Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Polonesa', Alemaniatik Iruñera

Dokumentuaren akzioak

'Polonesa', Alemaniatik Iruñera

Erraldoien agur dantza polonesa bat da, eta melodia 1970eko hamarkadan ekarri zuten, Iruña Taldeak Alemaniara egindako bidaia batetik. Iruñean erabat errotuta dago musika hori.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2023/07/12
Lotura
Berria

Europako erregina <em>Polonesa</em> dantzaren erritmoan itzuliak ematen, iaz, uztailaren 14ko azkenengo agurrean, Iruñeko Udaletxe plazan.

Europako erregina Polonesa dantzaren erritmoan itzuliak ematen, iaz, uztailaren 14ko azkenengo agurrean, Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Erraldoien dantza. Iruindar askorentzat horixe da Polonesa musika. Melodiaren lehenbiziko notak aditzearekin batera, itzulika hasten dira haurrak, erraldoiak balira bezala. Haiek agur esateko baliatzen dute kanta, eta hirian oso errotuta dago. Hainbeste, hitzak ere paratu baitzizkion Ene Kantak taldeak, eta are gehiago zabaldu Euskal Herriaren luze-zabalean. Askok uste dutenaren kontra, melodia hori ez da Iruñeko erraldoiena; jatorria, behinik behin, ez du Iruñean. Iruña Taldeko dantzariek Alemaniara egindako bidaia batean ezagutu zuten, eta Euskal Herrira ekarri, 1970eko hamarkadan. Baina ez zuten inolaz ere pentsatuko sanferminetako kanturik ezagunenetako bat izanen zela hura. Hain dago errotua, Iruñeko erraldoien agurreko dantza dela esan baitaiteke jada.

Euskal Herriko dantza taldeek bidaia anitz egin dituzte munduan barrena euskal dantzak erakusteko. 1970eko hamarkadan, Thule hirira bisita egin zuen Iruña Taldea kultur elkarteak. Garai hartan, Iruñeko gaiteroekin harreman estua zuten, eta haien emanaldietan gaitekin egiten ziren dantzen doinuez arduratzen ziren. Bidaia hartako oroitzapen ederrak dituzte Iruña Taldekoek eta Iruñeko gaiteroek.

Jose Luis Fraile Iruñeko gaita jotzailea da, eta bidaia horietara joan zen. Oraindik ere erraldoien atzetik ibiltzen da egunero gaita jotzen. Kontatu duenez, folklore jaialdi horretan zenbait herrialdetako hogei talde aritzen ziren, eta dantzari anitz biltzen ziren, hirurehun edo gehiago.

Gazteluan sartzea

«Bazkaltzeko, Webelsburgeko gazteluan elkartzen ginen denak, eta dantza bat eginez sartzen ginen», gogoratu du. Orduan hasten zen melodia hura, motel. Patioan dantza egiten zuten lehenik, iturri baten moduko koreografia, eta gehituz joaten ziren: lau, gero zortzi, gero hamasei... Azkenean, binaka paratzen ziren, eta erritmoari jarraikiz sartzen ziren bazkaltzeko aretoan. «Musika hori aditzen zen etengabe. Zeremonia kutsua zuen ekitaldi hark; polita eta dibertigarria zen». 

Folklore topaketa hartan, herrialde guzietako taldeek musika partekatzen zuten besteekin, eta koaderno batzuetan biltzen zuten. Partitura bazuten, eta melodia buruan iltzatuta. «Musika horrekin bat egin genuen nolabait. Ez dakit zergatik, bat-bateko kontua izan zen: autobusean bururatu zitzaigun musika hori sanferminetan jotzea erraldoiekin batera». Moldaketa txiki batzuekin iruindartu zuten Polonesa: «Zeremonia kutsuko musika hori motel jotzen zuten, baina martxa pixka bat ematen badiozu...». Kantuan hasi da. «Polonesa grazia ukitu dibertigarri bat izan zen».

Ez dakite doinu horren jatorria zein den. «Polonesa poloniar jatorrikoa da, baina Europako erdialdean oso zabaldutako dantza da; beraz, doinu hau alemaniarra izan daiteke, lasai asko».

Dantzan hasi ziren

«Erraldoiak dantzan daude, kilikiak jotzen». Hala esaten dute Ene Kantak taldeak Polonesa-ri paratutako hitzek. 2015ean plazaratu zuten, eta haurrek berehala bere egin. Baina 1970eko hamarkadan erraldoiek ez zuten dantzatzen orain egiten duten moduan. Frailek kontatu duenez, «jarrera militarra» zuen udaltzain batek gidatzen zuen konpartsa, eta langile jendeak eramaten zituen erraldoiak, «beharra» zutenek. Are, sanferminetan bestelako lanak egitea egokitzen zitzaien.

«Lehen, ez zekiten erraldoiak dantzatzen; eraman egiten zituzten. Ahal zutena egiten zuten», zehaztu du Frailek. «Bestela mugi zitezen nahi genuen». Hala, Angel Larunbe hasi zen «beste izpiritu bat» ematen konpartsari, dantzatzeko manera ezarrita. Fraile kontent agertu da: «Polonesa gure ekarpen txikia izan zen, baina ez genuen inolaz ere pentsatuko hau gertatuko zenik».

Dokumentuaren akzioak