egin dituzte, begirada urdurien artean. Atorra eta galtza zuriak daramatzate, eta gerrian aurretik loturiko zapi zuri handia. Maite Barberena dantzariak jantziak dituen oihal koloretsuak ipini dizkio bere taldekide Rakel Zokori, eta, amaitzeko, biek jarri dituzte katxutxa izeneko txano txikiak, urre kolorekoak.

Santi Goienetxe herriko dantzarien jantziak gordetzeaz arduratu da, eta baselizatik ikusi du zortzi dantzarien prestakuntza. Bere jantzi beltz tradizionalarekin, ilusioz begiratzen die emakumezko bi dantzariei: «Tradizioak aldatzea ez da erraza, baina egin behar den zerbait da. Egunen batean, hau guztia normalizatu egingo da». Harrotasunez begiratu ditu Cristina Etxeberriak, lehendabiziko aldiz bere herriko dantzetan emakumeek leku bat lortu dutelako: «Urte asko aritu dira gizonak bakarrik dantzatzen, eta hori aldatzeko garaia iritsi da».

Zuhaitzen itzalean babestu arren, izerdi tantak erori dira dantzarien bekokietatik. Baselizaren aurrean dantzatzeko unea iritsi da, eta urduritasuna nabaritzen da; jauziak, besarkadak eta, gertaera historiko bat hasi aurretik, azken argazki bat. Maite Barberenak Muskilda izenaren pisua sentitu du sorbaldetan, eta gosaria urduritasunagatik trabatu zaiola onartu du: «Gure bizitza osoan ikusi ditugun dantzetan parte hartzeko aukera dugu orain, eta urduri gaude». 

Urduritasuna ezkutatu, eta aurpegi irribarretsuarekin igo dira baselizaraino, Bobo pertsonaiari jarraituz. Herriko pertsonaia hori zortzi dantzarien zuzendaria da, eta haiekin batera dantzatu du baselizako sarrerara iritsi bezain laster.

Hurrengo pausoa

Ikusleak itzalean babestu dira, eta ausartenak bakarrik jarri dira eguzkiaren parean. Adoretsu horietako bat izan da Minhondo Mixel: «Dantzak maite ditudalako etorri naiz Otsagabira». Boboak egurrezko makilak banatu ditu dantzarien artean, eta, musikariei seinalea egin eta gero, egurraren oihartzuna entzun da baselizaren harrietan.

Modorro dantza egin ondoren, dantzariek baseliza inguratu dute, eta Rakel Zokok aurpegi ezagun bat ikusi du jendartean; herriko bestetan dantzatu zuen emakumeetako bat. Harrotasunez betetako begirada gurutzatu ondoren, Zoko baselizan sartu da. Musika amaitu, eta txintxarrien hotsa entzun da atetik hurbil; oraingoan bai, Zoko eta Barberena dantzariak atera dira, eta txalo beroekin hartu dituzte.

Besarkaden artean hunkituta agertu dira dantzariak, Muskildaren itzal epelean. Zokoren urduritasuna baretu da, eta irribarretsu esan du: «Herriko dantzak gureak ere badira. Gizartea aurrera doa, eta dantzetan hori ikusi behar da».

Dokumentuaren akzioak