Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lezoren ondare da artzain eta inudeen desfilea

Dokumentuaren akzioak

Lezoren ondare da artzain eta inudeen desfilea

Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Lezo
Mota
Albistea
Data
2023/08/22
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

400 bat izango dira etziko artzain eta inudeen segizioan aterako diren lezoarrak. Urte ahulak bizi ondoren, azken urteetan herriaren atxikimendu osoa lortu du ekintzak, bai partaideen bai eta ikusleen aldetik.

Iazko desfilekoa da irudia. Etzi, 12:00etan aterako da Lopenetik. Carrera

Abian dira 2023ko santakrutzak. Asteazkenean hasi ziren Lezoko festa nagusiak. Hitza-ren astekari hau inprentara bidaltzearekin batera piztu ziren iraileko festak. Atzoko i-14 egun handiaren ondotik, gaurtik igandera arteko bidean hainbat izango dira jai egitarauaren barruan pisu berezia duten jarduerak. Horien artean da igandeko artzain eta inudeen desfilea. Santakrutzetako igandeei izaera berezia ematen die desfile koloretsu eta parte hartzaileak. Hala izango da etzi, 12:00etan, Lopenetik abiatuko baita.

Aitor Leonet da kale ikuskizuna antolatzeaz arduratzen den lantaldeko kideetako bat. Aitortu du ez zaiela oso zaila izaten den-dena egoki moldatzea, desfilea herrian sakon errotuta dagoelako, eta lezoarrek aprezio berezia diotelako. Etzi, Leonetek azaldu duenez, 53.ez aterako dira. «Jendeak badaki zertaz aterako den, noiz aterako den, desfilean non aterako den. Urtetik urtera familia edo kuadrilla berberek egiten digute parte hartzeko eskaera. Herriak egiten du desfilea. Guk koordinatu egiten dugu soilik, kudeaketa lanak gureak dira. Beste guztia Lezorena da. Desfilea ez da gurea. Azkenean, 1920ko hamarkadan Lezo nolakoa zen azaltzen dugu desfilearekin. Eta hori Lezok egiten du». Guk esaten duenean, Desfilearen Aldeko Taldeaz ari da Leonet.

Izan ere, lezoarrak denboran atzera egin du jardueraren oinarrira joateko. Azaldu du elizaren inguruan zebilen norbanakoen talde bat hasi zela duela bost hamarkada baino gehiago desfilea antolatzen, eta ondoren, kristau ikasbideko monitoreek hartu zutela horren ardura. Geroago Lurdes Esnaolaren ekimenez jarraitu zuten, Murixka Dantza Taldeak lema hartu zuen arte. «Jai batzorde batean Murixkakoek esan zuten desfilea aurrera ateratzeko zailtasunak zituztela. Lagun talde bat bildu, eta aurrera urratsa egin genuen. Elkartea sortu eta aurrera atera genuen. Hamar bat urte pasa dira ordutik».

Leonetek azaldu du artzain eta inudeena herriaren, Lezoren ondarea dela. Ez zuten galtzerik nahi. Lanean jarri ziren, eta orduko gobernu taldearen laguntzarekin, berriz ere indartu egin zuten ikuskizuna. Datua eman du: «Guk hartu aurreko desfilean 47 lagun atera ziren. Egun, 400 bat gara».

Partaideetan sorpresak ere izaten dituztela azaldu du Desfilean Aldeko Taldeko kideak. Hala, jada euren presentzia konfirmatuta dutenez gain, izaten dira egunean bertan desfilearekin bat egiten dutenak, aurretiazko abisurik gabe. «Azken minutura arte ez dakigu zenbat izango garen desfilean. Badauzkagu denentzat jantziak eta bestelakoak. Baina izaten dira kuadrillak azken unean azaltzen direnak».

Aberatsa

Aberatsa da Lezoko artzain eta inudeen kalebuelta. Bai parte hartzaileen aldetik, bai eta sortzen duen giroagatik ere. Leonetek gogoan du, artxiboko argazkiak ikusita —artxibo mardula osatu dute—, nola duela ez asko desfileetan izaten zen ikusleen kopurua ez zela handia. «Orain berriz ere kaleak beteta ikusten dira. Herritik kanpoko jendea ere dator Lezora. Kale nagusienetan adin jakin bateko jendeak aulkiak jartzen ditu desfilea ikusteko; hori ez dugu guk egiten, herritarrek egiten dute».

Antolatzaileak asebetetzen dituen beste kontu bat da herritarren atxikimendua. Horren adibide bat eman du Leonetek: «Badira desfilean ateratzen 50 urte daramaten parte hartzaileak. Horietako bat da Fernantxo Intxaurrandieta. Badira duela 50 urteko argazkiak hura agertzen dela. Gaur egun ere gurekin ateratzen da. Hori guretzako ohorea da. Horrek erakusten du nola dagoen errotuta ekintza hau».

Herriarena da artzain eta inudeen desfilea. Ez bakarrik parte hartzaileen kopuruari begiratzen bazaio: haien jarrerak azaltzen du ondo pasatzea eta herri konpromisoa uztar daitezkeela.

Dokumentuaren akzioak