Dokumentuaren akzioak
Sei koreografo hartuko ditu Atalak 2.0. programaren aldi berriak
Ondorengo koreografoak izango dira Atalak 2.0. programa berrian egonaldia egingo dutenak: Myriam Perez Cazabon, Larrua proiektua eta Martxel Rodriguez, 2019an; eta Denis Santacana, Laida Aldaz eta Eneko Gil, hurrengo urtean. Bi asteko sorkuntza laborategi bana gidatuko du bakoitzak, 8-12 dantzari inguruko taldeak haren esku izanda.
Gaur goizean aurkeztu dute sormen koreografikoa sustatu nahi duen egitasmoaren edizio berria, Dantzaren Nazioarteko Egunaren biharamunean. Eta, hain justu, hori baliatu du Bertha Bermudez Atalak 2.0.-eko koordinatzaileak, "dantzaren profesionalizazioaren" alde egiteko. Azken emaitzan itsutu gabe, Atalak 2.0. programa "laborategi bat" dela azpimarratu du: "Helburua ez da egonalditik lan koreografiko bukatu batekin ateratzea, arakatzea baizik; elkarrizketa bat sortzea dantzariekin, eta ideiak trukatzea, bilaketan sakontzea".
Dantzaz konpainiak abiatu zuen programa, baina urterik urte bazkideak lotzen eta oinarria sendotzen joan da. Programaren sustatzaileak Gipuzkoako Dantzagunea, Donostia Kultura, Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroa, Azkuna Zentroa, Malandain Ballet Biarritz Zentro Koreografikoa, Nafarroako Baluarte Fundazioa eta Gasteizko Antzokien Sarea izan dira aurten; azken hau lehenbizikoz bat da programara.
Dokumentuaren akzioak