Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iraultzaren bost hamarkadaren emaitza, Kapitain Etxean

Dokumentuaren akzioak

Iraultzaren bost hamarkadaren emaitza, Kapitain Etxean

Iraultza Dantza Taldearen 50 urteko ibilbidea laburtzen duen erakusketa zabalik da Jantziaren Zentroan. Ekainaren bukaerara arte bisita daiteke.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2021/04/24
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Jantziaren Zentroko erakusketaren irudi bat.

1971an sortu zuten Iraultza Dantza Taldea. Beraz, aurten 50 urte beteko ditu kultur eragileak. Mende erdian dantzari ekin diote nonahi, baina oso nabarmentzekoa da jantzien ikerketan egindako lana. Hala, ondare hori guztia jendartearen esku jarri nahi dute, eta horretarako erakusketa atondu dute Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroan. Pandemia aroa izanik, Iraultzakoak penatuta gelditu dira urteurren biribila era zabalago batean ospatzeko aukerarik ez dutelako izan.

Bi zati ditu erakusketak. Lehenean, hamalau jantziz gozatzeko aukera dago. “Zaila izan da aukeraketa”, esan dute Iraultzakoek. Izan ere, bost hamarkadako bidean 500 bat izan dira sortu dituzten jantziak: “Bakoitza dantza taldearen garai bat, gizarte bat, hamarkada bat eta dantzan ezagututako lagun talde baten ispilu da”. Hamar jantzi emakumeenak dira eta gainontzeko lauak gizonenak, eta haien ondoan, behar diren xehetasun guztiak daude ezarrita, baita jantzi horiek erabili ziren unea argazkian.

Bigarren zatia irudiei eskainitakoa da. Asko dira 50 urteko bidean Iraultza Dantza Taldeak bildutako argazkiak, eta horri era batera edo bestera eragilearekin harremana izan dutenek emandako irudiak gehitzen bazaizkio, apartekoa bihurtu dute argazkien atala, 1.000 biltzeraino. Horiek digitalizatu eta artxiboa osatu dute. Eta erakusketan pantaila baten bitartez ikus daitezke; era guztietakoak dira, eta bertan dantzari ohiak, uneak, dantza saioak eta beste asko ikus daitezke.

Asteburu honetan zabaldu dute Iraultzaren 50. urteurreneko erakusketa eta ekainaren bukaerara arte izango da zabalik, asteburuetan: larunbatetan 11:00etatik 14:00etara goizez eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez, eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Maiatzaren 1etik 15era, ordea, itxita izango da Jantziaren Zentroa. Erakusketa iraunkorra aldatzeko baliatuko dute tarte hori.

1971tik, iraultzan
Iraultzakoek 50. urteurrenaren aukera baliatu dute euren oinarrietara hurbildu, eta zer eta zergatik egiten duten zabaltzeko. Horren arabera, euren jardunean hainbat mugarri ezarri dituzte, esteka honetan klik eginda ikus daitezkeenak.

Bestalde, ondoko testua Iraultza Dantza Taldekoek egindakoa da, euren hastapenak eta bidea zehazten dituena:

1970ko hamarkadakoa da irudia. Iraultzakoak, Sorgin Dantza betean.

“Iraultza dantza taldea 1971. urtean sortu zen Telleri-Aldeko mutil talde batek Gaztedin etseatzen zuen neska talde batekin bat egin ondoren. Diktaduraren azken urteak izaki dantza taldearen izena ofizialki erregistratzeko unean, “Iraultza” “aurrerapena” zela esan zen agintarien aurrean, benetako esanahia ezkutatu zen, alegia “matxinada”. Eta horrelakoa izan da Iraultza Dantza Taldea oin bat tradizioan, gure arbasoen ohiturak errespetatuz, baina aldi berean, jakituria hori berreskuratu eta belaunaldi berrien esku jartzen aitzindaria, iraultzailea.

Lehen urteetan dantzak ikasteari eta berreskuratzeari ekin zion Iraultzak, horretarako aukeratutako dantza bere sorterrian ikasten zen, bertako dantza taldearen eskutik edo agureengandik. Dantza bakoitzak bere jantzia zuen eta pixkanaka jantziak egiten, josten, hasi ziren. Dantzatik harago tradizioari heldu zitzaion eta bestelako ohiturak berreskuratu ziren 1990eko hamarkadatik aurrera: XX. mende hasierako euskal ezkontza, Urdiaingo San Juan bezperako kantaia…

25. urteurreneko ospakizunak handiak izan ziren (1996an), aste kulturala antolatu zen, eta Madalen jaien hasierako txupinazoa bota zuen Iraultza Dantza Taldeak. Aurtengoa, urteurren biribila da, urrezko ezteiak ospatzen ditu, baina 2021. urtea pandemia urtea da, eta ezinezkoa da taldeak nahi bezalako ospakizuna egitea, ezin dantzari ohiekin bazkari edo afaririk egin, ez eta dantza ikuskizun ala jantzi desfilerik.

Modu xumean bada ere, Iraultza dantza taldeak bost hamarkada horiek gogoratu nahi ditu, eta hori da hain juxtu Kapitain Etxean topatuko duzuen erakusketaren helburua.”

2005eko irudian, Ziezoko Dantza bitartean

Dokumentuaren akzioak