Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberria oinarri hartuz ondu du Asier Altuna zinemagile bergararrak Zinemaldian aurkeztu zuen Karmele. 1937an, tropa faxistak Ondarroan sartuko direnean abiatuko da filma, eta ondorengo urte ilunetan testuinguratuta, euskaldunen erbestealdiaz, askatasunaren aldeko borrokaz eta kulturaren balio transzendentalaz mintzatuko da, erizaina den emakume gazte baten (Jone Laspiur) begiradatik. Mugaz bestalde ezagutuko duen Txomin tronpeta-jolearekin (Eneko Sagardoi) maitemindu eta Parisera, eta handik Caracasera ihes egingo du faxismoaren bortizkeria pairatu bitartean; familia edota herriarengan pentsatu eztabaidatuko du bikoteak.
Istorio zinez zirraragarria da lehen instantzian, baina indar emozional falta izugarria duena, tamalez. Tramaren nondik norakoak gorabehera, tratamendu narratiboari dagokionez, nobelaren egitura literarioari lotuegi dago, bere bidea aurkitu ezinda. Bi hamarkadaz luzatuko den drama historikoa izanik, gertaera, bizipen eta gatazka asko jasoko ditu pelikulak, baina denak elkarren errenkadan erakusteak idazkera fina eskatzen du; zoritxarrez, identifikazio emozionalaren jarraikortasun ezak arimarik gabeko kontaketa ekarriko du etsipenez.
Baina Altunaren pelikulak baditu zenbait puntu erakargarri ere, film oso baterako gai izan zitezkeenak, eta azaletik jorratu izanak anekdota hutsera kondenatu dituenak. Mundu tradizionala eta modernoaren arteko talka iradokiko du –nolabait, Amama-n (2015) ere agerikoa dena–, pertsonaiengan beraiengan islatuta. Askatasunaren ispilu dira Txomin eta haren tronpeta, garai hartan jaiotzen ari zen jazz-aren, adierazpide berrien, ilusioa. Berau, baina, dialektikan sartuko da euskal folklorearekin, Karmele kide duen Eresoinka konpainiak egindako erresistentzia lanarekin.
Izan ere, 36ko Gerra betebetean, Jaurlaritza Parisen babestu eta euskal kultura bozgorailu politiko gisa nola erabili zuen erakutsiko digu pelikulak. Elai Alai dantza taldeak eta Eresoinka abesbatzak Frantziako hainbat tokitan eskainitako ikuskizunak birsortu ditu zinemagile bergararrak, Nemesio Sobrevillak 1938an zuzendutako Elai Alai laburrari omenaldi sentikorra eginez.
Euskal Herriaren errealitatea ezagutarazteko eta errefuxiatuei zuzendutako dirua biltzeko martxan jarritako estrategia hura lehen lerrora ekarriz, artea eta kultura bakearen ikur gisa aldarrikatuko ditu Altunak. Bada, modu berezian filmatu ditu bergararrak, Bertsolari (2011) eta batez ere Amama lanak ardaztuko dituen lirismoa eta poetikari helduta, bizitza propioa hartuko dute dantzaldiek eta kantaldiek. Herri batek aske izateko duintasunari, elkarkidetzari, gorazarre egingo die.
Ander Makazaga.



