Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pazko Igandea Garazin eta Luzaiden

Dokumentuaren akzioak

Pazko Igandea Garazin eta Luzaiden

Apirilaren 1ean Donibane Garazin iragan zen Aberri Eguna bisitatu zuen Aurkenerenak. Ondotik, autoa hartu eta Luzaideko Bolant Egunaz gozatzeko parada izan zuen. Bi ekimenaren nondik norakoak eta berezitasunak plazaratu ditu Eleka sailean.
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta.eus
Mota
Iritzia
Data
2018/04/12
Lotura
Kazeta.eus

Larunbatean Azeriaren Ezteiak izan ziren nagusi. Uharrak eta orziak eguzkiarekin eta zeru ateriarekin aldizkatu ziren egun osoan zehar. Ortzadarra ere tarteka ikusi ahal izan genuen uztai koloretsuaz bazterrak alaitzen. Guri, Urruñan, bat-bateko tximista bortitz batek ordenagailua matxuratu zigun. 

    Igandea, berriz, eguzkiaren argitasunaz iratzarri zen, eta txoriak txio-txioka ari ziren zuhaitzetako adarretan. Pazko Igandea zen, Aberri Eguna, eta ikurrina etxeko terrazan eskegi ondoren, Donibane Garazira buruz abiatu ginen. Bederatziak eta erdirako Uharte-Garazi eta Donibane Garazi bereizten dituzten azken metroak zeharkatu eta merkatu aldean aparkatu genuen. Jadanik, dena prest zegoen euskaldunen egun handiaren ospakizunerako. Hegoaldean ospakizuna hiriburuan zen, Iruñea zaharrean, eta Iparraldean, aldiz, Donibane Garazi ederrean. Karrika eta ostatuetan giro polit eta euskalduna ikus zitekeen. Aberri Eguna izateaz gain, udaberriak aurten, negu luze, euritsu eta hits baten ondoren, eskaini digun lehen egun ederra ere bazen. Ostatuetako terrazetan jendea eserita zegoen, kafea hartzen, eta karrika bazterretan adiskide multzoak berriketa alaian ari ziren. Guk ere txokolate bero bat hartu genuen.

    Merkatuaren inguruetan erakus-mahaiak paratuta zeuzkaten eta Bakearen Artisauak, Bizi, Los Baskos, AEK, Seaska, LAB, Nafarroa Oinez, ELB, Laborantza Ganbara eta horrelako herri-kolektiboek euren propaganda eta materiala zerakusten, eta bertaratu jende ugari horiei begira zen jakin-min handiz. 

    Hamaiketan, Anhauzeko basa joaldunak agertu ziren. Horien gibelean, hainbat gazte, independentziaren aldeko pankarta bat eramanez, kokatu ziren. Manifestazioaren burua zen. Haien atzetik ikurrinak eta nafar banderak zeramatzaten lagun franko, eta ondoren, euskal lurraldeen ezkutu edo erredolak zeramatzatenak. Independentzia aldarrikatzen zuten oihuen erritmoan, bazterrak betetzen genituen gainerako guztiok manifestaziora sartu ginen. Oren batez, Nafarroa Behereko hiriburuaren karrika eta plazak korritu ondoren, merkatura itzuli ginen, berriz ere. Eta bertan, merkatu barruan izan zen ekitaldi politikoa. 

    Ohiko agurraren ondotik, Kataluniatik etorritako hautetsi batek katalan eta euskal errepubliken alde mintzatu zen gartsuki,  entzuten ari ginenon bihotzak grinaz eta esperantzaz betez. Ondoren, Odei Barroso urruñar bertsolariak eta Oihan Indart dantzari baigorriarrak Euskal Herriaren askatasunaren aldeko aldarriak zabaldu zituzten rap musikaren laguntzaz. Eta bukatzeko, Aintzina gazte mugimenduko eta EHbai koalizio abertzaleko ordezkari banak egunari buruzko azalpenak eta urtean burututako borroken laburpena egin zuten. Gero aperitifaren tenorea iritsi zen, eta jendeak ordu-bietan hastekoa zen herri bazkarirako txartelak erosteari ekin zion. Bazkalosterako baziren hainbat kontzertu programatuta.

    Guk, aldiz, bestelako xedea genuen buruan. Autoa hartu eta Luzaide aldera ginen abiatu Bolant Eguna ikusteko asmoz. Hogei minuturen buruan Luzaiden ginen. Ordurako herria autoz mukuru zen eta goizeko ekitaldiak guztiz amaituta. Granada baserriaren parean, eroritako enbor handi baten inguruan, bazkaldu genuen, eta geroxeago kafea, lagun-giro ezin hobean, Ardandegi izeneko ostatuan edan genuen.

    Arratsaldeko ekitaldia bostetan hastekoa zen, Arretxe pilota-plaza estalian. Lauetarako baziren ilara luzeak ate nagusiaren aitzinean. Bostak irian, zaldizkoak jendez gainezka zegoen frontoira sartu ziren. Horien gibeletik zapurrak, ziganteak, euskal ikurrina eta Luzaideko bandera zeramatzaten banderariak, makilariak, bolantak, neskak eta zirtzilak. Osora ehun eta laurogei lagun inguru, zahar, gazte eta haur, gizon eta emakume. Ohiko itzuliak egin zituzten bolanten doinuaren erritmoan dantzatuz. Herri oso bat dantzan! Jendeak txaloz hartu zituen. Ikusleen artean, gehien-gehienak luzaidarrak baziren ere, baziren ere auzo herrietatik etorritako ainitz, Arnegitik, Donibane Garazitik…, eta gainerako herrietatik. 
Luzaide historiaz, kulturaz eta euskalkiz baxenafarra da, gaur espainol kolonizatzaileen hatzaparretan den herri baxenafar bakarra. 

    Bi oren eta erdiz ohiko dantzetan airoski aritu ziren: mutxikoak, xibandriak, hegi, euskaldunak eta sorginak, zazpi jauziak, kadrilak… eta bukatzeko, plazaren inguruko azken itzulinoak. Dantzariak kapelua eskuaz astinduz agurtu ziren eta ikusleok esku-zartaz eskertu genuen. Hori eta gero, neguaren eta udaberriaren arteko borroka sinbolizatzen duen ekintza izan zen, Bi zirtzilek, puxikaz armaturik, herriko hainbat gazteri aurre egin zieten, zartako ederrak, behin eta berriz, banatuz. Azkenean, udaberria izan zen garaile, gazteek zirtzilei hostoz eta adarrez beteriko neguko apainduriak tiraka erauzi zizkietenean. 

    Bolant Eguna inautean erroturiko ekitaldia da, eta horrela ulertu beharra daukagu neguaren eta udaberriaren arteko borroka hau. Gauza bera gertatzen da Nafarroa Behereko hainbat herritan ospatzen dituzten libertimenduetan, Donibane Garazin, Amikuzen, Irisarrin… Horren ondotik, dantza jauziak denontzat. Jendea frontoira jaitsi eta urratsei jarraituz, ordu betez aritu zen dantzan, baita gu ere, prefosta!  

    Bederatziak irian, itzultzeari ekin genion. Autoetara joatean, herri afarirako prestatzen ari ziren paella erraldoiak ikusi eta usaindu genituen. Bertan afaltzeko gogo bizia piztu zitzaigun arren, Luzaidez eta Bolant Egunaz agurtu, autoetan sartu eta etxeko bideari lotu gintzaizkion. Gauza guztiek badute hasiera eta amaiera, eta huraxe zen guretzat Pazko Igande eder horrekin bukatzeko tenorea.

    Euskal Herriak bizirik dirau, eta luzaz horrela jarraitu nahi duela garbiki azaltzen digu, behin eta berriz. Mugitzen den herriari ez zaio goroldiorik atxikitzen.


Urruñan, 2018ko apirilaren 4an.

98

Joseba Aurkenerena iruditan.

Dokumentuaren akzioak