Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Komunikazioa-Inkomunikazioa' ikuskizuna aurkeztu dute Kukai eta Tanttaka taldeek

Dokumentuaren akzioak

'Komunikazioa-Inkomunikazioa' ikuskizuna aurkeztu dute Kukai eta Tanttaka taldeek

Mikel Laboaren izen bereko lana du inspirazio iturri Kukai dantza taldearen eta Tanttaka antzerki taldearen laugarren elkarlanak. Gaur goizean aurkeztu dute ikuskizuna hedabideen aurrean, Bilboko Arriaga antzokian.
Egilea
Jonebati Zabala
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/02/27
Lotura
Berria

Komunikazio-inkomunikazio dikotomiaren begietatik ikusi ohi zuen sarritan Mikel Laboak. "Hitzik gabe komunikatzen gara, baina hitzekin ere inkomunikazioa sor daiteke". Hortik abiatuta, "gai unibertsalak" landu dituztela aurreratu du Mireia Gabilondo ikuskizunaren zuzendariak. Pertsonen arteko ulertu ez ulertu momentuak, maitasun eszenak... "Oso gai gurutzatuez osaturiko ikuskizuna da", azaldu du Jon Maya koreografoak.

Oraingoan Kukaiko dantzariez gain, Helena Golab dantzari poloniarra, Miren Gaztañaga eta Aitor Beltran aktoreak, eta Iñaki Telleria musikaria ariko dira. Antzerkiaz gain, hainbat dantza mota uztartzen dira Komunikazioa-Inkomunikazioa-n. Dantza tradizionala, garaikidea eta baita flamenkoa ere, Israel Galvan dantzariaren eskutik. Gainera, Jone San Martin koreografo abangoardistak ere kolaboratu du ikuskizunean, aurreskua bezalako dantza tradizionalaren bertsio berezi batekin. Mayaren hitzetan, elementu horiekin guztiekin jokatuz "guztiz aske" sentitu dira eszenatoki gainean.

Hamar urte daramatzate elkarlanean Kukai eta Tanttakak. Laugarrena da Arriaga antzokiarekin koprodukzioan aurkeztu duten ikuskizuna. "Orain arte egindako lana, beste testuinguru batean jarri nahi izan dugu", azaldu du Mayak.

Ikuskizuna ostiralean, martxoaren 1ean estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian bertan, eta 2an beste emanaldi bat egongo da.

Dokumentuaren akzioak