Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mikel Deuna: Mar del Platako Denak Bat eta Buenos Airesko Laurak Bat EEek zaindaria ospatu zuten dantza eta gorazarrez

Dokumentuaren akzioak

Mikel Deuna: Mar del Platako Denak Bat eta Buenos Airesko Laurak Bat EEek zaindaria ospatu zuten dantza eta gorazarrez

Komunikabidea
euskalkultura.eus
Tokia
Mar del Plata, Argentina
Mota
Albistea
Data
2025/10/21
Lotura
euskalkultura.eus
Aralarko San Migel jaiak Argentinan. Ezkerrean, Mar del Platako dantzariek Katedralaren aurrean dantzatu zuten, eskuinean, Buenos Airesko Laurak Bateko dantzariak Jose Gutierrez txistulariarekin
Aralarko San Migel jaiak Argentinan. Ezkerrean, Mar del Platako dantzariek Katedralaren aurrean dantzatu zuten, eskuinean, Buenos Airesko Laurak Bateko dantzariak Jose Gutierrez txistulariarekin

 

 

Mar del Plata, Argentina. Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak Aralarko Mikel Deuna zaindariaren eguna ospatu du aurten ere, egitarau zabala lagun, irailean. Besteak beste, zinema, meza, senidetasun-bazkaria eta dantza izan ziren protagonista. Buenos Aires hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxean ere ohiturari segituz ospatu dute, kasu honetan joan den larunbatean, urriaren 18an, afari batekin. Bertan, Euskal Etxeko dantzariak ez ziren soilik dantzan fin aritu, baita jatekoa prestatzen ere. Gainera, hitzordua baliatu zuten omenaldi hunkigarria egiteko José M. Gutiérrez txistuaren erreferente argentinarrari.

Mar del Platan, berriz, Mikel Deunaren omenezko jarduerak irailaren 26an, ostiralean, hasi ziren, "El Vasco" (Jabi Elortegi, 2022) filmaren emanaldiarekin, Euskal Etxearen egoitzan. Irailaren 28an, igandea, Beti Alai dantza taldeko kideek Ohorezko Guardia egin zuten Katedralean emandako mezan. Ondoren, dantzari txiki, ertain eta helduek euskal dantzen erakustaldi ederra eskaini zuten plazan, bertaratutakoak loriatuz. Festak Euskal Etxearen egoitzan jarraitu zuen, senidetasun-bazkarian elkarteko lagun eta bazkide ugari batuta.

José M. Gutiérrez, 50 urtez txistulari

Buenos Aireseko ospakizunean, ostera, Laurak Bat-eko dantzariek prestatu zuten afaria eta beraiek izan ziren baita ere zerbitzatu zutenak. Horrez gain, Carolina Ale eta Tomás Cozzi Barquinek zuzendutako taldeak, euren dantzekin girotu zuen ekitaldia. Txikiek ere ikuskizuna eskaini zuten. Baina gaueko unerik hunkigarriena, iritsi zen Euskal Etxeko dantzari eta dantzari ohiek ezusteko Agurra dantzatu ziotenean, zinez sentitua, José M. Gutiérrez laurakbatarrari, txistulari gisa egindako 50 urteko ibilbideagatik. Diasporan euskal musikari egindako ekarpen baliosaren aitortza merezia. Zorionak, Txistulari!

 

Dokumentuaren akzioak