Dokumentuaren akzioak
Lazkaoko dantzariek urrezko festa
Oin-Arin dantza taldeak 50 urte bete ditu. Apirileko ikuskizunaren ondoren, dantzari ohiak eta oraingoak bihar elkartuko dira, desfilea eta saioa egiteko. Bazkaria eta erakusketa ere badira.
«Ia ehun dantzari moldatzea lortu genuen, neska eta mutil, pareatuta. Mutilak neskak hainbeste izaten ziren orduan», dio Mujikak, artean 17 urte gaztea. «Alegiako Tomas etortzen zen erakustera. Orobionen entseatzen genuen», dio Tejadosek.
1971n, Lazkao, Ordizia eta Beasain batu, eta helduen taldea sortu zuten. Orduan, Oin-Arin dantzaririk gabe geratu zen. «Hiru-bat urte iraun zuen Goierriko taldeak, baina desegin zen», dio Tejadosek. Hamarkadaren erdialdera, Oin-Arin atzera hasi zen. Lazkaon Areso izeneko taldea ere eratu zuten. Bi talde izan ziren 1986ra arte. «Politikaren diferentzia zegoen hor ere», Mujikaren arabera.
Batuta 1986tik aurrera
Oin-Arinek beste bi etenaldi izan zituen, 1970eko hamarraldiaren bukaeran, eta 1984-86 bitartean. Azken urte hori garrantzitsua izan zen. Areso desegin zen, eta Oin-Arinek jarraitu zuen aurrera. Azken 30 urtean sendo jarraitu du, euskal dantzak egiten.
Gaur egun 180 dantzari eta 14 talde ditu Lazkaoko dantza taldeak. 5 urtetik aurrerakoak dira, eta 17-18tik gorakoen talde sendoa ere badu, 17 lagunekin. 2008tik aurrera, baita helduena ere, ikastaro gisa.
Erakusketa eta ospakizuna
Mende erdian, bihar festa izango dute. 300 bat lagun elkartuko dira: 280 dantzari eta dantzari ohi (5-80 urte bitartekoak), eta musikariak. 10:30ean plazan elkartu, kaleetan desfilea egin, eta 12:00etan saioa dute, plazan. Dantza bakoitza hiru belaunaldik egingo dute.
Bazkaria frontoian da, 350 pertsonarentzat. Aiko taldeak girotuko du erromeria, gero.
Gaur, jantzi eta argazki erakusketa 18:00etan irekiko dute, kultur etxeko aretoan, urriaren 1era arte. Ane Albisu adituak jantziei buruz hitzaldia egingo du.
Dokumentuaren akzioak