Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Telmo Esnal ('Dantza' filmaren zuzendaria): "Ahoz ahokoari esker ari gara aretoetan eusten"

Dokumentuaren akzioak

Telmo Esnal ('Dantza' filmaren zuzendaria): "Ahoz ahokoari esker ari gara aretoetan eusten"

Euskal dantzekin kontatutako fikziozko istorio poetiko eta musikala da Telmo Esnalek zuzendu duen Dantza filma. Aurreikuspenak apurtuta, 30.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute, bost astean. Asteburuan, Arrasateko Amaia antzokian eskainiko dute: etzi, zapatua,19:30ean eta 22:00etan; domekan, 19:30ean, eta astelehenean, 20:30ean.
Egilea
Aitziber Aranburuzabala
Komunikabidea
Goiena
Mota
Elkarrizketa
Data
2019/01/12
Lotura
Goiena

Pozik filmak izan duen harrerarekin?

Gustura nago, batez ere, jendea pozik ateratzen delako zinematik; askok zoriondu gaituzte kalean, baita eskerrak eman.

Euskal aretoetako datuak onak dira.

Hala da; karteldegian jarraitzen du bost astez. Orokorrean, prozesu guztia oso konplikatua izan da, eta zinema aretoetan jartzea ere bai; aretoentzako, apustu zaila zen Dantza, astero estreinaldi asko daudelako, baina jendearen harrera oso ona da, eta horrek sekulako balioa ematen dio lanari. Ahoz ahokoak ondo funtzionatu du eta horrek eragin du aretoetan eusteak.

Bitxia da, filma bukatu ondoren, jende asko aretoetan geratzen da kredituak irakurtzen, ezta?

Askok esan digute dantza batzuk ikusita txalo egiteko gogoa zutela, baina emanaldian ezin txalorik egin, eta bukaeran egiten dituzte; horrek esan nahi du jendea bere egiten ari dela pelikula, eta hori baino gauza politagorik ez dago.

Eta Espainian zer moduz?

Kritika oso onak izan dituen arren, zaila da aretoak lortzea. Madrilen bi aste egin zituen, Bartzelonan astebete, baina gaueko pasean… Berriz ere itzuli nahi genuke Bartzelonara, baina zail dago.

Euskaldunontzako filma dela ulertu da, orduan?

Nik beti unibertsaltasunaz hitz egiten dut, baina egia da gure dantzei buruz hitz egiten dugula; hemen ondo ulertu da, eta, nire ustez, kanpoan ere bai.

Atzerrira eta jaialdietara salto egiteko aukerarik ikusten duzue?

Kanpoko aretoetara eta jaialdietara eramateko lanean ari gara. Azken horrekin harrituta nago; mugitzen ari dela badakigu, baina, oraingoz, emaitza gutxi.

Istorio musikal poetikoa da, hitz bakoa. Zer kontatu gura zenuen?

Herri nekazari baten istorioa da, imaginaria bat, nahiz eta irakurri dudan Euskal Herriaren historia kontatzen duela, baina ez da hala. Gure dantzek naturarekin lotura dute sinbologia aldetik; eta guk sinbologia hori guztiori erabili dugu istorio bat sortzeko. Bi zati nabarmen ditu filmak: lehenengoa oso sinbolokoa da, sagardoa egin artekoa, eta bigarrena herrikoiagoa da. Urbeltzen urtetako ikerketak erabilita sortu dut istorioa. Herri nekazari hori izan daiteke hemen, edo Ukrainan...

Aktoreekin beharrean, dantzariekin jardun duzu. Zer moduz?

Dantza egiteaz gainera, paper txikiak dituzte gehienek. Hasi ginenean, kezka zuten, baina berehala harrapatzen zuten eskatutakoa. Kamera aurrean ez, baina, bestela, ohituta daude taularen gainean igotzen diren bakoitzean interpretatzen.

Asko ikasi duzula diozu; adibidez?

Koldobika Jauregirekin eta Juan Antonio Urbeltzekin gauza asko; era berean, nahiz eta proiektu pertsonala izan, zinema ez dela lan pertsonal bat ere ikasi dut; eta, horrez gainera, zure ideietan tinko mantendu behar duzula aurrera egin ahal izateko.

Filmaren haritik tiraka, dokumental txikiak egiten ari zarete orain.

EITBrentzat egiten ari garen 25 minutuko zazpi dokumental dira, pelikulan azaltzen diren sinbologiak eta dantzak aztertzen dituztenak. Lehenengoa Durangoko Azokan aurkeztu genuen eta esango nuke oso gutxi falta zaigula bukatzeko.

Paraleloan, Agur, Etxebeste! filmarekin ere ari zarete. Zelan doa?

Ondo goaz, irudia muntatzen ari gara; asmoa da pare bat astean bukatzea, eta soinuarekin jarraituko dugu gero. Filma maiatzean edo ekainean prest izango dugula uste dut.

Dokumentuaren akzioak