Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herriko bizilagun handienei aitortza egin diete

Dokumentuaren akzioak

Herriko bizilagun handienei aitortza egin diete

‘Oiartzungo erraldoiak’ izeneko ipuina kaleratu du udalak, Ane Narbarte eta Lur Kortarekin batera. Xanisteban Egunaren bezperan laukoteak «arazo txiki bati» egin beharko dio aurre istorio honetan.
Egilea
Imanol Saiz
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Oiartzun
Mota
Erreportajea
Data
2022/07/01
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

 

Ane Narbartek egin ditu ilustrazioak.
Herriko haurren artean hain kuttunak diren Antton, Kattalin, Joxepa eta Exteban erraldoiek kale eta plazetatik paperera egin dute salto, udalak Oiartzungo erraldoiak izeneko ipuina kaleratu berri baitu. Herriko bi sortzailerekin elkarlanean egin dute argitalpena, Lur Korta eta Ane Narbarte aritu dira ukondoz ukondo. Lehenak testua jarri dio ipuinari, eta bigarrenak, irudi eta kolorez bete ditu orriak.

Oiartzungo haurrei «erraldoien identitate eta ezaugarriak gerturatzea» da argitalpenaren asmo nagusia, hori kontatu du bikoteak. Haurren artean ezagunak diren arren, Narbartek aipatu du askok oraindik ez dutela laukotearen historia eta jatorria ezagutzen, horregatik «ikusgarritasun» hori eman nahi izan diete herriko bizilagun handienei. «Gogoz jaso dut proposamena, herrirako proiektu oso polita iruditzen zait».

Ipuina jaien atarian kokatu dute, Xanisteban Egunaren bezperan (abuztuaren 2an) hain zuzen, eta laukoteak bizitako abenturatxoa jaso dute. «Txupinazorako prestatzen hasten dira, baina arazo txiki bat izango dute kalera ateratzeko…», aurreratu du Kortak. Testua, osorik oiartzueraz idatzita dagoela gaineratu du idazleak, «bertakoa da guztiz».

Ipuina biribiltzeko, abesti bat ere kaleratu dute. Ipuinean bertan irakur daiteke abesti honen letra, eta QR kode baten bitartez, zuzenean entzutera eramango ditu irakurleak. «Kantak koreografia bat du, dagoeneko grabatu dugu. Asmoa da aurtengo jaietan herriko haurrek erraldoiekin batera dantza dezatela, haurrak inbolukratzea da asmoa». Hori ohitura bilakatu nahi dutela erantsi du Narbartek.

Elkarlana nabarmendu nahi izan dute biek. «Hasieratik feeling-a izan dugula uste dut, plazera izan da elkarlana, Anek oso erraz jarri dizkit lanak». Artistak ere aitortu du oso gustura aritu dela Kortarekin batera, «primeran» moldatu direla.

Kortak gaineratu du, bereziki etxeko txikienei begirako ipuina izan arren, denei begirako argitalpena dela, «ipuin batek ez baitu adinik» idazlearen arabera. Ipuina erostera animatu ditu herritarrak, «Oiartzungo historiaren zati bat delako». Argitalpena Urrats paperdendan eskura daiteke, 10 euroan. 

Dokumentuaren akzioak