Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Harriak gorpuzten ditu

Dokumentuaren akzioak

Harriak gorpuzten ditu

'Harria' proiektua ondu dute Iñaki Palaciosek, Mulixka dantza taldeak eta Iñaki Perurenak elkarlanean. Musika, dantza eta poesia uztartu dituzte ikuskizunean
Egilea
Aitor Biain
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/09/13
Lotura
Berria

«Jendeak uste okerrak ditu txistuari buruz: musika tresna leuna da, goxoa, eta bestelako doinu ederrekin elkartuz gero, are ederragoa da haren soinua». Iñaki Palaciosek bigarren aukera bat eman nahi dio txistuari. Jai eremutik kanpo ere musika tresna erabilgarria dela erakutsi nahi du musikariak beste behin, eta bestelako soinuekin ere uztartu daitekeela. Txistuaz duen ikuspuntu berritzaile eta garaikide hori oinarritzat hartuta ondu du Palaciosek proiektu berria: Harria. Mulixka dantza taldea izan du bidelagun oraingoan ere, eta musika, dantza eta poesia uztartzen ditu. Txistua da proiektuko protagonista nagusia, baina harria da oinarria, haren bidez josten baitira elementu guztiak.

Ez da Palaciosek eta Mulixka taldeak elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. Lurra, ardoa eta dantza ikuskizuna eratu zuten elkarrekin 2017an, Arabako Errioxa eta mahastiak elementu nagusitzat hartuta. Disko bat eta ikuskizun bat aurkeztu zuten orduan, eta hala egin dute orain ere. Proiektu hark izandako harrera onak animatu ditu ikuskizun berria sortzera, hain zuzen. «Errepikatu izana seinale ona da. Baina dagoeneko zaila bada aurreneko lan on bat egitea, are zailagoa da bigarrengoa ere maila berekoa izatea. Baina lortuko dugulakoan nago», adierazi du Josu Sanchez dantzariak. Bera arduratu da Palaciosen musikari koreografia jartzeaz.

Oraingoan, ordea, euskal kulturaren «sustraietara» joan nahi izan dute proiektu berria sortzerako unean. «Uste dugu gure kulturari sakonki lotuta dagoen elementua dela harria. [Iñaki] Perurenak berak gogorarazi zigun moduan, harri baten bueltan hasten da bizitza, eta harri baten azpian amaitu. Horregatik aukeratu genuen harria proiektuaren elementu nagusitzat», esan du Sanchezek.

Musika eta dantzaz gain, hirugarren elementu bat ere izango du ikuskizunak: poesia. Iñaki Perurena harri jasotzaile ohiak harriari buruzko «hausnarketa pertsonalak» errezitatuko baititu zuzenean. «Bere barruko sentimenduak adieraziko ditu, harriarekin izandako bizipenak kontatu. Izugarrizko bultzada emango dio ikuskizunari». Sanchezek kontatu duenez, Leitzara (Nafarroa) joan ziren harekin hitz egin eta proiektuaren nondik norakoak azaltzera. Elkarlanean aritzea eskaini zioten Palaciosek eta Sanchezek, eta segituan jaso zuten haren erantzuna: «Berehala eman zigun baiezkoa, baiezko borobila gainera. Haren hitzetan, harriari asko eman diezaioke oraindik, eta asko zor».

Pop, rock eta bestelakoak

Harria proiektuak taularen gainean biltzen ditu elementu guztiak, baina musika du abiapuntu. Txistua erdigunean jarrita, askotariko estiloetako kantuak sortu ditu Palaciosek. Hamar kantuk osatzen dute proiektuaren izen bereko diskoa. «Ez da pop, rock edo folk disko bat. Baina kantuetan nabarmendu daitezke estilo bakoitzaren elementu ezberdinak, baita euskal musika tradizionalari lotutakoak ere. Guztiak gaur egunera ekartzeko ahalegin berezia egin dugu», azpimarratu du Palaciosek. Gitarra elektrikoak, bateriak, baxuak, trikitiak eta harrizko txalapartak gorpuzten dituzte txistuaren doinu leunak, abesti alai eta dantzagarriak sortuz.

Palaciosen hitzetan, ez da erraza izan musika tresna desberdinen arteko elkartze prozesua; «esperimentazio bat» izan dela adierazi du. «Tresna bakoitzak bere soinua dauka, eta lehen kolpean, agian, arraro egiten zaigu belarrira». Hala gertatu zaio, esaterako, txistuaren eta harrizko txalapartaren kasuan. «Hori gertatzen da elkarren ondoan jartzeko ohiturarik ez dagoelako. Elkar partekatzen dituzten puntuak bilatuz gero, soinu borobila lor daiteke». Biribiltasun hori lortu duela uste du Palaciosek; gustura da emaitzarekin, eta askotariko entzuleengana iristea nahiko luke. Hain zuzen, kantuetako asko harrizko txalapartaren doinuetatik abiatuta gorpuztu dira.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Mecca estudioan grabatu zuten diskoa, apirila eta ekaina bitartean, Mikel Ezeiza eta Igor Ezeizaren gidaritzapean. Bakarka egin zuten grabaketa, baina zuzenean, «freskotasun aire bat» izan zezan. Vital Fundazioaren laguntza izan dute proiektua gauzatu ahal izateko.

Estreinaldia, larunbatean

Palaciosen musikari mugimendua erantsi dio Sanchezek. Haren koreografiek ere lotura zuzena dute harriarekin, nola ez. «Ez dugu protagonista bakar bat duen istorio bat kontatuko, baizik eta harriaren bueltako istorio txikiak kontatuko ditugu dantzaren bitartez». Hainbat herri kiroletan oinarritu da Sanchez koreografiak sortu ahal izateko, eta ikusgarri izango dira une oro ikuskizunean: harri-jasotzaileak, harri zulatzaileak, harri tiratzaileak... «Ikuskizunak emozioen errusiar mendi bat sortzen duela esango nuke. Entseatzen dugun aldiro hunkitzen gara gu; hori bera ikus-entzuleei transmititzea nahiko genuke», azpimarratu du Sanchezek.

Gasteizko Foru plazan egingo dute aurkezpen emanaldia, larunbatean, 21:30ean. Palaciosek adierazi duenez, Perurenak lortutako «balentria guztiak omentzeko», ikuskizunaren oholtza lurrean jarriko dute beti. «Plaza eta kale ikuskizuna da Harria, estetika garbia duena. Emozioetara heldu nahi dugu ikuskizunarekin. Txistua eta dantza kalean egoteko sortu ziren, eta biak elkarrekin jarriko ditugu plazan, guztien gozamenerako».

Mulixka taldeko dantzariek jarriko diete mugimendua Iñaki Palaciosek sortutako doinuei. Irudian, aurkezpenaren une bat, atzo, Gasteizen.
Mulixka taldeko dantzariek jarriko diete mugimendua Iñaki Palaciosek sortutako doinuei. Irudian, aurkezpenaren une bat, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Dokumentuaren akzioak