Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jazinto Rivas 'Elgeta' izango dute gogoan, Ferixa Nagusiko jaietan

Dokumentuaren akzioak

Jazinto Rivas 'Elgeta' izango dute gogoan, Ferixa Nagusiko jaietan

Ferixa Nagusiko jaietan keinu bat egingo diote 'intxuzabal' edo 'Elgeta' izenekin ezagutzen zen trikitilariari. Pelikula batean jasotzeko moduko bizitza izan zuen elgetarrak. Antzerki ukituko dantza emanaldia egitea da asmoa, eta gaur egingo dute fandangoa eta arin arina ikasteko lehen entsegua.
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2019/01/12
Lotura
Goiena

Trikitilari gehienek aitortzen dute Jazinto Rivasen garrantzia soinu txikiaren jarraipenean eta bilakaeran. Hil berria den Laja handia, esaterako, Elgeta-ren ikasleetako bat izan zen. Baita ere Maltzeta, Sakabi, Auntxa, Epelarre eta Zialtzeta.

Jazinto Rivas 'Elgeta' izango  dute gogoan, Ferixa Nagusiko jaietan
Jazinto Rivas 'Elgeta' 1942ko San Tomas egunean ikasle izandako Sakabirekin eta Auntxarekin batera.

Mito eta legenda asko sortu dira Elgeta-ren inguruan, eta Herri Eguneko dantza emanaldian keinu bat egin nahi diote herrikideek. Antzerki ukituak izango dituen dantza emanaldi bat egitea dute buruan, eta ekimen irekia izatea nahi dute. Hala, gaur, urtarrilak 25, kiroldegiko gimnasioan egitekoa duten saiora gonbidatuta daude elgetarrak.

Ezagutu zutenek esan dute musikarako sen apartekoa zela Elgeta. Musikatik atera nahi izan zuen bizimodua soinua inon ikasterik ez zegoen garaietan eta lana zenik ere inork uste ez zuen sasoi batean.

Goimendi auzotik Eibarrera

1906an jaio zen Jazinto Rivas, Donostian. Kutxan utzi zuten eta Goimendi auzoko Intxuzabal etxekoek hartu zuten semetzat. Eibarren hasi zen soinu-jole eta sasoi hartan Lasturtik etortzen zitzaion Sakabi eskolak jasotzera.

Gerran boluntario joan zen eta hamabi urte eta egun bateko kartela zigorra jaso zuen. Cadizen amaitu zuen langile batailoi batean. Presoaldia ez zen hain luzea izan; izan ere, soinuarekin agertu zen, Donostiako San Tomas egunean, 1942an.

Gerraostean Urolarako joera handia izan zuen, beti soinuarekin. Baserriz baserri ibili zen irakasle, eta trikitilarien errepertorio urria aberastu izana aitortzen diote adituek. Dantza loturako tresna egin zuen trikitia.

Erretiro gogorra izan zuen. Donostiara joan zen gainerako trikitilarien artetik urrunduta. Hiriburuko Miserikordian hil zen 1964ko urtarrilaren 30ean.

Lehenengo entsegua, gaur

Iazko jaietarako sortu zen talde bat, herrikoak diren Egoarbitza eta Arratera begira dantzak eskaintzeko, aspaldiko partez. Umeen urteroko euskal dantzen emanaldiaren ostean egin zuten saioa.

Aurtengo jaietan, fandango bat eta arin arin bat dantzatuko dituzte, eta aukera baliatuko dute Jazinto Rivas Elgeta gogora ekartzeko. Antzerki ukituak izango ditu emanaldiak, baina zehazteko dago oraindik zein forma hartuko duen. Hain zuzen ere, fandangoa eta arin-arina ikasten hasiko dira. Kepa de Vegak egingo ditu irakasle lanak eta gaurko, barikua, iragarri dute lehenengo entsegua, 19:00etan, gimnasioan.

Herritar guztiei dago zabalik ekimena. Adierazi dute, hori bai, entseguak jaietako emanaldia prestatzeko direla, eta bertaratzen direnei Herri Eguneko saioan parte hartzeko konpromisoa eskatzen diete.

Dokumentuaren akzioak