Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ikusi ez eze, hausnartu ere egiteko folklore festa

Dokumentuaren akzioak

Ikusi ez eze, hausnartu ere egiteko folklore festa

Dantza bizi eta koloretsuak, indarrez bete-beteak, eta erroak 1940ko hamarkadan dauzkan talde baten ikuskizunak. Horiexek eramango ditu aurten agertokira Herrien Arteko Foklore Jaialdiak, Barakaldon. Betiko ardatzaren inguruan osatu dute egitaraua: herrietako folklorea ezagutarazteko lanaren inguruan. Hala ere, berritasunak ere izango dira. Besteak beste, folkloreari buruz hausnartzeko tartea eta lurralderik gabeko kulturen presentzia bermatu nahi izan dituzte. Hilaren 11ra arte, dantzaren hiriburu bihurtuko da herria.
Egilea
Natalia Salazar Orbe
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/12/01
Lotura
Bizkaiko Hitza

Ibarra-Kaldu dantza taldeak antolatzen du folklore jaialdia. Iaz 50 urte bete zituen elkarteak. Ibilbide luze hori egin ostean, jakitun daude folklorea ez dela ikuskizun hutsa; pentsakizunerako tartea ere baduela herri kulturak. Honela azaldu du Aitor Gorostiza taldeko kideak: “Tarte bat egin diogu hausnarketari, etengabe hausnartu behar dela uste dugulako, folklorearen arloan egiten dugunaz jabetu gaitezen. Izan ere, gauzak egitearen egiteaz inertzian eroriz gero, zentzua galdu eta fosilizatzeko arriskua dago”. Patxi Laborda Aiko taldeko kidea eta Bilboko Musika eskolako dantza maisua gonbidatu dute hausnarketa horri bide emateko: Gureak ote… betikoak omen? hitzaldia eskainiko du. “Horren bidez, jakingo dugu betikotzat eta bertokotzat ditugun kultur adierazpide batzuk ez direla hain gureak eta hain betikoak. Eta kultura aldaketa dela, etengabe eraldatzen ari baita”.

Ekitaldi nagusia datorren asterako aurreikusi dute: abenduaren 9rako. Orduantxe egingo dute dantza saio nagusia, Barakaldo antzokian. Ibarra-Kaldu anfitrioiarekin batera kanpoko bi dantza talde ariko dira: Malagako Solera kultura elkartea eta Cuencako Puebla de Aljibe folklore taldea. Lehenengoak “errepertorio bizia eta koloretsua” erakutsiko du. Bigarrena “talde beteranoa” da: “Ofizialki 1980ko hamarkadaren hasieran eratu bazen ere, 1940ko hamarkadan ditu erroak”.

Egun bat lehenago egingo dute musika ekitaldi nagusia. Ibarra-Kalduko musikariez gain, Kilika bertso eskolako bertsolariak eta bi gonbidatu berezi izango dituzte: Kale Dor Kayiko ijito elkarteko musika taldea eta Iratxe Mugire abeslaria.

Gorostizak azaldu du interes berezia zutela Kale Dor Kayiko taldea ekartzeko. “Euskal Herriko ijitoen nortasunaren eta berdintasunaren alde jardun du 1989tik hona. Ijito herria jaialdian izan zedin nahi genuen, askotan ahazten ditugulako lurralderik gabeko kulturak era honetako jaialdietan. Herria berdin lurraldea ekuazioa egiten dugu buruan. Zor hori kitatu beharra sentitzen genuen”.

Bestalde, Mugirek, oholtza handietan oso ezaguna izan ez arren, musikan bide luzea egina duela azaldu du Ibarra-Kalduko presidenteordeak: 12 urterekin hasi zen konposatzen, 17 urte zituela grabatu zuen lehen diskoa, eta bigarrena iaz kaleratu zuen. “Baina zaila da nor bere herrian profeta izatea”. Musika oholtza horretarako ere baliatu nahi dute: “Han, hemen eta inguruan konturatu gabe ditugun talentu berriez ohar gaitezen”.

Egitarauko ekitaldi guztiek dute egiteko bat. Dena dago pentsatuta, eta denak du zer hausnartu. Kilika bertso eskolaren eskutik bertso afaria izan zen joan den ostiralean. Hala ere, beste jardueretako aurkezle lanetan jardungo dira jaialdian. Izan ere, bertsolaritzaren alderdi komunikatiboa ere azpimarratu nahi izan dute.

Anfitrioiek, azkenik, emankizun bereziak prestatzen dituzte, urtero, musika eta dantza saioetarako. “Berebiziko ahalegina egin dugu Zuberoako Maskaradak oholtza gainera eramateko, iraupena halabeharrez murriztu arren, jatorrizkoaren haria eta sinbolismoa gal ez daitezen”.

Euskal Herriko zein atzerriko dantzak plaza eta agertokietan plazaratzen jarraituko du jaialdiak; zaharrak zein berriak, Ibarra-Kaldun argi baitaukate kultura eta folklorea etengabe biziberrituz doazela.

Ikusi ez eze, hausnartu ere egiteko folklore festa

Dokumentuaren akzioak