Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Pasatxo' omenduko dute bihar Igartzako Dantzarien Kofradiako kideek

Dokumentuaren akzioak

'Pasatxo' omenduko dute bihar Igartzako Dantzarien Kofradiako kideek

Kapitulua bihar izango da. Ohiko formatura itzuliko da: udaletxetik desfilean irtengo dira, banderarekin, 12:00etan, Igartza multzoraino. Igartzako edukiera mugatuta egongo da
Egilea
K. Garralda Zubimendi
Komunikabidea
Goierroko HItza
Tokia
Beasain
Mota
Albistea
Data
2021/09/10
Lotura
Goierroko HItza

Igartzako Dantzarien Kofradiaren eguna izango da bihar. Hamabosgarren ekitaldia izango da. Ohiko formatua berreskuratuko dute: 12:00etan, udaletxetik bandera hartu eta desfilean abiatuko dira Igartzaraino. Ezpata-dantza saioa egingo dute bertan, osorik. Iaz ez zuten desfilerik egin eta ezpata-dantzaren zatirik esanguratsuenak besterik ez zituzten dantzatu.


Xabier Sarriegi Pasatxo dantza-maisuari keinu bat ere egingo diote. Ezpata-joko bat egingo dute bere omenez. Pasatxo Kofradiako Ohorezko Kide izendatu zuten 2016an, eta banderazale lanetan ere urteetan jardun zuen. Urtarrilean zendu zen, 62 urterekin, bihotzekoak jota.

Igartzako edukiera mugatuta egongo da. Ikusleek eserita ikusi beharko dute saioa, musukoarekin. Pilaketarik sortu ez dadin garaiz ibiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Igartzara 12:30ak aldera iritsiko direla aurreikusten dute.

Ikasturte hasiera

Aurtzaka dantza taldekoentzat Igartzako Dantzarien eguna ikasturte hasiera izaten da. Halere, taldeko gazteenak aste honetan hasi dira entseguekin.

Ikasturte hasiera betea dute aurretik: datorren astean, larunbatean, Basaurira joango dira, Euskal Herriko Dantza Agerketara. Euskal Herriko dantza ezberdinak biltzen ditu agerketak. Aurtzakakoek ezpata-dantzarekin hartuko dute parte. Basaurin izango diren bigarren aldia izango da. Social Antzokian izango da emanaldia, 19:00etatik aurrera. Urrian udazken kulturalari ekingo diote.

EGITARAUA

12:00. Bandera jasotzea, udaletxean.
12:05. Ezpata-dantzaren segizioa, plazatik Igartzaraino.
12:30. Ezpata-dantzaren saioa, Igartzan. Eserita jarraitu beharko da eta edukiera mugatua izango da.

Dokumentuaren akzioak