Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kanpoko aisia, etxe barruan

Dokumentuaren akzioak

Kanpoko aisia, etxe barruan

Hizkuntza, musika, dantza... edozein delarik ere aisialdiko ekintza, konfinamenduak bi aukera besterik ez du utzi: ezeztatu ala egokitu. Zuzeneko harremana digitalizatu, eta ikasketei bideo deien bidez eustea erabaki dute zenbaitek.
Egilea
Uxue Gutierrez
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2020/04/18
Lotura
Berria

https://www.berria.eus/argazkiak_papera/BERRIA/d20200418/p038_f01w768.jpg

Dantza akademian, musika eskolan, edo bestela, hizkuntza eskolan. Aisialdian egiten den jarduera edozein izanda ere, aldatu egin da azken asteetan. Alarma egoera aktibatu eta konfinamendua ezarri zenetik, ezinezko bihurtu da, salbuespenak salbuespen, etxetik irtetea. Ondorioz, aisialdiari dagozkion jarduerak pantaila bidez jasotzen ari dira diziplina anitzetako ikasleak. Haurren eskolaz kanpoko jarduerak, nahiz helduagoen hizkuntza ikasketak, denak eraldatu ditu berrogeialdiak.

Batik bat, Zoom, Skype, Jitsi edo Instagram bezalako aplikazioak baliatzen dituzte irakasleek eta ikasleek, hala edo nola, eskolekin aurrera jarraitzeko. Kasu batzuetan, baina, bertan behera era utzi behar izan dituzte hainbat ekintza. Aurrera egin dutenak etengabeko doikuntza prozesuan sartuta daude, edukia, ordutegia nahiz komunikazio bideak etengabe alda daitezke. Malgutasuna ezinbestekoa da konfinamenduan aisialdiko jarduerak mantentzeko.

Espazioa, formatua eta baliabideak. Dena eta, aldi berean, ezer ez da aldatu Ilargi Agirreren musika eskoletan. Loatzo musika eskolan irakasle da Agirre, eta, normalean, Gipuzkoako zortzi herritan garatzen du bere jarduna. Musika hizkuntza eta perkusioa irakasten ditu Anoetan, Iruran, Zizurkilen, Adunan, Villabona-Amasan, Alegin, Altzon eta Ibarran. Herriz herri ibiltzetik, etxetik komunikatzera pasatu da azken asteetan.

Agirreren ikasle gehientsuenak haurrak dira, eta horrek, teknologiaren erabileraz gain, gurasoen bitartekaritza lana ekarri du bere lanera. Musika hizkuntzan, orotara, 47 ikasle ditu, eta taldekako saioak egin ohi ditu. Orain, posta elektronikoa du lanerako tresna. «Astean birritan dituzte eskolak, eta saio bakoitzaren aurretik posta elektronikoz bidaltzen diet egun horretako lana». Nork bere liburuan egiten ditu ariketak; eta ondoren Agirreri igortzen dizkiote, ahal bezala. «Batzuek Whatsappez, beste batzuek emailez, guraso batzuek ere deitu izan didate zalantzaren batekin...» ikasketa prozesua ez moztea da helburua, tresna komunikatibo «ahalik eta gehien» eskuragarri jarriz.

Moldaketa lana diferentea izan da instrumentua tarteko dagoenean. Guztira, hemezortzi perkusio ikasle ditu Agirrek, eta kasu honetan bakarkako eskolak dira. Astean ordu erdi. «Bi aukera eman nizkien: Skypez zuzenean saio presentzialari eutsi, betiko orduan eta egunean; edo, bestela, nahiago bazuten, edo Skypera konektatzeko aukerarik ez bazuten, posta elektronikoz edo bideoz». Lehen aukera hautatu zuen Ibarrako Iraide Alijostesek. 9 urte dauzka, eta ikasturte honetan hasi da eskolaz kanpoko jarduera gisa bateria jotzen: «Asteazkenetan izaten dut bateria eskola Iraiderekin, Skypez, eta zailagoa da horrela kantuak ikastea». Alijostesek trikitia jotzen ikasi nahi zuen, baina bateria probatu zuenean ez zuen zalantzarik egin. «Bateriaren soinua gustatu zitzaidan, eta Olentzerok bateria elektronikoa ekarri dit». Instrumentua gelan jarrita, kantu berriak praktikatzen segitzen du Alijostesek.

Agirrek esplikatu du hori dela ikasle gehienen egoera: «Normalean musika eskolan gaudenean, irakasgaia perkusioa denez, instrumentu gehiago probatzen dituzte ikasleek, baina etxean gehienek bateria elektronikoa dute, eta horrekin gabiltza». Gutxi batzuek kajoia ere badute. Eskolan, aldiz, bateria akustikoan aritzen dira: «Bateria akustikoa esango nuke hobea dela, baina elektronikoa entzungailuak jarrita jotzen da eta ez du zaratarik ateratzen, horrela ez dituzte bizilagunak molestatzen», azaldu du Agirrek.

Soinua eta espazioa

Musikak eta teknologiak badute bateragarria ez den zerbait. Konexio digitalak segundo batzuk behar ditu informazioa igortzeko eta soinua eta irudia ez ditu sortu bezain pronto jasotzen hartzaileak. «Zuzeneko eskoletan askotan batera jotzen ditugu kantuak, ikasleek nire mugimenduak kopiatzen ere ikasten dutelako; teknologiak duen soinu atzerapenarekin ezinezkoa da hori egitea». Online saioetan txandaka egiten dute.

Musika eskoletan soinua dute ikasketa prozesurako ezinbesteko osagai, eta hor atzeman dituzte lehenik eraldatzeko beharrak. Dantzariek, berriz, musika erabiltzen duten arren, beste bat izan dute kezka iturri nagusia: espazioa. Dantzak gorputz mugimendua du oinarri, eta akademietako gela zabalak altzariz jositako gela dira orain. «Nire etxea oso txikia da, eta logelan puzzle bat eginez lortu dut dantzatu ahal izateko tokia egitea; ezin ditut armairuak ireki, baina, behintzat, dantza egiteko tokitxo bat daukat». Irati Pinedaren hitzak dira, Santurtziko Elements dantza eskolako (Bizkaia) ikaslearenak. Pineda egunero dantzatzera ohituta dago, eskolaz kanpoko jarduera gisa. Dantza urbanoa, hip-hopa, dantza garaikidea eta popping-a egiten ditu, eta orain zertxobait jaitsi du saio maiztasuna: «Lehen, egunero nituen eskolak, egunean bi gutxi gorabehera; orain, astean bost egunetan aritzen naiz dantzan, egunean ordubete». Pinedak ere telefonoa eta ordenagailua ditu eskolak hartzeko euskarri. «Hasieran, beldur ginen, baina irakasleek ahalegin handia egin dute komunikazioa bermatzeko».

Pantailaren bestaldean egoten da Sergio Berreteaga dantza urbanoko irakaslea. «Zoom aplikazioaren bidez egiten ditugu ariketak, eta koreografia osoetarako Instagram bidez egiten dugu zuzenekoa». Instagramek «ispilu efektua» sortzen duela adierazi du Berreteagak. Era horretan, ikasleek mugimenduak bere horretan kopiatzeko aukera daukate.

Espazio falta da dantzariek duten traba agerikoena, baina Berreteagak uste du «ondo» eta espero baino «errazago» egokitu direla eskolak egoera berrira. «Dantza urbanoa nahiko estilo askea da eta aukera dago mugimendu txikiagoak egiteko». Adibidez, besoak lantzeko ariketa ugari egiten ari dira orain. Pinedak ere nabaritu du beste estilo batzuetan espazio falta kaltegarriagoa izan dela. «Dantza garaikidean badaude toki asko behar duten mugimenduak eta ariketak, eskola horien planteamendu aldaketa nabarmenagoa izan da». Ariketa fisikoa izanda ere, mentalki lantzeko aukera zabaldu die konfinamenduak dantzariei. «Mugimenduaren irudikapen mentala egiten dugu, gure gorputzen kontzientzia hartzeko», zehaztu du Pinedak.

Bestalde, musikariak ez diren arren, gorputz mugimenduak ia beti musika baten erritmoaren arabera egiten dituzte. Ondorioz, Berretegeak hurrengo soluzioa aurkitu dio aplikazioen soinu atzerapenari: «Zoom aplikazioan soinua partekatzeko aukera dago, eta horrela nik jartzen dudan musika ikasleek zuzenean entzun dezakete». Lehen saioetan bakoitzak bere etxean jartzen zuen musika, eta koordinazio arazoak sortzen. Gauzak deskubrituz eta saioak txukunduz joan dira astetik astera, egoera jasangarriagoa eginez.

Ondo daki hori Edurne Aranzabal frantseseko irakasleak ere. Inondik inora berdin iruditzen ez zaion arren, online eskoletara ohitzen hasia da, eta moldaketak egin ditu egoera hobetzeko. «Hasieran desastre bat zen, orain ez naiz hain urduri jartzen». Malgu jokatzen ikasi du Aranzabalek eskolak eman ahala. «Aurrez aurreko saioetan bost ikasle ditut aldi berean, orain binaka edo hirunaka banandu ditut». Frantses eskolak ematen ditu Bergaran (Gipuzkoa), orain artean presentzialki. Haurren eskolak bertan behera utzi, eta nerabe nahiz helduen saioei eutsi die. Edukietan ere zenbait aldaketa egin ditu: «Ahozkotasuna eta idazmena gehiago lantzen ditut orain, ikasitako gramatika erabiltzen dute».

Ikasleek eskertu egiten diote Aranzabali egindako esfortzua: «Menperatzen ez duzun hizkuntza bat hilabetez alboratzen baduzu, asko galtzen da», hala uste du Karmele Uribesalgo ikasleak. Astiroago bada ere, soka ez moztea da garrantzitsuena. «Astean idazlan bat egiten dugu, eta mintzamena gehiago praktikatu, gramatika azaltzea askoz zailagoa litatzeke». Uribesalgok uste du gramatika ulertzeko arbela eta zuzeneko harremana beharrezkoak direla. «Orain, bere koadernoan apuntatzen ditu hitzak, eta pantaila aurrean jarri, baina ezagutzen ez dudan hitz bat pixelatuta ikustean, askotan ez dakit ezta nola idazten den».

Paperaren falta

Halere, ikasketa forma guztiak ez daude molde digitalerako prestatuta. Paperak inprimatu eta banatzeko ezintasuna deseroso bihurtu da batzuetan. « Familia batzuek ez dute inprimagailurik etxean, eta, lehen, partiturak banatzen nituen ikasgelan; orain, telefonoan begira dabiltza, eta ez da erosoa», azaldu du Agirrek. Hizkuntza ariketekin antzera gertatzen da, fitxak Whatsappez edo posta elektronikoz bidalita konplexuagoa da ariketak egitea.

Irakasleek aitortu dute arrotzagoa egiten zaiela horrela irakastea, zuzeneko harremanik ez izateak prozesua korapilatu egiten duela. Halere, ziur daude lana ez dela alferrik izango. Ikasleek estimatzen diete ahalegina.

Dokumentuaren akzioak