Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jai giruoa nagusi Nafarroaren Egunaren 40. urteurrenean

Dokumentuaren akzioak

Jai giruoa nagusi Nafarroaren Egunaren 40. urteurrenean

Urtero bezala euskal herri osotik gerturatutako milaka lagunek baigorri hartu zuten, basaizea elkarteko antolatzaileek zioten moduan, «mugarik gabeko nafarroa bat zizelkatzeko eta bide beretik euskal herri batu bat eraikitzeko». Altsasu izan zen nafarroa garaiko herri gonbidatua.
Egilea
Haritz Larrañaga Altuna
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2018/04/30
Lotura
Naiz

Errepide erdian behiak ager daitezkeela ohartarazteko bide bazterretan diren panelen ondoan ezarritako pankartek Euskal Herri osotik gerturatu ziren euskaltzaleei ongi etorria ematen zieten: “40. Nafarroaren Eguna, 1979-2018”.

Autoa non aparkatu esateko herri sarreretan peto berdeekin ziren antolakuntzako kideek bisitarien galderak erantzuten zituzten, eta, haien ondoan, oinez gerturatzen zen jendeari esku orriak banatzen zebiltzan elkarte desberdinetako kideak zeuden. “Check Point” gunea pasa ostean, Baigorriko kaleak, beste behin ere musikaz blai ziren.

Ekitaldia, Gaineko Plazan

«Dantzariak plazatik abiatuko dira, eta han bada eliza ondoan, Gaineko Plaza, han izango dira ikuskizunak», erantzuten zion informazio guneko boluntario batek familiarekin egun pasa gerturatu zen gipuzkoar bati.

Baigorriko ikastolako gurasoek eskainitako gosariek sekulako arrakasta izan zuten. Goizeko hamaiketan, esku bakoitzean arrautza bana zuela, sukaldari batek iragarri zuen: «Azken arrautzak dira». Ordurako 300 gosari banatuak zituzten.

Artean, musikariak norabide guztietan gurutzatzen hasiak ziren, dantzariak beroketa lanetan zebiltzan, eta kale nagusia zeharkatu behar zuten jiganteen arropen jostunak ere azken ukituak ematen ari ziren.

Baigorriko erdigunetik abiatu zen desfileari bidea irekitzeko ardura Anhauzeko joaldunek hartu zuten eta haiek izan ziren Eliza ondoko frontoira iristen lehenak. Haien atzetik, Amikuzeko makilariak sartu ziren, eta, horrela, pixkanaka, plaza dantzari, musikari eta erraldoiez bete zen.

Altsasurekin anaikidetza

Donapaleuko dantzariak, Elizondoko gaiteroak edo Uztaritzeko Txaranga, guztiak aurkeztu zituen aurkezleak, baina, «elkartasunez, aparteko esku zartak» eskatu zituen Altsasuko Etorkizuna dantza taldeko kideentzat. Izan ere, aurtengo Nafarroa Garaiko gonbidatua Altsasu zen. Basaizea elkarteko Amaia Kastorenek «sostengu osoa» erakutsi eta zera aldarrikatu zuen: «Injustizia honen aitzinean, guztiok izan gaitezen euri tanta, uhin handi bat osatzeko».

Duela 40 urte Nafarroaren Eguna antolatzen hasteko zituzten arrazoiek egunerokotasun handikoak izaten jarraitzen dutela ohartarazi zuen Kastorenek, eta, «bakea eraikitzeko tenorea» den honetan, «gurekin ez direnak» ere gogora ekarri zituen.

«Gora Nafarroa» eta irrintzilarien aiene indartsuekin amaitu zen hitzaldiaren ostean, dantzaldi jendetsu bat hasi zen, eta, zeruak ateri eutsi zion artean, giro bikaina izan zen. Mintzalariaren esanetan, «mirakulu bat gertatu da, ez du euririk egin».

Berrogeigarrenez

Ez zuen, ordea, asko iraun «mirakuluak», Elizondo gelan ekitaldi instituzionala egiten ari zirenean erori zen-eta lehen euri jasa. Politikari ezagunez lepo zen aretoan, besteak beste, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak hitz egin zuen herrialdeen arteko «anaitasuna» eta urtean zeharreko elkarlana goraipatzeko.

Aitzitik, kalean ez zen ekitaldi solemneentzako lekurik. Herri bazkarirako ia mila txartel saldu zituzten, eta, denborak aurrera egin ahala, jendea Baigorriko plazan pilatzen hasi zen. Karpa batean kontzertuak, beste batean jakiak, eta musika eta giro ona nonahi. Berriz ere bestak Baigorri hartu zuen, eta, urtero lez, gaua erori arte atsedenik hartu gabe jarraitu zuen, aurtengoan, berrogeigarrenez.

0430_eh_baigorri

Dokumentuaren akzioak