
Euskal Herriko Dantza Txapelketak baditu irabazleak. Lezoko Maren Galvez eta Sopelako (Bizkaia) Gorka Granado dira txapeldun berriak. Segurako Baratze pilotalekuan jokatu da txapelketaren 49. edizioa, hamabi dantzari bikoteren partaidetzarekin.
Sari gehiago ere izan dira txapelketa honetan, eta bigarrena, Bergarako Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute. Hirugarren Azpeitiko Jone Arriaran eta German Aranburu geratu dira. Jantzi dotoreenaren saria, berriz, Azpeitiko Laura Bastidak eta Ekain Uzkudunek jaso dute, eta Guillermo Areizaga saria, lehen aldiz parte hartu eta postu hoberenean sailkatu den bikotearentzako saria, Lezoko Ihintza Erauskinek eta Mikel Esnaolak jaso dute.
Beti bezala, pilotalekua publikoz lepo egon da, eta giro paregabea izan da txapelketan zehar. Dantzarien jardunari musika jartzen Kriseilu txistulari taldea eta Estanga anai-arreba trikitilariak izan dira. Oinkari dantza taldeak ere parte hartu du ikuskizunean.
Txapelketa Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztu dute, eta Anabel Arraizak parte hartzaileei eta epaimahaiko kideei egindako elkarrizketek eta Haize Hormaetxea adituaren iruzkinek osatu dute saioa. Euskal Telebistan ikusi ahal izan da zuzenean streaming bidez, eta 22:00etan emango du telebistaz, lehen katean.













































![IMG_4280[1]](https://live.staticflickr.com/65535/54863357584_f6045e7aa7.jpg)


