Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Musukoak ez die irribarrea kenduko Inude eta Artzainei

Dokumentuaren akzioak

Musukoak ez die irribarrea kenduko Inude eta Artzainei

Iazko hutsunearen ondoren, bueltan dira Inude eta Artzainak. Igandean hiriko kaleetan barrena desfilatuko dute, 25.enez gainera. Urteurrena biribiltzeko, bi lagun berri izango dituzte alboan.
Egilea
Imanol Saiz
Komunikabidea
Bidasoako Hitza
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2022/02/18
Lotura
Bidasoako Hitza

 

2020an desfilatu zuten Inude eta Artzainek azkenekoz Irunen, pandemia iritsi aurretik.

Aurten bai, Inude eta Artzainek Irungo kaleak musikaz, dantzaz eta kolorez apainduko dituzte. Pandemiak iazkoa bertan behera utzarazi zuen, baina igande honetan bai, dantzariek eta haien kuadrillak ohiko desfilea egingo dute. Berezia izango da etzikoa, 25. urteurrena beteko baitu Eraiki Dantza Taldearen kale emanaldiak.

«Gogo handiz gaude aurten. Luze egin zaizkigu bi urte hauek», aitortu du dantza taldeko kide Ane Iguiñizek. Azaldu duenez, udalak kontrakoa esaten ez badu, musukoa eraman beharko dute dantzari eta pertsonaiek, eta haien arteko distantzia ohikoa baino handiagoa izango da. «Pena da horrela ospatzea 25 urteak, zerbait berezia egin nahi genuen baina ezinezkoa izan da», zehaztu du.

Urtean zehar askotariko dantza saioak egiten ditu Eraiki Dantza Taldeak, baina igandekoa «oso berezia» dela aitortu du irundarrak. «Oso berezia da dantza taldeko kideentzat, egun seinalatua da guretzat, baina baita irundarrentzat ere. Kalera ateratzen gara, hartu-emana dugu herritarrekin, eta hori da politena azken batean».

Zalantzarik gabe, Irungo kultur agendan txoko bat egin du desfileak, Inauterietako ospakizun kutunenetakoa dela esan daiteke. Baina ekitaldi esanguratsu bilakatu arte, borroka luzea izan dute dantza taldekoek. «Euskal kulturarekin zerikusia duten egitasmoak mantentzea oso zaila da Irunen. Euskal dantza ez dago modan, eta urtez urte zailagoa egiten zaigu dantzariak lortzea. Heldu asko uzten joaten dira, eta zaila da erreleboa lortzea». Horregatik gazte zein helduei haiekin batera aritzeko gonbita egin die dantzari irundarrak.

Oztopoak oztopo, aurten 25 bat bikotek dantzatuko dute desfilean, eta pertsonaia ugari izango dituzte alboan. Urteurrena biribiltzeko, bi pertsonaia berezi batuko dira kuadrillara: Irungo Atsegiñako bi erraldoik ere desfilatuko dute aurten.

Egitaraua
12:10ean aterako dira Santiago kaletik. San Juan plazan geldialditxoa egingo dute, eta azkenik, Zabaltza plazan dantzari helduek ohiko errepresentazioa eskainiko dute. 13:00etan izango da emanaldi hori.

Dokumentuaren akzioak