Dokumentuaren akzioak
Segura, dantzaren hiriburua

Larunbat honetan jokatuko da 49. Euskal Herriko dantza txapelketa Seguran. Horrekin batera, dantza giroa egun osoan zabaltzeko, Dantza eguna ere antolatu du zortzigarrenez, Segurako Udalak. Hamabi bikote izango dira lehian aurten, iaz baino bat gutxiago. Katerin Artola eta Iker Belintxon iazko bikote irabazleak ez du parte hartuko eta aurten ere, ez dago dantzari goierritarrik parte hartzaileen artean.
Fandangoa eta arin-arina dantzatzeko duten abilezia erakutsi beharko dute dantzariek Baratzeko oholtza gainean. Kriseilu txistulari taldearekin, zortzi pausoko fandangoak eta trikiti doinuz lagunduta, arin arinak eskainiko dituzte hamabi bikoteok. Gaur egun, dantza egiteko teknika garai batekoa baina zehatzagoa da, eta keinuak, hatzeko kriskitinak etab. desagertu egin dira, ia. Xabier Barandiaran, Idoia Besada, Antton Mendizabal, Arantxa Garin eta Gabriel Alonsok osatutako epaimahaiak teknika hauek baloratuko ditu. Dantza egiteko moduaz gain, jantziari ere garrantzia berezia ematen zaio Segurako txapelketan eta Ainhoa Mendiburuk izango du jantzi dotoreenak aukeratzeko ardura.
Txapelketari 18:00etan emango diote hasiera Baratze pilotalekuan. Atsedenaldian, Oinkari dantza taldeak Errotan ikuskizuna eskainiko du. Txapelketa eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez eta EiTBk egun bereko gauean, 22:00etan eskainiko du txapelketa telebistan. Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute saioa eta Anabel Arraizak parte hartzaileei eta epaimahaiko kideei egindako elkarrizketek osatuko dute saioa. Dantza aditu lanetan Haize Hormaetxea leioarra aritu da estrainekoz.
Dantza goizetik iluntzera
Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldean burutuko den arren, goizean zehar ere dantza giroa izango da nagusi Seguran. Dantza eguna antolatu du aurten, zortzigarrenez udalak ohiko egitarauarekin. Segurako Azpilla Dantza taldeak gidatuta, polka erraldoia egingo dute plazan 12:00etan; aurretik, 11:45ean entsegua egingo dute leku berean. 13:00etan, berriz, Tio Teronen Semeak taldeak Haurreskolak emanaldia eskainiko du.
Urtero bezala, Segurako Udalak txapelketaren babesleei «aipamen eta esker berezia» luzatu nahi die, «beraien laguntzarik gabe ezingo genuke txapelketa berezi hau antolatu», azpimarratu dute. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrari, EiTBri, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Irizar Kooperatiba Elkarteari, Orkli eta Ampo enpresei, Kutxabanki eta Segura irratiari eskerrak eman dizkiete, «urtetik urtera txapelketaren mailari eusten» laguntzeagatik.
Euskal Herriko dantza txapelketa, urrezko ezteien bidean
Datorren urtean 50. Euskal Herriko dantza txapelketa jokatuko dute Seguran. Urteurren borobila izango da, atzera begiratzeko eta egindako lan guztia balioan jartzeko data garrantzitsua, ziurrenik. 1977an antolatu zuten Seguran Euskal Herriko dantza solteko lehenengo txapelketa, orduko alkate Guillermo Areizagaren ekimenez; eta 1981ean hitzartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Segurako Udalak txapelketa beti Seguran ospatuko zela. Horrelako ekitaldi bati hasiera ematea «zaila» izan bazen, ez du ahalegin txikiagoa eskatu «urte guzti hauetan maila bikainean iraunarazi eta mantentzea».
Ia mende erdiko ibilbide honetan txapelketak egoera eta ohitura berrietara egokitu behar izan du. 1977tik 1982ra, frontoi zaharrean jokatzen zen txapelketa; 1983an egin zuten lehenengoz Baratze pilotaleku berrian. ETB 1994an hasi zen txapelketa telebistan ematen; zabalkundean eraginez. Datetan ere izan ditu gora-beherak, 1997tik 2008ra arte ekainean, herriko festen baitan jokatu zen txapelketa eta 2009an urrira aldatu zuten, denboraldi amaieran txapelketa nagusia egiteko.
Txapelketaren 25. urteurrenean, Euskal Herriko Dantza Txapelketa 1977-2001 izenburupean liburuxka bat kaleratu zuen udalak eta 2016an, 40. urteurreneko ospakizunean, antolatu zuten lehenengo aldiz Segurako Dantza Eguna; aurten 8.ena izango da. Garaikurrak ere aldatuz joan dira egilez eta itxuraz urte hauetan zehar. 2018ra arte Nestor Basterretxearen eskulturak banatu zituen udalak, 2019tik 2023ra Aitor Ruiz de Eginorenak eta aurten, iaz bezala, Koldobika Jauregirena.
Dokumentuaren akzioak


