Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Labean: 'Dantza' filma

Dokumentuaren akzioak

Labean: 'Dantza' filma

Lantzeko inauterien kondairatik tiraka, euskal dantzaren arima filmatzeko lanetan harrapatu dugu Telmo Esnal zine zuzendaria. ‘Dantza’ du izena proiektuak eta Koldobika Jauregi artista plastikoa eta Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzailearekin batera, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa islatuko duen lan mutua osatzen dabiltza; musikak eta dantzak transmitituko dituzte gai unibertsal horiek. Iraila aldera amaituko dute grabaketa, eta datorren urtean estreinatuko dute.
Egilea
Ane Urrutikoetxa
Komunikabidea
Gaztezulo
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/06/21
Lotura
Gaztezulo

Gutxik dakite Telmo Esnal (Zarautz, 1966) dantzari fina izandakoa dela. Aupa Etxebeste! (Asier Altunarekin batera) eta Urte berri on, Amona! filmak zuzendu aurretik, Goizaldin ibili zen, dantzari izateko ideiaz. Egunotan grabatzen ari den Dantza filmari esker, aspaldiko desioa gorpuzten dabil; bere bi pasioak diren zinema eta dantza batzea. Leitzako grabaketa amaitu berri dutela harrapatu dugu Esnal; dagoeneko Arantzazun eta Zerainen ere ibili dira lanean, eta filmaren %70 baino gehiago grabatuta, irailerako amaitzea espero dute. Estreinaldia aldiz, datorren urterako aurreikusi dute.

Kostata, baina dagoeneko egia bihurtzen ari den proiektu kuttuna da film hau Esnalentzat; lau urte baino gehiago behar izan ditu ideiari forma eman eta grabaketa lanak martxan jarri ahal izateko: “Beti izan dut buruan dantza gaitzat zuen film bat egitea, baina finantziazioa nekez lortu dugunez, denboran luzatzen joan da proiektua. Dena den, aurrera egitea lortu dugu, eta niretzat oso berezia izaten ari da lan prozesua; benetan pozik nago”.



Juan Antonio Urbeltz folklorista eta euskal kulturaren adituarekin landu du filmaren gidoi narratiboa. Lantzeko dantzen sinbologia oinarri hartuta, istorio ziklikoa sortzen dabil, naturaren elementuekin estuki lotutakoa: “Lurrarekin hasten gara, eta arbolaren sorrera kontatzen dugu, nola babestu behar den, nola ematen dituen fruituak, hortik sagardoa ateraz, ondoren festa giroan ospatuz… Ez dugu hitzik erabiltzen, baina irudiz eta musikaz kontatzen dugu istorioa”. Hitzik gabe, dantza unibertsala delako, baita euskal dantza ere. “Urbeltzek erakutsi digu euskal dantzen izaera unibertsala. Europan ere badaude gure dantzen oso antzekoak, tradizioak edonon ulertu daitezkeelako”.


Estetika aldiz, Koldobika Jauregi artistaren eskuetan utzi du Esnalek. Grabaketa lanetan sumatu daiteke hainbat eszenen konplexutasuna, eta elementu mitologikoen isla biltzen duten mugimendu ikusgarriak. “Jauregik filmaren unibertso estetikoa landu du, alde bisuala. Eszena bat grabatzeko igerileku erraldoi bat eraiki behar izan genuen, dantzariek urarekin dantzatu zezaten. 37 lagunek osatzen zuten planoa, eta espazioa erabat moldatu behar izan genuen. Kanpotik superpordukzio baten itxura har dezake, baina guztion lanaren fruitua besterik ez da”.

 


Mota askotako dantzariak ari dira proiektuan parte hartzen. Badira dantzari profesionalak, aurtengo Gipuzkoako Dantza sariaren irabazle izan den Judith Argomaniz kasu, eta baita dantzari amateurrak ere. Leitzan berriki grabatutako eszenan, esate baterako, 250 dantzarik parte hartu dute, 8 eta 82 urte bitartekoak. Argia dantza taldeak koordinatuta, Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia, Usurbil, eta beste herri askotako dantzariek osatu dute festa handiaren eszena. “Leitzako grabaketa oso berezia izan da, herri osoa dantzan zegoela islatu nahi genuelako, eta horretarako ehunka lagun bildu genituen. Ni neu ere animatu nintzen dantzatzera; oraindik ez dut planoa ikusi, baina eszena ez zapuztu izana espero dut!”. 

FITXA TEKNIKOA

Zuzendaria: Telmo Esnal.
Ekoizlea: Txintxua Films (Asier Altuna eta Marian Fernández).
Muntaia artistikoa: Koldobika Jauregi.
Koreografiak: Juan Antonio Urbeltz, Argia dantza taldea.
Dantzariak: Judith Argomaniz, Argia, Duguna, Kezka eta Haritz dantza taldeak.
Argazki zuzendaria: Javier Agirre.
Estreinaldia: 2018.

Dokumentuaren akzioak