Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka PDF, proposamen berri bila

Dokumentuaren akzioak

PDF, proposamen berri bila

Pasaiako Dantza Festibalaren zortzigarren ekitaldia 2026ko ekainaren 11tik 14ra bitartean izango da, eta egitaraua osatzeko helburuarekin, proposamenak jasotzeko deialdia ireki dute.
Egilea
Mikel Del Val Garcia
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Pasaia
Mota
Albistea
Data
2025/10/17
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Pasaiako Dantza Festibalaren (PDF) zortzigarren ekitaldia 2026ko ekainaren 11tik 14ra bitartean izango da, Antxoko kaleetan. Sustatzaileak hasi dira jada datorren urteko jaialdia prestatzen, eta egitaraua osatzeko helburuarekin, proposamenak jasotzeko deialdia ireki dute. Hori dela eta, PDFren zortzigarrenean parte hartu nahi duten Euskal Herriko sortzaile eta dantza konpainiei dei egin diete eskaintzeko prest izango dituzten lanen berri emateko.

Antolatzaileek adierazi dute bilketa hori baliagarria izango zaiela euskal konpainien egungo egoera eta beren dantza sorkuntzak ezagutzeko. Horrez gain, jaialdiaren egitaraua osatu ahal izango dute.

Sustatzaileak jaialdi parte hartzaile, parekide eta integratzaile bat sortzeko ahalegina egiten ari dira. PDFren helburua da dantza gizarteratzea eta ikusle berriak erakartzea. Dantza sortzaileen lanak erakusteaz gain, dantza herritarrei gerturatzeko tailer, erakusketa eta hitzaldiak ere antolatzen dituzte jaialdiak irauten duen denboran.

Proposamen gisa Euskal Herriko zazpi probintzietako sortzaile eta konpainien obrak onartuko dituzte. Iraupen motz zein ertaineko piezak izan beharko dira, kalean zein ezohiko espazioetan interpretatzeko. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 14ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek inprimaki bat bete beharko dute.

Dokumentuaren akzioak