Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Kantuak badu zerbait irrazionala; beste nonbait inprimatzen da buruan»

Dokumentuaren akzioak

«Kantuak badu zerbait irrazionala; beste nonbait inprimatzen da buruan»

Euskararen gainbeheraren lekuko zuzen izaki, bere ikasleekin kantua dauka Etxekoparek elementu funtsezkotzat, txirularekin batera; tresna berak ere beste artistekin proiektuak muntatzeko, beti desorekaren bila, mugimendua lortzeko.

Behin ere gelditzen ez den horietakoa da Mixel Etxekopar (Gotaine, Zuberoa, 1963). Haren azken ekoizpenak —beti kolektiboak—mahai gainean jarri, eta fite estali da mahaia. Dela Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa (ZTK) Jean-Christian Hirigoien, Pierre Vissler, Joanes Etxebarria eta Patxi Laskaraiekin. Lau Sasuak diskoa (ZTK), Arranoa laukotearekin, besteak beste. Txoriei an d’Voeil diskoa Et Incarnatus orkestrarekin emana, autoekoizpena dena. Baditu ere Behin bazen bildumak, euskara irakasle gisa ikasleekin grabatzen dituen haur kantuak, hitz joko erran zaharrak. Hebentik elkarteak moldatua, ZTKko Paxkal Indok diskotan emana. Euskel Antiqua proiektuan ere parte hartu du Euskal Barrokensemblerekin. Eta, horietaz gain, Xiru jaialdiaren eramaile ere bada, eta txirulari gisa beti ari da han eta hemen.
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/08/29
Lotura
Iparraldeko Hitza

Mahaia betetzen dute argitalpenek. Begiratuz geroz, zer ikusten duzu hor?
Tokiko mozkinak. Nahia hor da. Proiektuak hor dira. Eta sare osoa, laborantzan den bezala kulturan ere bai, hor da. ZTK-koak, adibidez, Baigorrin dira. Gaitasuna badute liburu edo diskoak ekoizteko Atik Zraino. Eta gu hemen gara, auzo ibarrean. Harritzekoa da erraztasuna. Atlasarena aipatu niolarik Paxkali [Indori], hark baietz erran. Mikro proiektu bat da. Liburua aski ederra da. Erran nahi baita, kario, eta guti salduko dela. Baina Paxkalek baietz, eta kito. Eta moldatzen da. Bada EEPtik diru pixka bat, guk hastapeneko proiektuan ukan genuen Euskal Kultur Erakundeko laguntza amiñi bat ere. Eta gure militantzia. Iruditzen zait dela laborantzan bezala. Lekuan ekoizturik, eta lekuan, nonbait, kontsumitzekoak.

Zerk animatzen zaitu?
Euskaldun bizitzeak Euskal Herrian. Ez da egun oro igande hemen. Ez eta Iparralde osoan ere. Gotaine herrian ere ez. Batzuetan, etxetik ateratzen naizelarik goizetan, kronometratzen dut zenbat denbora ezarriko dudan lehenbiziko hitza frantsesez ateratzeko. Batzuetan kasik eguerdi da. Kasu ematen dut nora abian nintzen. Eta batzuetan etxetik atera orduko: Bonjour!… Orduan, inportantea zait espazioak sortzea euskaldun bezala bizitzeko Euskal Herrian.

28 urte Xiru jaialdia daramazuela, nola baloratzen duzu orduz geroztik egin bidea?
Nik pertsonalki topatu ditut sekula ikusiko ez nituen artista batzuk. Vladimir Chekasin Lituaniako saxofonista, Akira Tamba japoniarra, Nô teatroan berezitua, Junes Casenaverekin batean. Eta, horrela, andana bat. Nonbait, Lubatek erraiten duen bezala, izpirituen desertifikazioaren aurka ari gara.

Bernard Lubaten Uzesteko jaialdiak ukan du eragin, ez?
Bai. 1992an ibili nintzen han kontzertu egiten. Haur denboran hemen maite nuena, oihanean ibiltzea eta txoriekin musika egitea, han egiten zuten oihanean eta publikoarekin. Eta ni, nihaurren buruari: «Baina zer gertatzen da hemen?».

Eta beraz, izpirituen desertifikazioaren aurka? Ideia horrekin bat egiten duzu?
Bai. Nonbait badakigu badela hitzordu bat, pastorala eta maskarada bezala. Xiru jinen dela eta hor une eta gune bat badela, gure sabeleko zerbaiten ateratzeko. Eta, gero, beti izan da euskal kultura eta kanpokoa ere bai. Eta hemengo arte herrikoia eta sorkuntzaren arteko elkarrizketa bat. Hori ere. Baina kasik inkontzienteki jin zen hori. Pastorala maite nuen eta maite dut, baina ez dut jasaten horrela uztea.

Zer ez duzu jasaten?
Nola gauzak autobidetzen diren. Maite ditut autobideak, maite, maiteago ditut bazterreko xendrak. Eta iruditzen zait elkarren osagai direla biak. Badakit guk egiten duguna pastoral ofizialari begira dela. Eta badakit pastoral ofiziala ere horrela hazten dela. Nik xantza badut, bi munduak ezagutzen baititut barnetik. Baina hori baizik ez banu, ez nintzateke aseko.

Maite duzu esperimentatzea?
Betiko ber ildoan sartzea ontsa da, baina ni, Xiruk eta horrelakoek naute inarrosten eta desorekatzen. Eta behar dut desoreka pixka bat. Zutik zarelarik ez baduzu oreka galtzen, ez duzu urratsik egiten. Eta mugimendurik ez duzu.

Zeri deitzen diozu gauzen autobidetzea?
Udako pastorala autobidea da. Eta xendrak izan dira Ederlezi edo Iruñeko Bidador pastorala. Ez dut oraino ikusia, baina Karmen pastorala ere nahi ala ez bide berria izanen da.

Zerk trabatzen zaitu udako pastoralean?
Anitz maite duenak anitz sufritzen du, erraiten den bezala. Ondarea ez dut ikusten urrez betea den ontzi zerratu bat bezala. Pastorala horrela da. Urtez urte pasatzen dena batetik bestera. Kasu handiz pasatzen dena.

Urtez urte aldatuz doa udako pastorala ere, ez?
Bai, bai. Aldatzen da barnetik ere. Onartzen dut.

Baina ez aski?
Ez aski. Ontsa da, baina hori ez zait aski. Maite dut izan daitezen beste bide zenbait. Adibide bat emateko.Bidador pastorala. Gonbidatu genituen Xirura. Enetako naturala zen. Gainera, gertakari oso ederra izan zen. Han egin baitzuten, pastorala berenganatuz. Nafar erara, eta ez zuberotar klonak bezala. Hori estimatu nuen kulturalki eta artistikoki. Udako pastorala prestatzen ari ziren Atharratzeko lagunei bidali genien Xiruko emanaldira jiteko gonbidapena. Arrapostua: pastoralak Zuberoan egon behar duela. Eta hori zuberotarrari aplikatzen baduzu? Zuberoan zuberotarra behar dela atxiki eta besterik ez?

Xendrak ezinbestekoak dituzu.
Pastoraletan, nik ezagutzen ditudan tradizio guzietan bezala, iruditzen zait gehiago eginik dela ahanzten dugunaz, oroitzen garenaz baino. Hartako erraiten dut hori. Maitasun handiz eta errespetu handiz. Nik maite baitut pastorala. Horretan sortu naiz. Aritzaile gisa, antolatzaile eta eramaile gisa dantzak sortuz, kantuak sortuz, baita 25 bat pastoral musikari bezala… Orain emazte turkorik ez baduzu ezartzen, hori ez dela tradizio erranen dizute. Baina sartu ziren 90ean, ikastolako pastoralean. Zer da tradizio bat? Duela 20 urte asmatu izan dena? 200 urte? ala 2.000 urte? Edo berdin 20.000 urte?

Justuki, barnetik aldaketak egin daitezkeela seinale, ez?
Bai, bai. Baina nik ez dudana maite da prediku hori: «Guk badakigu zer den tradizio». Lezioak ematen dituzte, zer den pastorala eta zer ez den.

Diskurtsoa duzula arazo nagusi erran nahi duzu?
Bai. Gero, bistan da dena mugitzen dela. Eta hori da tradizioaren xarma. Baina diskurtso hori ez dut maite. Iduri baitu badela hiltzeko beldur bat. Nihaurri ez zait kausitzen, batere.

Kasurik ez eta jo aitzina, ez?
Ez dugu kasu ematen, ez. Baina bai sortzen. Horrek sortzen dit behar bat beste zerbaiten egiteko. Pastoraletan bada 3.000 ikusle. Ber denboran teknika aldetik, erreferentzia telebistan egiten dena da. Eta hori kentzen baduzu, ez dela egiazki pastorala izaten ahal? Eta bai… Nik maite dut ikertzea urrunagotik, goragotik so egitea.

Bazterretik?
Bazterretik edo… Ederlezi-rekin egin duguna ez dakit ea modernoago zen, edo hurbilago XVIII. mendeko pastoraletatik. 14 aktore baziren. Eta Patri Urkizuren liburuan aipatzen du XVIII. mendeko pastoraletan lehenbizikoa izan zela Racinen egokitzapen bat. Han baziren bederatzi aktore. Eta 700 kopla. 700!

Zure ikasle haurrekin grabatu diskoak ere hor dituzu. Euskara irakasle ibiltaria zara sei bat eskola publikotan. Astean oren bakarra daukazu ikasleekin. Zer egin daiteke oren bakarrean?
Ahal den guztiz entseatzen naiz lotura egiten etxekoekin. Badakit zeinetan euskara erabiltzen den. Behin bazenbezalako proiektuak ez dira beti egiten. Baina halako proiektuak egiten direlarik, badakit transmisioa akuilatzen dela etxean ere. Ez da aski… baina ohartzen direla zein herritan sortu diren. Eskiulan egin genuen proiektua:Behin bazen Eskiula. Han familia bat bada. Hango arra-amatxi hil da. Frantsesik ez zekien. Ber etxean bizi ziren lau belaunaldi. Eta laugarren belaunaldiak, hiru haurrek, euskaraz ez dakite.

Amets Arzallusek aurtengo Herri Urratseko idatzi (H)Aizu kantuan aipatzen duena da, ez? Honela dio kantuan: «Eskiulako, azken ertzean, pausatu zara, zure etxean, ixil-ixilik, agurtu zara, euskara hutsean».
Bai, justu. Aipatu nion nola ikusi nuen ene begiz hori. Gasna ematea galdegin zuen lehenik arra-amatxik. Haurrak asmatu, hori izan behar zela. Eta, gero, aldiz, luzexeagoa zen erranaldi bat erran zuen. Eta hor… «Que-ce qu’elle dit Amañi?» [zer dio Amañik?]… joooooo… Urratu nintzen ikustez ber etxean posible zela bizitzea horrela.

Euskararen gainbeheraren adibide ezin gordinagoa.
Tsunami bat izan da 25 urtez. Harritzekoa. Ene adinekoen artean, hamarretarik zortzi edo bederatzik euskara badakite. Eta oraingoen artean, hamarretarik batek.

Eta, justuki, Eskuilako gazte horiek zure ikasleak dira, ez? Astean oren batez… ez zara desesperatua?
Izana naiz, bai. Horretarako badut euskaraz bizitzeko nahikeria hori.

Oxigeno beharra?
Bistan da. Eta ber denboran harritzekoa da… Bi amatxi ikusi nituen Eskuilan haurren bila jiten. Biek euskara bat! Noka. Baldintza forma eta guzi. Eta gero, aldiz, haurrei: «Allez, viens ici! Il faut qu’on s’en aille!» (Jin! Joan beharra dugu eta!). Euskaraz hitzik ere ez arra-haurrari. Ez noka, ez pitoka, ez pikoka. Horrek, bai, min egiten duela.

Kantua mina estaltzeko?
Bai. Kantuak badu zerbait irrazionala. Beste nonbait inprimatzen da buruan. Ttantta zahar bat banuen. Armadan zuen senarra, Frantzian ibili zen bizi osoan. Hona jin zen azkenean. Gure etxe ondora. Frantsesez ari zen beti. Gero burua galdu zuen pixka bat. Gero eta gehiago. Alzheimerrarekin, ospitalera. Frantsesa galdu zuen, baina euskara ez. Gero hitza galdu zuen. Azkenik atxiki zuena kantua zen. Hitzekin. Bazen urteak ez zela mintzatzen. Baina kantatzen zuen. Orduan, zaharrekin hala bada, pentsatzen dut haurrekin ere badela hor zerbait egiteko. Ez da aski. Baina… Bestela ene buruaz beste eginen nuen.

Zuhaur txirularia, kantaria, bertsolaria.
Ttipidanik hasi naiz kantuz. Denak kantuz ari ziren. Eskolako irakaslea kantuzale amorratua zen. Parte hartzaile gisa, ene lehenbiziko pastorala Etxahun Irurik idatzirik zuen. Pette Beretter pastorala. 1973an izan zen. Nik 10 urte nituen. Ni aingeru. Hemen eman eta gero, Zarautz eta Ordiziara joan ginen. Jelkaldi batean ikurrina ateratzen zen. Anakronismoa zen, etxaunkeria bat. Salbu han, Franco bizi zela, eta ikurrina debekatua. Zarauzko frontoian ginela, ateratzen da, ez ikurrina, baina makila hutsik. Eta publiko osoa zutik.

Denek konprenitzen zuten.
Denek bazekiten zer ari ziren. Eta Etxahun gibelean irriz. Bere subertsibotasunarekin, lortu zuen… Izan zen… Oraino badut oilo ipurdia. Orduan nik ez nuen konprenitu, baina, nonbait, bada zerbait gelditzen dena.

Biziki goiz hasi zinen txirula jotzen ere.
Anaiaren ildotik. Euskal mundu horretan ziren anaiak. Kontzientzia politikoa ere bazuten. Bai Guk taldearen, bai Mikel Laboaren diskoak, horiek oro baziren etxean. Anaia hasi zen txirulan. Baina ikasketak Pauen zituen eta.

Eta zu, aldiz, hemen.
Guti banekien, baina banakien apurra eman behar. Musika guztiak banekizkien eskolan ikasten baikenituen. Hola nintzen hasi. Gero, ondoko urtean, 1977an, Urdiñarbeko maskaradan. 14 urte. Beti lagun batekin egiten nuen, baina, batzuetan, bakarrik. Heldu zen Bedaxagar anaia gure etxera. Goizeko zazpiak ziren. Eta gauerditan ekartzen. 14 urtetan. Kasik ofiziozko musikaria nintzen batzuetan. Hor anitz ikasten duzu. Eskola gaitza zen. Behar ere! Euskal mundu batekin konexioa egiten duzu.

Michel Etxekopare contre un totem "Urbaila" de Jpse Lepiez a Libarrenx Vendredi 2 Juin 2017. (Photo Bob Edme)

Dokumentuaren akzioak