Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mozorroak berreskuratzera

Dokumentuaren akzioak

Mozorroak berreskuratzera

Inauterien funtzioari eta sinbologiari buruzko hausnarketa prozesu bat hasi dute Igorren, egitasmo handiago baten barruan. Aurten etxeko elementuekin mozorrotzeko deia egingo diete herritarrei. Lanketa egiten ari direnek uste dute kontsumismoak indar handia hartu duela jaiotan.
Egilea
Natalia Salazar Orbe
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Tokia
Igorre
Mota
Albistea
Data
2022/02/18
Lotura
Bizkaiko Hitza

Mozorroak berreskuratzera

Atzean geratzen ari dira aratusteetarako etxeko ganberan aspalditik gordetako arropa zaharrak hartu, soinean jantzi eta kalera ateratzeko ohiturak. Norbere identitatea ezkutatu, sarri asko, aurpegia estalita, eta nortasuna transformatuta negua lozorrotik esnarazi, eta eguzkiaren epeltasunari eta lurraren emankortasunari dei egin izan diete urteetan batean eta bestean. Koloretako espraiek, plastikozko elementuek eta askotan urtero berritzen diren arropek hartu diete lekua antzinako ohitura horiei. Hala ere, beste leku batzuetan egin duten bezala, Igorren ere hasi dira neguko jaiek izan dituzten funtzioak eta sinboloak berreskuratzen. Oier Araolaza antropologoak herrian aratuste tradizionalei buruz egin zuen berbaldi batean jasotakoak eta herriko hainbat taldek egindako hausnarketa abiapuntutzat hartuta, aurten herritarrei mozorrotzeko deia egin diete, “disfrazatzearen ordez”.

Inauteriei buruzko hausnarketa prozesua Bizi Igorre 2030 proiektu handiagoaren barruan kokatu dute. Hala azaldu du proiektu hori dinamizatzen ari den Maraka kooperatibako Eider Aldape dinamizatzaileak: “Lau gai nagusiren inguruan egin dugu lan: elikadura eta kontsumo arduratsua; digitalizazioa; ohitura eta jakintzaren transmisioa; eta herri bizigarria”. Ohitura eta jakintzaren transmisioa landuko dituen atalaren barruan kokatu dute inauteriei buruzko hausnarketa hori.

Oraingoz, handiagoa izateko asmoa duen pauso txiki bat emango dute: “Aurtengo inauterietan ideia guztiak gauzatzea ezinezkoa denez, herritarrak mozorrotzera animatuko ditugu. Mozorrotzearen eta disfrazatzearen arteko desberdintasuna zein den jakinarazi eta zabalduko dugu. Dagoenarekin sortuz kontzeptua barneratzea da asmoa”.

Oier Araolazak aratuste tradizionalei buruzko hitzaldi bat eman zuen herrian, joan den urtarrilean. Berbaldi hura abiapuntutzat hartuta, hainbat elkartek eta eragilek batzarra egin zuten geroago, lehengo neguko jaiei buruz hausnartzeko. Igorreko eskolako guraso elkartea eta adinekoen elkartea ari dira dinamikaren muina lantzen, udalaren babesarekin. Hala ere, bestelako eragileak ere batu zaizkie. “Uste genuen hausnarketa hori herrira zabaldu behar zela”, azaldu du Aldapek.

Saio hartan, lehenago ospatzen zituzten neguko jaiei buruz hausnartu zuten. Hainbat gai izan zituzten aztergai: gaur egun zeintzuk eta zer-nola ospatzen diren Igorren; zeintzuk diren aurrerantzean ospatu nahi dituztenak, eta zer-nola ospatu nahi dituzten.

Arimen Gaua, Gabonak, Kandelaria, Santa Ageda bezpera edota inauteriak neguko jai horien barruan daude. Aratusteei dagokienez, Araolazaren berbalditik ateratako hainbat ildo jarraitu eta herritarrei horietan sakontzeko gonbitea egin diete. Informazio hori zabaltzeko irizpide batzuk ere helarazi dizkiete.

Neguko jaien funtzioa

Besteak beste, neguko jaiek tradizionalki izan duten funtzioa azaldu dute. Emankortasun errituak direla ekarri dute gogora: lurra esnaraztea da euren helburua, bere ugaltze prozesua bete dezan. Uztak babesteko erritu gisa ere egin izan dira. Hala ere, azaldu dute azken urteetan kontsumismoa bihurtu dela jaien ardatz: “Herritarrek disfrazak erosten dituzte, eta jendetza joaten da hainbat herritako festetara”, azaldu dute. Horrez gain, sinetsita daude gaur egungo inauteri ereduek genero arrakala nabarmentzen dutela, eta eredu horrek estereotipoak erreproduzitzen dituela diote.

Horren guztiaren aurrean, gizarte kohesioa bultzatuko duen ospakizun eredu baten aldeko apustua sustatu dute: “Komunitatea ezagutu, batu eta indartzen lagunduko duena”. Bide horretan, bakoitzak etxean duen materialarekin mozorrotzeko deia luzatu dute: “Jasangarritasunari ere erreparatu nahi diogu eta”, esan du Aldapek.

Lanketa herriko eragile eta espazio gehiagotara zabaltzeko beharra azpimarratu dute: eskola edo institutua, kasurako. “Mozorrotu eta disfrazatzearen arteko desberdintasunaren lanketa herrian egiten bada, herriko beste espazio batzuetan ere landu beharko delako”.

Herrian inauteriak antzina zer-nola ospatzen ziren ikertzeko saiaketa ere egin du taldeak. “Galdetu genuen, baina prozesuan parte hartzen ari diren adinekoek 65 eta 75 urte artean dituzte. Saiatu ginen nagusiagoak, aurreko belaunaldikoak, elkarrizketatzen. Izan ere, prozesuan ari direnek esan zuten eurek Francoren garaian bizi izan zirela, eta inauteriak debekatuta zeudela. Beraz, oraingoz ez dugu lortu informaziorik”, aitortu du Marakako teknikariak.

Aurtengo asmoa da mozorroari garrantzia ematea: “Helburua da mozorroekin kalera ateratzea. Herritarrak animatuko ditugu, natura kontuan hartuta, etxeko gauzakaz mozorrotzera. Aurten landuko diren bi kontzeptu nagusiak izango dira mozorroa disfrazen aurretik gailentzea eta dagoenarekin sortzea”. Eragileek sortuko duten batzordeak datorren urtera begira lanketa sakonagoa egingo duela aurreikusi dute.

Berreskuratutako batzuk

Inauterien betiko izaera berreskuratzeko kezka ez da sortu Igorren bakarrik. Arratian bertan, Arteagan, kokomarroak esnarazi zituzten iaz. Ohitura hori seguruenik 1936ko gerra ostean desagertu zen, beste herri askotan gertatu legez. Han ere, Oier Araolazak neguko jaien inguruan eman zuen berbaldiak elikatu zuen berehala garrez beteko zen sua. Herriko nagusienen artean galdetu zuten ea umetako aratusteen oroitzapenik ba ote zuten. Hasieran denek erantzun zuten ezetz, Luis Mari Amundarainek kokomarroak aipatu zituen arte. Berriro hasi ziren galdezka kokomarroen berririk zuten, eta orduan bai, gogoratu zituzten. Handik gutxira, Arteako Kokomarroak taldea eratu zuten.

Etxeko zaharren arropak jantzi, eta ardi zein ahuntz larruak jarri eta arranak hartuta kalera ateratzen zirenei esaten zieten kokomarro. Hainbat urtez galduta egon diren aratuste haiek berreskuratu dituzte. Auzolanean sortu zituzten mozorroak iaz.

Durangon, berriz, surrandien maskarak egiteko tailerrak antolatu dituzte aurten ere. Han ere, herriko aratusteak zer-nola antolatzen zituzten arakatzeari ekin zioten. 2000. urtean atera zuten Surrandien konpartsa. Sudur handiak dituzten maskarak dira surrandiak. Jendea beldurtzera ateratzen ziren kalera.

Dokumentuaren akzioak