Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maritzuliren ehun jantzi ikusgai San Telmon, Ipar Euskal Herriko lau ospakizunen erakusle

Dokumentuaren akzioak

Maritzuliren ehun jantzi ikusgai San Telmon, Ipar Euskal Herriko lau ospakizunen erakusle

Egilea
Xole Aramendi
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/03/28
Lotura
Naiz

Erakusketak San Telmo Museoaren klaustroa eta eliza hartu ditu.

Erakusketak San Telmo Museoaren klaustroa eta eliza hartu ditu. (Gorka RUBIO)

‘Dantzaz ele. Jantziak’ izenburupean Maritzuli konpainiaren erakusketa zabalik dago astearte honetatik aurrera Donostiako San Telmo Museoan. Ehun jantzi inguru ikus daitezke klaustroan eta elizaren barruan, Ipar Euskal Herriko lau festa bereizgarrienetakoen ospakizunetan dantzarako erabiliak.

Kaskarotak edo Lapurdiko Ihautegi Konpartsa, Besta Berri –Corpus Christi jaian egindakoa–, Kabalkadak eta tobera-mustrak eta maskaradak dira, hain zuzen ere, aukeratutako ospakizunak.

Claude Iruretagoyena, Maritzuli Konpainiako dantza maisu, jostun, zuzendari eta produkzio arduraduna eta Jon Olazcuaga, Maritzuli Konpainiako dantza maisu eta jostuna izan dira gaur egindako aurkezpen ekitaldian San Telmoko zuzendari Susana Soto eta Kulturako zinegotzi Jon Intxaustirekin batera.

Ikerkuntza lana

Iruretagoyena zein Olazcuagak konpainiako kideak azken urteotan ondarea berreskuratzeko lanetan egindako ahalegina aipatu dute. Izan ere, mendeetan zehar dantza eta ospakizun hauek aldaketak jasan dituzte eta horietako batzuk desagertzear egon dira. 

Horren adibide dira Uztaritzeko Ihauteriak. «Argazki zaharretan 280 zintzarri ikus daitezke dantzariaren galtzatan, horren ondorioz dantzaria joalduna bihurtzen zelarik. Orain hamar daramatzate asko jota hanka bakoitzean. Gure lanaren bidez gure kulturaren historia eta bere sinboloak ikertzeko aukera dugu», nabarmendu dute Iruretagoyena eta Olazcuagak.

Muntaketan konpartsek behar duten egitura, antolaketa eta prestakuntzaren berri izango du bisitariak. Arropak lagunduz testuak eta irudiak jarri dira. Dantzak non egiten diren, ospakizunen egutegiak, motiboak, irudikatutako gaiak, partehartzaileak eta desfile bakoitzaren dinamikak kontatzen dituzte. «Kultur ondare honen aberastasunera hurbiltzen gaituzte, haren kodeak aztertuz eta xehatuz», adierazi dute museotik.

Urbeltz eta Arregi gogoan

Erakusketa San Telmo Museora zabaldu izanagatik harro agertu dira bi kideak. Eta bat egin dute euren aurretik lan eskerga egindako bi ikertzaileri eskerrona adierazteko unean: Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi.

Ideia hauxe azpimarratu nahi izan du Iruretagoyenak: «gurea bezalako kulturak jakin du festa egutegia gordetzen, alegia, festa ez dugu dantza taldeok sortzen».

Ikus-entzunezkoak ere badu presentziarik erakusketan. Bideoak jarri dira ikusgai Dantzan elkartearen eskutik.

Erakusketarekin batera, haur eta familientzako jarduera programa prestatu da, gaia sakonago ezagutzeko eta dantza tradizional horien unibertsoan murgiltzeko. Apirilean zehar egingo dira, batez ere jaiegunetan.

Bestalde, museoak gaztelaniara eta ingelesera itzuli du Maritzuli konpainiak erakusketaren xehetasunekin euskaraz eta frantsesez aurrez argitaratua zuen argitalpena. Izan ere, 2021eko udan ikusi zuen argia estreinakoz erakusketak. Izurri betean, eta herritarrak ospakizunik egin ezinik zeuden garaian, Baionako katedralean jarri ziren lehen aldiz jantziok, festa gogoan. «Gaur egun ere oso bizirik dauden dantzak erakustea izan genuen helburu», azaldu du Olazcuagak.

Proposamena museok 2018an abiatutako lan-ildoaren barruan txertatzen da. Aste Santutako oporraldian tradizioekin lotutako programazioa eskaintzen du ‘Atzokoak gaur’ izenarekin.
Erakusketa martxoaren 28tik apirilaren 23ra izango da ikusgai.

Erakusketaren inguruko jardueren eta beste hainbat xehetasunen informazioa webgunean

Dokumentuaren akzioak