Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Orekariak sokan dantzan

Dokumentuaren akzioak

Orekariak sokan dantzan

Funanbulistak, alanbre edo soka gaineko dantzariak... eta jaioko direnak. Gorputzaren desorekan oreka bilatzen du Garazi Pascualek. Paradoxikoa bada ere, «seguruago zapaltzen» laguntzen dio burdinazko hari gainean ibiltzeak.
Egilea
Unai Etxenausia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2023/11/01
Lotura
Berria

Garazi Pascual kable gainean dantzan.

Garazi Pascual kable gainean dantzan. BERRIA

 

 

Ez da praktika modernoa. Antzinako Grezian bazeuden soka gainera igotzen ziren ausartak. Atenasko Akropolian ibiltzen ziren, eraikin batetik bestera soka gainean mugitzen. Sokako dantzariak ziren. Geroago, Erromatar Inperioak garatu zuen artea izan zen. Funis (soka) eta ambulare (ibili) hitzekin izendatu zuten. Ordutik, mendez mende mantendu den praktika izan da kable edo soka gaineko oreka. Bazterrekoa da oraindik ere, baina bidea egiten ari da poliki-poliki.

Airean dagoen alanbre edo soka mehe baten gainean ibiltzeko artea da. Historikoki zirkuarekin lotuta egon da, nahiz eta azken urteetan asko eboluzionatu duen. XX. mendearen bigarren erdialdera arte, espazio publikoetan, zirkuetan eta entretenimendu aretoetan aritzen ziren kable gaineko orekariak. Baina Philippe Petit funanbulistak dena aldatu zuen.

Lehenbizikoz, soka gaineko oreka komunikabideetako lerroburuetara eraman zuen Petitek. Funanbulismoaren historian gogoratzen den erronkarik ikusgarriena egin zuen frantsesak: 1974ko abuztuaren 7an, inoren baimenik gabe, New Yorkeko (AEB) World Trade Centerreko Dorre Bikien arteko distantzia —42 metro luze eta 400 metrotik gorako altueran— zeharkatu zuen behin baino gehiagotan, atxilotu egin zuten arte. Oraindik ere gogoratzen den balentria da. Man on Wire (James Marsh, 2008) film dokumental ospetsuan kontatzen da.

Soka gaineko ikuskizun ikusgarriez gozatzeko, baina, ez da Euskal Herritik kanpora joan behar; ezta iraganeko pasarteetara ere.Orekariek, Garazi Pascualek besteak beste, arriskuz eta emozioz beteriko ikuskizunak egiten dituzte. Egun, Euskal Herriko alanbre gaineko dantzari sonatuenetariko bat da.

Gurasoak gaztaginak zituen, eta haiekin joaten zen Erdi Aroko azoketara gazta saltzera-eta. «Azoketako musikariekin eta malabaristekin aritzen nintzen, diaboloarekin-eta jolasean». Halere, geroago, Italian hasi zen kable gainean dantzan, 2009an. Zirkuko diziplina guztiak probatu zituen, bat aukeratu ahal izateko, eta, konturatzerako, kable gaineko oreka egiten hasi zen. «Hegan» egiten duela sentitzen du ordutik.

Funanbulismoa, eta beste

Dena ez da funanbulismoa. Soka gaineko orekari guztiak ez dira funanbulistak, denei funanbulista deitzeko ohitura zabaldu den arren. Beste diziplina bat bereizi behar da kable gaineko oreka jardueraren barruan: alanbre gaineko dantza. Pascualek egiten duen diziplina da. «Bi metroko altueran, sei metroko kable baten gainean dantzatzen dut nik. Kablearen gaineko akrobata dantzaria naiz. Funanbulismoa ere egin dut, baina beste gauza bat da», bereizi ditu.

Antzekoak dira oinarrian. Espazioa da ezberdintasun nagusia. «Aire zabaleko lekuetan egin ohi da funanbulismoa. Oso altuera handietara igotzen dira, eta distantzia luzeagoak egiten dituzte», jarraitu du orekariak. Bost eta hogei metro arteko luzera eta 30 kilorainoko pisua duen pertika erabili ohi dute funanbulistek oreka mantentzeko. Askok, ordea, esku hutsik eusten diote orekari.

Sokaren gainetik ez jausteko zailtasuna berdintsua da bi diziplinetan, akrobatek antzeko teknika erabiltzen baitute. Gorputzaren pisu gehiena haien hanken, besoen edo soka eusteko erabiltzen ari diren gorputzeko atalera mugitzen dute. Hori da teoria. Pascualek azalpen sakonagoa eman du, oreka lortzeko desorekarekin jolasten baitu hark: «Artea da. Ez da oreka absoluturik existitzen, desorekarekin jolasten dugu. Lasaitasuna behar da goian mantentzeko».

Orekari modernoak

Soka batera igotzen den orok, ordea, ez du helburu artistiko bat bilatzen. Izan ere, kirol praktikan oinarritzen den diziplina da kirol malgua. XXI. mendean modan jarri den kable gaineko orekarien aldagai modernoena da. Slackline moduan egin da ezagun, eta arrisku txikiagoarekin bi zuhaitz edo posteren artean altuera txikian ere praktikatu daiteke. Soka bat eta bi toki finko. Besterik ez da behar slackline egiteko. Soka luzea alderik alde jarri, igo eta batetik bestera igarotzean datza, orekarekin dantzatzean, alegia. Ez da lan erraza, baina edozeinen eskura dagoen jarduera fisikoa da.

1960ko hamarkadaren hondarrean sortu zen slackline-a, Kaliforniako (AEB) Yosemite parkean. Adan Grosowsky eta Jeff Ellington eskalatzaileak hasi ziren, eta hastapenetan han egiten zen soilik. Euskal Herrian, Iñigo Larrañaga Txirrita, Joxe Felix Hormaetxe eta Aitor Garitaonandia Ajillo eskalatzaileak izan ziren jarduera horri heltzen lehenengoetarikoak. Slackline jardueraren hastapenetan aritutako hiru eskalatzaileak Yosemitera joan ziren 2010ean orekarekin dantzatzera. Garai horren inguruan marketin kanpaina handia egin zuen. 

Oinarrian, funanbulismoaren edo alanbre gaineko dantzaren teknika antzekoa behar dela esplikatu du Pascual orekariak. Hori bai, baditu berezitasun batzuk: soka zabalagoa da, eta oso tenkatuta egoten da. Beraz, alboetara mugitzeaz gain, gora eta behera mugitzen da. Zirkularra da sokaren mugimendua», azaldu du. Pascualen ustez, ordea, artistikotik gutxi dauka soka malguak. «Salbuespen artistikoak» daude, hori bai: «Slackline-a kirol diziplina bat eta zaletasun bat da. Ez nuke esango arte asko egiten denik diziplina horretan. Sortu dira performanceak, baina gutxi oraindik».

Antzinatik, zirkuko artea

Euskal herrian, batez ere soka gaineko orekaren alde artistikoak eboluzionatu du gehien azken urteotan. Zirkuaren munduan sartuta dago Estefania de Paz aktore eta dantzari iruindarra. Bere burua ez du akrobatatzat jotzen, baina asko estimatzen duen artea da, «zirkuaren munduaren parte» baita harentzat. Are gehiago, Pascualekin eta Lorena Arangoa clown aktorearekin elkarlanean, Remigia Etxarren Argako erregina funanbulista iruindarrari buruz idatzitako antzezlana sortu zuen.

Etxarren lehen mailako zirku artista bat izan zen, emakumeentzat etxetik kanpoko mundua debekatua zegoen garai batean. 1853an sortu zen, eta 1921ean hil. Etxarrenen heriotzaren mendeurrena baliatu zuen Estefania de Paz aktoreak, 2021ean: «Europa osoko zirkuko artistarik kotizatuena izan zen. Baina emakumea zenez eta zirkuan lan egiten zuenez, garai hartan eta orain ere diziplina marjinala denez, jende askok ez du ezagutzen. Baina zirkuko emakume artista askori ireki zigun bidea. Omendu nahi izan nuen».

Pascual zirku artistak antzeztu zuen Etxarren. Haren inguruko liburua aurkezteko ekitaldian, burdin harira igo zen, eta De Pazen antzezlanerako Gorka Pastorrek idatzitako musikak ezarritako erritmoari jarraitu zion haren dantza ariketekin eta akrobaziekin.

Pascual 18 urterekin hasi zen zirkuan, Iruñeko Oreka eskolan. De Pazek Argako erreginari buruzko ikuskizuna egin arte, ordea, ez zuen Etxarrenen inongo berririk. «Haren berririk ez zaigu iritsi. Pena da, emakumea zelako ahaztu egin baitugu», onartu du.

«Zorionez, zirkua eta bereziki orekarien jarduna poliki-poliki zabaltzen ari dela uste du Pascualek». Hala eta guztiz ere, orekariak badaki lan handia egin behar dela publiko zabalera gerturatzeko: «Gero eta hurbilago gaude jendearengandik. Artea eta kultura indartzeko ahalegina egiten ari dira, eta jendeak erantzun eta babestu egiten du. Oraindik gehiago hedatu behar da, hori bai».

Arriskuan, baina aske

Zaleak geroz eta gehiago dira. Zailagoa da Euskal Herrian edozein kable gaineko oreka diziplina praktikatzen duen jendea aurkitzea. Horrek dakarren zailtasuna eta arriskuak izan daitezke arrazoi nagusia. Izan ere, lotuta egon ala ez, sokaren gainekoa arriskuan dago.

Guztiz saihestu ezin daitekeen zerbait dela ziurtatu du orekariak: «Beti dago arriskuren bat, dena ezin da kontrolatu. Akrobata trebea bada, ahalik eta gehien minimiza daitezke, baina edozer gerta daiteke».

Ez da arazo bat harentzat, «zirkuaren esentzia» baita hori; «norberaren kontrola lantzea libre sentitzeko». Hein handi batean, daukaten ausardiagatik miresten ditu De Pazek: «Arte arriskutsua iruditzen zait, kable gaineko orekariek bizitza jokoan jartzen dute aldiro. Horregatik maite ditut zirkua eta jende ausarta».

Arriskuak arrisku, lurrari lotuta dagoela sentitzeko igotzen da sokara Pascual: «Kableek segurtasunez zapaltzen laguntzen didate. Ni neu sentitzen naiz airean»
.

Dokumentuaren akzioak