Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iurretako dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Iurretako dantzariak

Jakina den bezala aurtengo San Migelak bereziak izango dira,historian lehen aldiz neskok ere merezi dugun protagonismoa izan, eta orain arte mutilenak soilik izan diren dantza saioetan gure ekarpena egingo dugulako!
Egilea
Iurretako gaur egungo dantzariak
Komunikabidea
Anboto
Mota
Iritzia
Data
2013/09/27

Honako urrats hau, baina, ez da egun batetik bestera lortu. Gaur egungo dantza taldea sortu zenetik gure buruetan bueltaka ibili den ideia bat da, izan ere,  denok uste dugu neskok ere mutilen eskubide berberak ditugula, eta beraiek egiten dituzten dantza saio berberetan parte har dezakegula, denok ere parekoak garelako! Hala ere, nahiz eta ideia horrek buruan bira batzuk eman, ez gara sekula pauso hori ematera ausartu. Arrazoiak? Mila! Herritarrek esango dutenaren beldurra, ohitura zaharrak aldatzeak izango lituzkeen eraginak, eta gazteak garen heinean gauetako parranda luzatuz gero, hurrengo egunean kalejirara joan beharraren galbana! Denok ezagutzen ditugu San Migelak!

Asko izan dira urteetan goizetako kalejirara joatera gonbidatu gaituztenak, azkeneko gonbita udaletxetik bertatik jaso genuen iazko San Migelak baino aste batzuk lehenago. Baina, gonbidapen horiek guztiek ez gintuzten erabat konbentzitzen. Zerbait falta zen! Zer da bada falta zena? Gonbit horiek guztiak kalejira egiteko baino ez ziren. Hau da, neskok mutilokin batera kalejiran parte hartu (horretarako goitik behera jantzi, moinoak egin...) eta ondoren? Inork ez gintuen dantza egitera gonbidatu! Asmoa zein zen pasakailea egitea? Gu ez gaude kalejira egin eta ondoren kantoi batetik mutilek dantza nola egiten duten ikusteko prest. 2013ko urte hasieran buruan genituen ideia guzti horiek, beti bezala, ideia hutsean geratu ez zitezen, guzti honi buruz berba egiteko eta aurreko urtean udaletxetik jasotako gonbita expres horri buelta batzuk emateko geratu ginen eta ideietatik ekintzara pasatuko ginela erabaki genuen. Horregatik, aurtengo San Migeletan (Laixiarreko ensaiotik hasita) neskok dantza saio guztietan hartuko dugu parte! Ordua delako plaza andreak garela erakusteko! Bukatzeko, udaletxeari eskaera bat egin nahiko genioke, pasa den urtean neskok pasakailera joateko eskaera egin zuen bezala, ea udaletxe aurrean dagoen dantzariaren alboan neska bat jartzen duen, Iurretako herriko dantza taldeak mutilez gain neskak ere badituelako!

Besterik barik plazan ikusiko dugu elkar! Gora sanmigelak!

Dokumentuaren akzioak