Led Silhouette konpainian «despedida baten hasiera» denaren sentsazioarekin daudela azaldu digu Martxel Rodriguez lesakarrak, bertako koreografo eta dantzaria denak. Izan ere, 2022ko apirilean sorturiko lana da Los Perros, eta jendaurrean egiten duten 101. emanaldia izanen da otsailaren 8an Irunen eginen dutena. Ilunabarreko 20:00etan izanen da hitzordua Amaia kultur zentroan, eta «ziklo berri bat» hasiko dute horrela.
Los Perrosen, taula gainean Led Soilhouette konpainiako sortzaileak ikusiko ditugu: Martxel Rodriguez eta Jon Lopez. Dantzan ikusiko ditugun gorputzek bidaia bat proposatuko digute, denboran zehar garatutako emozioen bidaia bat, hain zuzen. Rodriguezek berak azaldu digunez, «fasez-fase, dantza eta koreografiaren bitartez denok sentitzen ditugun emozioen ibilbidea» izanen da aurkeztuko digutena.
Gozatutako bidea eta emaitza
Emanaldiaren sorkuntza prozesua «hagitz berezia» izan zela azaldu digu dantzariak. Izan ere, Marcos Morau koreografoa izan zuten lagun, haientzat «lagun eta erreferentea» dena. Elkarlan hartatik sorturiko plazerezko emaitza izan da Los Perros. Alabaina, erronka batzuk ere suposatu dizkie: «Zentzu anitzetan izan da erronka bat: gorputz aldetik eta koreografikoki, baina baita logistikoki ere. Lehen lana zen guretzat eszenografia handi bat zuena, baita lantalde handi bat ere», gaineratu du.
Euskal Herriz gaindi han-hemenka izan dute aukera lana jendaurrera eramateko, eta hori bera ere «izugarrizko zortea» izan dela aitortu digu Rodriguezek. Bogotan, Erroman, Turinen… emanaldia egin duten leku ugaritan jaso dute jendearen babesa eta eskerra. Artistaren helburua zerbait mugiaraztea bada, horretan ere asmatu dute: «Antzokiko bertsioan, kaleko bertsioan, urteko mementu guztietan… lanak beti harrera hagitz ona izan du eta jendea hurbildu zaigu hagitz interpelatuak sentitu direla erratera» adierazi digu, esker onez.
Zikloa ixten hasteko ordua
2022. urtetik hiru urte igaro dira jada, eta baita Los Perrosen ehun emanalditik goiti ere. Inguru hauetako herrietan ere izan dute lana taularatzeko aukera, eta beraz, asteburu honetan Irunen izanen dena «ziklo berri baten hasiera» izanen dela azaldu digu konpainiako kideak. Hala ere, emanaldi gehiago etorriko direla ere iragarri digu, eta itxiera fasea hurbil somatzen duten arren gogorik ez dute falta: «Hurbiltzen direnentzat dena emanen dugu eta gorputzeko artikulazio guztiak utziko ditugu bertan, beti egiten dugun moduan».
Beraz, dantzaren bidez emozio artean bidaiatu nahi dutenek larunbat honetan izanen dute aukera, iluntzeko 20:00etan Irunen, Amaia kultur zentroan.