Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Potajeren dantza doinuak disko batean jasoak

Dokumentuaren akzioak

Potajeren dantza doinuak disko batean jasoak

Anjel Iriarte Goikoetxea, Potaje, akordeoilaria, konposatzailea eta letra-egilea izan zen. Altsasuar herri musikariak sortutako jota ezagunak sortu zituen eta haiek guztiak disko batean argitaratu dituzte.
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Altsasu
Mota
Albistea
Data
2017/09/08
Lotura
Guaixe

Altsasuko herri-musikaren izen handia da Angel Iriarte Goikoetxea, Potaje. Makina bat ospakizunen soinu banda berak sortua da. Eta hainbat urtez jo ere. Bere lanak beste interprete batzuen diskoetan jasota zeuden. Baina haren familiak dantza doinu horiek jaso ditu eta diskoa argitaratu du: Angel Iriarte, Potaje. Akordeoilaria, konposatzailea eta letra-egilea. Altsasuar musikari xelebrea. Bihar jarriko da salgai (Akelarre, Gautxori eta Urtzi tabernetan, Zumalakarregiko loteria dendan eta Akeita kafetegian) eta 5 eurotan eskuratu daiteke. 

Haren biloba Aritz Jauregi Iriartek azaldu duenez, familiarendako “pozgarria eta hunkigarria” da diskoa ateratzea. “Gustura” egindako lana. Jauregik azaldu digunez, diskoarena langintza “zaila izan da; buelta asko eman ditugu”. Familiak Cruz Mari Martinez izan du bidelagun. Jauregik azaldu duenez, “politena Potajek berak jotako doinuak diskoan sartzea litzateke. Askotan jo zituen baina ez genituen grabatu”. Horren faltan kantak batetik eta bestetik hartu dituzte. “Guztiak lortu ditugu, hori zen garrantzitsuena”. 13 dantza-doinu ditu diskoak. Helburua Potajeren musikak “gure artean segida izan dezala, eta jendeak ezagutu dezala”. 



Diskoa
Akordeoirako sortu zituen Iriartek, baina diskoan haietako bost jota teklatu eta baxu batekin entzuten dira (Isasia, Salsamendi, Ondarria, Idiazazpi eta Larruntza), Jose Mari Augustoren lana da hori. Fran Idareta irurtzundarrak grabatutako beste bost dantza doinu daude diskoan: Bargagain, Fiestas de Alsasua, Romeria de San Pedro, Txoko Maitea eta Pasacalles. Mielotxin folk talde nafarrak Almadierra diskoan sartu zituen Ibarrea eta Zangitu jotak ere diskoan daude. Diskoa Izaskun Andueza akordeoilari lakuntzarraren Beikolar piezaren interpretazioarekin osatzen da. Azken hori zen berak sortutakoen artean Potajeren gustukoena. 

Pieza horietatik guztietatik dozena bat dira Iriartek sortutakoak. Beste bat, kalejira, berak berreskuratutakoa da. “Beste bat berreskuratu zuen. Berarekin hizketan, esan zidan zein zen baina ahaztu egin zitzaidan. Enrike Zelaiak esan zidan uste zuela Jota vasca nº 2 zela, baina ezin zuen ziurtatu”. Horregatik, badaezpada, diskotik kanpo utzi dute. Doinuez aparte hainbat kantaren letrak ere idatzi zituen. Horiek Trasteando taldeak atera dituen antologietan jasota daude. Ricardo Areta eta Fran Perez teknikariak arduratu dira soinuaz eta Elena Vera irudiaz. 



Biografia 
Anjel Iriarte Goikoetxea, Potaje, (1931-11-22 / 2017-05-10) Santa Zezilia egunean jaio zen. Musika zaletasun handia zuen familia xume batekoa zen. Azkar asko erakutsi zuen musikarako trebezia zuela. Txikitatik belarri oso onekoa zen eta sormen handikoa zen. Baina sekula ez zuen musika eskolarik jasotzeko aukerarik izan. Berak esana da: txikitan “kanta guztiak abesten nituen, baina ez nekien neurtzen”. Koxkortu zenean, Orokieta zenak Eslabaren metodoarekin musika erakutsi zion. Anaiak trikitixa zuen etxean eta harekin, eta ondoren anaiak ekarri zituen bi akordeoiekin ikasi zuen hauspoarekin musika egiten Iriartek, bakarrik. 15 urte zituen. Botoidun akordeoiaren zalea, harekin ez segitzearen pena zuen, “benetakoa da, harekin gauza harrigarriak egin daitezke”. Akordeoi batek edonora joateko aukera ematen duela nabarmendu zuen. Autodidakta izanik, sortzen zitzaion musika ezin izan zuen idatzi; hura jendeari instrumentua joz helarazten zion. 

Joan den mendeko 50eko hamarkada aldera, bera eta beste musikari altsasuar batzuk jazbanak sortu zituzten (akordeoia, tronpeta, saxofoi eta bateria). Hala, jendaurrean jotzen hasi ziren, erromerietan, herrietako festetan, ospakizunetan… Premia eta beharren garai zail haietan musikak penak baretu, bizitzak alaitu eta poltsa pixka bat arintzea lortzen zuen. 

1952an soldaduska egin zuen eta han akordeoia izan zuen lagun. Han zela sortuko zuen ¡Vivan los quintos del 52! letra. Ondoren Gautxori orkestratxoa sortu zuen eta izen handia lortu zuen. Urte luzez igandero Zegaman jo zuten. Iriartek bateria jotzen ikasi zuen eta akordeoiarekin tartekatzen zuen. Bere belarri onaz, intuizio ederraz eta sormen gaitasuna erabiliz, akordeoiarekin, bere aurreneko lau jotak sortu zituen 60ko hamarkadan: Romeria de San Pedro, Fiestas de Alsasua, Bargagain eta Txoko maitea. Enrike Zelaiari erakutsi zizkion, jo zitzan eta Festival Vasco diskoaren parte izan zitezen (1967 urtea). 

Iriartek dantza doinuak sortzen segituko zuen. Haietan guztietan armoniak, melodia alaiak, tonu aldaketak eta bestelakoek musika balio handia eman zieten. Iriarteren lana paperera pasatzen lehenak Izaskun Andueza eta Iñigo Aldunate izan ziren. Jose Mari Augustok segitu zien. Altsasuarraren sortze lan guztiak erregistratu zituzten. 

Azken urteetan akordeoia baztertua zuen. 2009ko abenduaren 26an bera eta herri musikariak omentzeko kontzertu berezia egin zen Iortia kultur gunean. Trasteandok antolatu zuen jaialdia eta Iriartek sortutako musika entzun zen. Hura Enrike Zelaiak, Txema Augustok, Mielotxin-eko taldekideek, Nagiro akordeoi laukoteak, Tomas Albizuk, Iñigo eta Imanol Goikoetxeak, Jesus Irisarrik, Joseba Lumbrerasek eta Trasteandok jo zuten. 

Satur Leozi eta Cruz Mari Martinezi emandako elkarrizketa batean azaldu zienez, fundizioko lankide batek jarri zion Potaje izen txikia, “egun hotz batean etxera xerra bazkaltzera joateko desioa agertu zuen hark, nik potaje platera nahiago nuela; eta hortik izen txikia”. 

www.altsasukopotaje.blogspot.com
Potaje omentzeko eta bere musika ezagutzera emateko asmoz sortu da bloga. Altsasuarraren argazkiak, partiturak eta haien grabazioak aurki daitezke bertan.
Potajeri Leozek eta Martinezek egindako elkarrizketa (gaztelaniaz).

Potajeren dantza doinuak disko batean jasoak

Dokumentuaren akzioak