Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Orbeldi D.T. plazatik pantaila handira gaur, “Dantza” filmari esker

Dokumentuaren akzioak

Orbeldi D.T. plazatik pantaila handira gaur, “Dantza” filmari esker

Usurbilgo dantza taldekoak plazan bakarrik ez, ostiral honetatik (abenduak 21) pantaila handian ikusi ahalko ditugu. Abenduaren 21 honetan estreinatuko dute Telmo Esnalen “Dantza” filmean hain zuzen. Iazko maiatzean Leitzan egin zen proiektu honetarako grabazioan parte hartu zuten Orbeldi D.T.-ko kideek. Lerrootan elkarrizketatu ditugu.
Komunikabidea
Noaua
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/12/21
Lotura
Noaua

Fima ikusi duzue jada. Ze inpresio izan duzue?
Orbeldi Dantza Taldea:
Berezia da. Ez dago hitzik. Dantza eta musikaren bidez, sorkuntzatik bizia nola garatzen den kontatzen du. Hor Juan Antonio Urbeltzen interpretazioa dago, dantzak nondik sortu ziren. Interpretazio bat denez, berezia da.

Beste ikus-entzunezko lan askotan, bigarren maila batean gelditzen diren dantza eta musika erdigunean jartzen ditu “Dantza”-k.
Izenburuak aipatu moduan, horretan zentratzen da. Betidanik egin diren dantza horiek, Urbeltzek emandako logika batean bildu, eta hari baten bidez egiten da kontakizuna. Ikustera doanak ez dezala pentsatu, film baten hasiera, korapiloa eta ondorioa aurkituko dituenik. Pentsamendu irekiz joan behar zarete ikustera.

Ehunka lagun ageri dira dantzan.
Guk parte hartu genuen eszena izan zen dantzari gehien biltzen zituena. Herriko plaza, eta festa bat irudikatzen zuen. Berrehunetik gora izango ginen. Oso bitxia izan zen, betiko dantzak hala ikustea, jantzi desberdin eta bereziekin.

Iaz Leitzan eginiko grabazioan parte hartu zenuten. Nolatan jaso zenuten egitasmo honetan parte hartzeko gonbita?
Lasarteko dantza taldeari heldu zitzaion gonbita. Ezagunak ditugu. Jendea behar zutenez, asko pentsatu gabe joan ginen grabaziora. Aurretik, bi egunetan bi entsegu saio egin genituen Lasarteko Landaberri-Garaikoetxea ikastolan, bertako Erketz taldekoekin. Filmeko dantzari protagonista batzuk etorri zitzaizkigun irakastera.

Pare bat entsegu eta graketa platora.
Grabazioa asteburuan zen eta aurretik, aste horretan ile-apainketa lanak egin eta arropa probatzen aritu ginen. Dena eginda zuten; probarazten zizuten jantzia, ilea nola eraman behar zen. Argazkiak atera eta dena prest uzteko grabazio egunerako.

Film bat nola ekoizten den barrutik ezagutu duzue. Minutu gutxi batzuetan film batean agertzeak zenbat lan eskatzen duen, horren kontzientzia hartuko zenuten.
Hiru bat minututan aterako gara filmean. Baina horretarako bi egun oso eman genituen Leitzan. Film bat ikustean denok dakigu aurrez prestatu eta landua dagoela, eta hor atzean lan handia dagoela. Kasu honetan bezala. Detaile txikiena ere zaindu dute. Gu ere dantzari bezala oso zainduak izan ginen.

Film honetan estetikak garrantzia handia du, mugimenduak eta dantzak aurkezteko moduak?
Kolore oso biziak daude film guztian zehar. Arropak eta orrazkerak ere zoragarriak ziren, oso bereziak. Babarrun artoarekin eginiko lepokoak zituzten. Polita, berezia.

Ekoizpen prozesua barrutik bizi ostean, filma bera orain beste begi batzuekin ikusten duzue?
Bai. Agian bestela arreta jarriko ez zenukeen gauzetan jartzen duzu. Filma ikusterakoan oroitzen dugu, grabaketa unean bizitakoak eta guk ikusi genuen zati hori nola txertatu duten filmean.

Zuen zatia nola txertatu duten gustatu zaizue?
Bai. Donostiako Zinemaldia baino astebete lehenago, Principe zinema aretoan ikusi ahal izan genuen filmean parte hartu genuenok. Dantzari asko bildu ginen. Egia esan gogotsu ginen ikusteko. Guri aspaldi grabatu genuela iruditzen zaigu, pentsa beraientzako, lan prozesu oso luzea izan da.

Dantzen aurkezteko moduari dagokionean, film honek Dantza Eguneko gaueko ikuskizunerako ideiak eman dizkizuete?
Atera genituen ideia batzuk. Trikimailu ezberdinak ikasi genituen; ze gauza gutxirekin ze gauza politak egin daitezkeen. Materiala nola berrerabili duten. Gure eszenan erabilitako jantzien zatiak filmeko beste zati batzuetan identifikatu genituen, beste modu batera jarrita.

Euskal Herriko dantza mugimenduaren ispilu ere bada neurri batean film hau?
Bai ze oso toki desberdinetako dantza taldeak bildu ginen. Oso leku ezberdinetan grabatu zen gainera; Leitzan, Bardeetan, Arantzazun, Zarautzen… Filmak aurkezten digun estetika euskal dantzekin lotzea pentsaezina da. Azken eszena harrigarria da.

Dantza munduari zer ekarpen egin diezaioke edo ze arrasto utziko du filmak?
Filma muntatua dagoen bezala eta duen irakurketarekin arrastoa utziko du. Lehengo dantzak dantzatzeko beste era bat badagoela. Estetika aldatuta, beste dantza estiloekin esperimentatu gabe. Filmak orain artekoa iraultzen du, buelta bat ematen dio guztiz. Ezin jakin ze ibilbide izango duen filmak baina gure kultura esportatzeko modu polit eta erraza izango da. Film horretan dago gure musika, gure dantza; zure interpretazioa egin dezakezu, eta filmean kontatzen diren sentsazioak bizi dituzu.

Talde bezala, Orbeldi D.T.-rentzat pozgarria izango zen, “Dantza”-n parte hartzea. Zer ekarpen egiten dio filmak Orbeldiri?
Filmaren kredituetan dago Orbeldi, bada zerbait. Gure izenak eta Orbeldirena hor dago kredituetan. Jada Orbeldik film honetan parte hartu zuela esan liteke. Bestalde, Leitzako grabaziora dantzari taldetxo bat joan ginen. Ordu piloa pasa genuen batera, eta gure harremanetarako oso ondo egon zen. Oso esperientzia polita bizitzeko aukera izan genuen.

Zergatik joan behar dugu “Dantza” ikustera?
Dantza munduaren inguruan beste ikuspegi bat ematen duelako, ez ikuspegi folklorista. Gero horren inguruan baloratu dezakezu gustuko duzun edo ez. Nahi duenak ikusi ikustera joan, merezi du. Pentsamendu ireki batekin joan behar da.

Orbelditik, 2019ra begira ze berri duzue?
Dantza Eguna, apirilaren 13an ospatuko dugu. Lanean ari gara bai dantzarekin, bai musikarekin. Gainerakoan, ikastaro guztiak martxan daude. Orain, urteko balantzea egiten gabiltza.

Dokumentuaren akzioak