Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Itsasoa bete dantza

Dokumentuaren akzioak

Itsasoa bete dantza

Baso-Txoritxu Dantza Taldeko kideek itsasoa gaia oinarri hartuta prestatu dute aurten Ibarruriko Dantzari Eguna.
Egilea
Aintzina Monasterio Maguregi
Komunikabidea
Busturialdea Hitza
Tokia
Ibarruri
Mota
Albistea
Data
2025/10/13
Lotura
Busturialdea Hitza
Muxika

Ibarruriko Dantzari Eguna ospatu zuten atzo [urriak 12], eta beste urte batez, eguerditik gauera giro ederra sortu zuten bertan bildutakoek.

Andra Mari elizaren paretik frontoiraino kalejiran joan ziren dantzariak eta musikariak eta bertan eskaini zuten ekitaldia.

 

Etxanoko erraldoien balsagaz hasi zuten eguerdiko ekitaldi nagusia. Jarraian, Irene Ojangurenen zuzendaritzapean, Ibarruriko koruak Amets egin itsasgizona kantatu zuen: “Azken urteetan beti gairen bat egon da dantzari egunean, prestatu den ekitaldia kohesionatu duena, eta aurten itsasoa izan da. Izan ere, hainbeste urtetan hainbeste gai jorratu eta gero, konturatu ginen itsasoa oso gutxitan atera dugula, eta Euskal Herriak itsasoagaz harreman oso estua eduki du mende askotan. Ibarruri itsasotik ezkutuan dago, baina hemendik ez oso urrun arrantzale herri asko daude. Gaur gure kanta eta dantzak itsasoari lotuta egon dira edo itsasoko lanbide eta itsasoari lotzen dizkiogun sentimenduekin. Itsasoa klasiko bat da euskal kantutegian, eta horren adibide da Argoitia anai-arreben Amets egin itsasgizona“. Elantxobetik ekarritako trainerua, arraindegia, itsasargia, Kaixarrankako kaixak… frontoia ere gaiagaz lotutako elementuekin dotore apaindu zuten. Gainera, iaz bezala, aurten ere palestinarrei elkartasuna eta babesa erakutsi dizkiete, eta ikurrinak eta Palestinako banderak edukitzeaz gain, Gernika Palestina Herri Ekimenaren elkartasun zapiak jantzi zituzten dantzariek.

Dantza emanaldia Dantzari Dantzagaz hasi zuten. Gaur egun Baso-Txoritxu Dantza Taldea osatzen duten ume eta gaztetxoekin batera, dantzari egunean hutsik egiten ez duten dantzari nagusiagoek ere dantzatu zituzten Agintariena, Banangoa eta Txotxongiloa. Ostean, dantza taldeko sardineren txanda izan zen: “Gure kantutegian agertzen dira Santurtzitik Bilbora sardinak saltzen joaten ziren sardinerak, baina hona Bermeotik eta Elantxobetik etortzen ziren, otzarak buruan hartuta, etxerik etxe arraina saltzen. Eta gure aipamena egin diegu horiei”. Sardinerak dantza amaituta, Itsasoari begira kantatu zuen abesbatzak, eta segidan, frontoia bete zuten berriro ere dantzariek, Larrain dantza eskaintzeko.

Gero, egunerako beren-beregi sortutako dantzak heldu ziren. Baso-Txoritxuko umeen guraso taldeak Ken Zazpi taldearen Itsasoa gara kantagaz osatu zuen berea, abesbatzak lagunduta.

Baso Txoritxu

Asier Egiartek, berriz, Zetak-en Hileta kantu nafarra abestiagaz dantzatu zuen frontoiko horman. “Itsasoak poz asko eman dizkio herri honi, baina, seguruenik, hutsune asko ere bai. Kanta honekin agur eta omen esan gura izan diegu itsasoak urrun eramandako denei”. Ondoren, etorkizuna olatu gainean agertu zen; gaur egungo dantza taldeko ume eta gaztetxoek hasierako dantzetarako erabilitako dantzari arropak kendu, eta loredun alkondarak jantzi zituzten. The Uski’s taldearen Horrelako olatu batek hilko nau abestian oinarrituta eurek sortutako koreografia dantzatu zuten: “Batzuetan gazteak atzetik datozenean, beldurra ematen du, baina beste batzuetan poza. Baso-Txoritxuk zorte handia dauka, etorkizuna olatuen gainean datorkiolako, indar zein alaitasun handiagaz”.

Ibarruritik Bermeora. Ekitaldia amaitzeko, Bermioko portuan abestu zuten abeslari, dantzari eta publikoak.

Herri bazkarian 130 bat lagun elkartu ziren, eta bingo musikatuan jolasten ibili ziren bazkalostean. Eta, eguna dantzan hasi eta amaitu behar zutenez, Luhartz erromeria taldeko kideak lagun izan zituzten. Horrela, egun handia ederto biribildu zuten, eta Baso-Txoritxu Dantza Taldeko kideek eskerrak eman dizkiete dantzariei, musikariei, ikusleei eta eguna antolatzeko lanean aritu diren guztiei: “Gaurko eguna auzolanean aurrera ateratzen duen herri eta taldetxo bat gara, eta eskerrak eman gura dizkiegu eguna antolatzeko lanean aritu diren denei, baita bestelako laguntza eskaini dutenei ere”.

 

 

Dokumentuaren akzioak