Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kabalkada Arberoan

Dokumentuaren akzioak

Kabalkada Arberoan

Egilea
Xexil Etxart, Joelle Agergarai, Maialen Etxart
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Tokia
Arberoa
Mota
Albistea
Data
2025/11/21
Lotura
Iparraldeko Hitza

 

Kabalkada Arberoan

 

Azaroaren 7an Artetxean eman hitzaldian, Peio Berterretxek kabalkaden mundua bere begirada zorrotz eta kritikoarekin azaldu zigun. Hitzaldia interesgarria izan zen, eta Peiori eskerrak eman nahi dizkiogu, ikasirik baina ere, bere hitzaldia gogoeta iturri bihurtu baitzen ondotik ostatu xokoan, funtsean solasaldi hori da idazki honen abiapuntua. Entzun genuen kabalkada baten egiteko helburu bat behar zela, gizarteari zerbait errateko gogoa edota beharra. Eta naturalki galdera hau jin zaigu: guk zer plazara genezake Arberoan?

Egia da gure ibarrean badela salatzekorik, gure herrietan jende diruduna sarrarazten duen etxebizitzen merkatua, mendiko suteen kudeaketak sortzen duen kezka, zenbait herriko etxeren aldetik bereziki ikastolako haurrek pairatzen duten diskriminazioa, oro har euskararen aldeko hizkuntza politika ausart baten eskasa… Horiek lirateke kabalkada baten erdigunean jar genitzakeen gai minberak, zuzenak bagina.

Baina ausartzen bagina… nork parte hartuko luke? Nork segituko gintuzke?

Eta antzerkia politikoki zuzena eginez gero, mitxa eta zentzua gal litzake, kabalkadaren funtsa ez baita zurikeria! Zer aukera gelditzen zaigu? Jendeen jorran aritzea? Garai bateko galarrotsetan egiten zen bezala? Baina ados gara horrelako trufei ez diegula lekurik eman nahi gaurko jendartean. Baliteke beste aukera bat, pastoraletan bezala, pertsona ospetsu baten biziaren kontatzea. Baina norena? Gure ustez, ez da oraino sortua hemen omenduko genukeena. Beraz antzerkiarentzat… nola erran, ez gara arras prest!

Antzerkia gauza bat da, beste bat da dantza. Dantza talderik ez dugu, eta gure dantzari ospetsuena, inoiz existitu ez dena, Wentz amerikar artistaren fantasma da, Izturitzeko plaza gibelean hilezkortua duguna betiko. Beraz, dantza berdintsu, zero puntutik abiatu behar genuke.

Musikari eta kantari kontu aldiz kasu, azkar gara, hemen dugu Arberoa txaranga, mutxikoetan ezagun bilakatu dena plazaz plaza. Horri gehitzen badizkiogu gure herrietako sasi-musikariak talde ederra osatzeko ez dugu arazorik izanen. Kantuarentzat, Artetxea Kantuz taldeak kantari sorta ederra baluke, prest eta gogotsu.

Itzulia egina.

Hala ere, harrigarria da : behin baino gehiagotan aipatu dugu kabalkada baten muntatzea, baina sekula ez dugu bururaino eraman. Nolaz hori? Zertan sartuak gara egunerokoan? Zertan ematen ditugu gure denbora eta indarra?

Erantzuna argia da, jende andana engaiatua da egunerokoan, azken urteetan sortu elkarteen eta ikastolaren biziarazten: Arberoa ikastola, Artetxea, Arberoan Zehar, Belorritz, Arberoako Joaldunak, Arberoa Lurra eta Etxebizitza, laborarien merkatu taldea. Denek helburu osagarriak dituzte: euskara azkartzea, lurrak, etxeak eta ondarea zaintzea, ingurumena babestea, euskal nortasuna bizirik atxikitzea, tokiko laborantza eta ekonomia bultzatzea, gure historia ezagutaraztea eta oroitzea…

Jendea ari da. Militanteak badira eta eragiten dute. Ibarra bizi da, sekula baino gehiago.

Ekimen horiek guztiek herrien arteko zubiak eraiki dituzte, saretu gara.

Agian hau bera da gure kabalkada. Gure ekarpena mementoko. Besterik gabe.

Dokumentuaren akzioak