Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iratxe Ansa koreografo eta dantzari donostiarrak irabazi du Espainiako Dantza Saria

Dokumentuaren akzioak

Iratxe Ansa koreografo eta dantzari donostiarrak irabazi du Espainiako Dantza Saria

Iratxe Ansa dantzari, koreografo eta irakasle donostiarrari eman diote interpretazioaren alorrean Espainiako Dantza Saria. Epaimahaiak «interpretatzaile bezala hartzen duen dimentsioa» baloratu du, baita «etengabeko bilakaeran» dagoen teknika ere. Sormenaren kategorian Jesus Carmonarentzat (Bartzelona, 1985) izan da saria.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2020/10/19
Lotura
Naiz

ratxe Ansa dantzari, perfomer, koreografo eta irakasle donostiarrak Espainiako Dantza Saria jasoko du Interpretazioaren alorrean. Epaimahaiak astelehen honetan eman du ebazpena jakitera eta, bertan azaldu duenez, «interpretatzaile bezala hartzen duen dimentsioa» izan da hautatua izateko arrazoietako bat. Dimentsio horri esker, erantsi dute, «fisikoa den lanaz harago distira egitera eramaten du». Ansaren teknika «etengabeko bilakaeran dago»; horretarako gorputza lantzeko duen modua saritu nahi izan dio epaimahaiak. 

Iratxe_ansa
Iratxe Ansa koreografo eta dantzaria, Bilboko Dantzaldia jaialdiaren aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ I FOKU)
         

Era berean, bere ibilbidea nabarmendu dute, «interpretazioen tratamendu koreografikoa, ikerketa sakon batetik aztertutakoa». Horiek, «dantzaz eta sorkuntzaz duten ikuskera pertsonala» definitzen duten ezaugarriak direla erantsi dute adituek. Hauek, ‘Travellus’ (2018) eta ‘Dog hitzaldiak’ (2019) lanetan islatzen diren ezaugarriak dira.

Ansa Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan graduatu zen eta bere ikasketak John Cranko Schule (Stuttgart) zentroan jarraitu zituen. 1993. urteaz geroztik nazioarteko konpainia ezberdinetako kide izan da, hala nola Basileako Balleta, Gulbekian Balleta, Espainiako Konpainia Nazionala (1997 eta 2002 urteen artean), Lyon Opera Balleta eta Nederlands Danse Theater-ekoa.

Koreografo ugarirekin lan egin du (Nacho Duato, William Forsythe, Jiri Kylian, Crystal Pite, Medhi Walerski, Johan Inger, Ohad Naharin, Mats Ek, Nils Christe, Patrick de Bana, Wayne McGregor, Maurice Causey, besteak beste), eta hogei pieza propio sortu ditu.

Ibilbidea aitortu dioten hainbat sari jaso ditu dantzari donostiarrak. 2002an, adibidez, Benois de la Danse bi errekonozimendu jaso zituen Nacho Duatorekin batera, eta urte berean Alemaniako Solo Tanz Internationales jaialdian Publikoaren Hautagaia eta Dantzari Onenaren sariak jaso zituen. Bost urte geroago, 2007an, bere ibilbide artistiko eta profesionalagatik Dantzaren Profesionalen Elkartearen aitortza jaso zuen.

2014. urteaz geroztik, Igor Bacovich dantzariarekin batera dantza garaikiderako beren metodo propioa garatu dute, ‘Metamorphosis Method’ deitua. Proiektuaren inguruan, hain zuzen, dokumental bat egin da.

Jesus Carmona, Sormenaren alorrean

Interpretazioaren alorrean Iratxe Ansaren lana saritua izan den bitartean, Sormenaren kategorian Jesus Carmona bartzelonarrak jaso du aurten Espainiako Dantza Saria. Bere lanaren «sakontasuna» baloratu du Amaya de Miguel Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu espainiarraren zuzendari orokorra buru duen epaimahaiak. Bere ikerketa tradizioari errespetua erakutsiz abiatzen du, baina trebetasunez egiten ditu berrikuntzak, goraipatu dutenez.

Dokumentuaren akzioak