«Gerra Zibilak etena ekarri zuen euskal kulturara, baina ez zen basamortua izan»

1936ko gerrak gogor astindu zuen Euskal Herria, bai eta pizkundean zetorren eta indartsu taupaka ari zen euskal kultura ere. Etena izan zen, latza, baina ez zen erabateko itzalaldirik gertatu.

Egilea
Amagoia Mujika
Hedabidea
Gaur8
Mota
Elkarrizketa
Data
Lotura
Gaur8
(Argazkiak: Aritz LOIOLA | FOKU)

Udako ikastaroetan aritu dira “Euskal Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)” gaiaren inguruan. Gerra eta kultura testuinguru berean irudikatzea kostatu egiten den arren, egoera latz horretan euskal kulturak bizirauteko moduak topatu zituen, gerraren zirrikituetatik sartu zen. Etena izan zen, baina ez zen erabateko basamortua. Literatura, dantza, zinema, antzerkia, musika, kirol emanaldiak… Gerrak emandako tarteetan, kultura arnastu zen.

Nola izan daitezke bateragarriak kultura eta gerra?

Ematen du, lehen pentsamendu batean, gerra eta kultura ez direla bateragarriak, gauza oso desberdinak direla eta gerra garai horretan kulturarik ez zela egin. Egia da Errepublika garaitik eta Pizkunde garaitik zetorren euskal kultura hori ahuldu egin zela eta eten izugarri bat gertatu zela. Ezin dugu besterik esan: Gerra Zibilak eten bat ekarri zuen. Baina, hori esanda, onartu behar da Gerra Zibilean kultura egin zela. Kultura egin zen tokiaren arabera, eta ñabardurak egin behar dira. Baina, bai, kultura egin zen Gerra Zibilean.

Zein dira ñabardura horiek?

Herrietan egiten zen kultur bizitza ikertu dut batez ere. Argi eta garbi desberdintasunak daude frontetik hurbil zeuden herrietan eta frontetik urrun zeudenetan. Adibidez, nik azken urteetan hainbat herri ikertu ditut. Batzuk, frontetik oso hurbil zeudenak; Markina, Eibar, Ubide, Lekeitio… Horiek frontetik oso hurbil egon ziren eta plaza militar bihurtu ziren, hegazkinak etorri ziren, bonbardatu egiten zituzten… Orduan jendeak ihes egin zuen eta hor kultur bizitza asko desagertu zen. Hala ere, egia da batailoietan kultur bizitza txiki bat ere egon zela. Baina esan dezakegu frontetik hurbil zeuden herrietan kultur bizitza ia-ia desagertu egin zela.

Aldiz, frontetik urrunago zeuden herrietan -Gernikan, Bermeon, Kortezubin, Ean…- hor, hasieran behintzat, bizitzarekin jarraitu ahal izan zuten eta kultur bizitza ere egon zen. Hor badago desberdintasuna. Lehen ideia hori izan daiteke: Frontetik urrun eta hurbil zeuden herrietan desberdintasunak egon ziren.

Gerra testuinguru batean, zein funtzio dauka kulturak?

Denetarik. Orokorrean begiratuta, kultura zertarako erabili zen Gerra Zibilean? Alde batetik, propagandarako. Bai frankistek, bai eta 1936an sortu zen Eusko Jaurlaritzak ere, propagandarako erabili zuten kultura. Euskaldunak zer garen adierazteko; frankistek zabaltzen zituzten gezurren aurrean hemen herri katoliko bat zegoela adierazteko… Folklorearen, kantuaren, kirolaren edota dantzaren bitartez adierazi nahi zen frankistek esaten zituztenak ez zirela egia. Hori guztia kanpora begira. Atzerrian euskal nortasuna erakusteko modu bat zen kultura.

Baina, barrura begira, zein funtzio betetzen zuen kulturak? Alde batetik, dirua biltzea. Kirol ikuskizun asko egiten ziren, kontzertuak, jaiak, antzerkiak ere ugari… hori dena erabiltzen zen dirua biltzeko eta Bizkaian zeuden beharrizan sozialetara bideratzeko. Bizkaian diot, frontea geldirik egon zen garaian Bizkaiko herriak egon zirelako Eusko Jaurlaritzaren mendean. Bizkaiko herriak eta Eibar. Hor behar sozial handiak zeuden, jende asko zegoen Gipuzkoatik etorria, errefuxiatuak. Gizartean premia handiak zeuden eta kultura erabiltzen zen dirua biltzeko eta beharrak zituzten herritarrei laguntzeko.

Era berean, garai hartan Eusko Jaurlaritzak gerrako hegazkin bat erosi nahi zuen. Eta horretarako ere jai pila bat eta ekintza ugari antolatu ziren, batez ere, Bilbon, baina baita herrietan ere, Euskadirentzat hegazkin bat erosteko.

Konsomol itsasontziaren kasua ere hor dago. Errusiatik zetorren eta armak ekartzen zituen errepublikanoentzat. Frankistek hondoratu egin zuten itsasontzi hori. Itsasontzi horren truke errusiarrei dirua helarazteko ere hainbat kultur ekitaldi antolatu ziren.

Eta kulturak bazuen beste funtzio garrantzitsu bat, herrietan aisialdia eskaintzea. Lehen aipatu dudanez, frontetik hurbil zeuden herrietan kultur bizitza desagertu egin zen. Baina bada kasu bitxi bat; adibidez, zinema oso-oso indartsu egon zen frontetik hurbil zeuden herri horietan. Alde batetik, herritarrei zinemara joateko aukera emateko eta, bestetik, soldaduei ere eskaintza hori egiteko. Gudariak, milizianoak, hor zeuden egun osoan eta haientzat ere bazen zinema. Adibidez, Markinan elkarrizketa mordo bat egin ditut eta kontatu didate egunero egoten zela zinema herrian, baita bonbardaketak oso gertu sumatzen ziren egunetan ere.

Eibar ere oso hurbil zegoen frontetik, plaza militarra zen, baina, hala eta guztiz ere, egunean hiru zinema sesio egoten ziren. Egunero. Eta hori guztia gerrako une gogorrenetan. Lekeitio ere frontetik hurbil zegoen eta egunero zegoen zinema.

Zinemak garrantzi handia izan zuen, herritarrentzat eta soldaduentzat aisialdirako aukera bat zelako. Gero, Bilbon, kultura bizitza indartsuagoa zen, baina herrietan ere mantendu zen. Eta batailoien inguruan ere jai txikiak izaten ziren. Beraz, kulturak askotariko funtzioak izan zituen garai hartan.

Gerra giroan, herritarrak eta soldaduak zineman irudikatzea aztoragarria da. Gerran ere biziraun egin behar da, ezta?

Bai, baina kontakizun horrekin kontuz ibili behar dugu. Gerrak etena ekarri zuen, hori horrela da. Pizkunde garaitik gentozen. Primo de Riveraren diktaduraren garaian eten bat egon zen, baina garai hori bukatuta, Errepublikan sartu ginenean, kultura berpiztu egin zen. Gerrak eten bat ekarri zuen, baina, hori onartuta ere, ezin dugu esan gerra garaia basamortua izan zela. Gerra garaian kultura egin zen eta gauza asko egin ziren; ekimen eta estrategia kulturalak egin ziren, artelanak sortu ziren…

Adibidez, Artetaren “Gerrako triptikoa” lana hor dago. Beti Picassoz hitz egiten da, baina Arteta euskal sortzaileak artelan hori sortu zuen gerra garaian. Literatura ere egin zen. Ezin dugu ahaztu euskarazko lehenengo egunkaria, “Eguna”, gerra garaian sortu zela. Gerrari buruzko lehen eleberria, “Loretxo”, gerra garaian idatzi zuen Txomin Arrutik. “Eguna” egunkarian idatzi zuen zatika eta gero eleberri bat izan zen. Gerra Zibilak etena ekarri zuen, baina ez zen guztiz basamortua izan.

Gero, kulturari buruzko erabaki garrantzitsuak ere hartu ziren. Nazioarte mailan zer irudi emango zen erabaki zen, zinemak eta aretoak bahitu egin ziren eta batailoien edo Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratu. Eta horiek erabili ziren zinema emanaldietarako, antzerkiak egiteko, dirua biltzeko…

Ezin da esan gerra garaian kulturak ezer pasatu ez balitz bezala jarraitu zuela aurrera. Ez da egia, apurketa garrantzitsua gertatu zen. Baina hau ez zen basamortua izan, jendeak bizitzen jarraitu zuen. Frontetik gertu zeuden herrietan, mugimendua asko gutxitu zen. Adibidez, Markinan pilota partidak izaten ziren uda garaian eta gerran ez ziren egon, frontoia milizianoek hartuta zutelako. Baina egunero egoten zen zinema.

Eta Eibarko kasua ere hor dago, oso kasu berezia. Frontetik hurbil zegoen arren, kultura ekitaldi mordoa izaten zen bertan. Solasaldiak, zinema, antzerkia…

Antzerkiak ere iraun zuen gerra garaian.

Antzerkiaren kasua interesgarria da. Errepublika garaian, batez ere, EAJren batzokietan, antzerkiak izugarrizko indarra zeukan. Batzoki askotan zeuden antzerki taldeak. Adibidez, gerra hasi aurreko Aberri Egunean, apirilean, 25 herritan batera eskaini zituzten antzezlanak Euzko Alderdi Jeltzaleko antzerki taldeek. Antzerki mugimendua eten egin zen herri batzuetan gerrarekin. Adibidez, Markinan izugarrizko indarra zeukan, baina bertan behera geratu zen. Baina barruko herrietan, Ean adibidez, antzerkiak egiten jarraitu zuten gerra garaian. Batez ere frontetik urrun zeuden herrietan; Bilbon, Sopelan, Ean, Bermeon…

Aipatu duzunez, gerra garaian kulturaren aldeko erabakiak hartu ziren.

Bai, hala da. Nire ustez, kultura asko erabili zen tresna bezala, funtzio instrumental handia izan zuen; batez ere, propaganda bezala. Baina, horrez gain, izan ziren kultura gertaera garrantzitsuak: euskarazko lehen egunkaria sortu zen, gerrari buruzko lehen eleberria, aldizkari mordo bat… batailoi askok zeuzkaten beren egunkariak eta beren aldizkariak. Eibarko Amuategi batailoiak, esaterako, “Bost miliziana” izeneko hamaboskaria zeukan. Alderdi politikoek ere beren egunkariak eta aldizkariak sortu zituzten gerra garaian. Kultura, zentzu orokor horretan, bizirik egon zen.

Jaiak ere, apaldu bai, baina ez ziren desagertu.

Gerra garaian ematen du herrietako jaiak desagertu egin zirela eta neurri batean egia da, ia desagertu egin baitziren. Baina gero, ondo begiratuz gero, jabetzen gara batailoien inguruan jaiak egiten zirela. Batailoiak beraiek, zeuden herrietan, ekitaldiak antolatzen zituzten; boxeo ikuskizunak, pilota partidak, kantaldiak… Adibidez, Gernikan errefuxiatu pila bat zegoen, tartean asko Tolosakoak. Eta inauteriak indartsu ospatu zituzten. Gernikan bertan dantzaldiak egiten jarraitu zen, kontzertuak egiten ziren…

Ez dugu ahaztu behar, era berean, lehen Euskal Banda Nazionala orduantxe sortu zuela Eusko Jaurlaritzak, Gerra Zibilean. Euzko Eresbatza izena zuen eta 70 musikarik parte hartzen zuten bertan. Gerra aurretik herrietan musika banda mordo bat zegoen eta gehienak desagertu ziren arren, batzuek iraun zuten. Gernikan eta Bermeon, adibidez, bandak jarraitu zuen. Baina herrietako banda gehienak desagertu egin ziren jende gaztea mobilizatu zutelako eta gerrara joan behar izan zuelako. Baina Jaurlaritzak Euskal Banda Nazionala sortu zuen 1936ko urrian. Ez zituen kontzertu asko eman, baina egun berezietan herri ugaritan aritu zen jotzen.

Txistularien banden kasuan, oso indartsu zeuden Errepublika garaian, bai eta aurretik ere. Adibidez, 1927an Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zen. Errepublika garaian ere txistu bandak eta txistulariak indartsu zeuden eta gero ere jarraitu zuten. Batailoiek txistulari bandak zituzten.

Adibidez, Loiolan Eusko Gudarostea sortu zen eta diana txistulariek jotzen zuten. “Jeiki, jeiki” jotzen zuten goizean esnatzeko; eguerdian “Hator, hator”, bazkaltzera etortzeko; eta kuartelera deitzeko, “Itsasora”. Batailoietan txistulariak egon ziren eta dirua biltzeko jaietan ere presentzia izan zuten.

Eta kirol ikuskizunak?

Frontetik hurbil zeuden herrietan ez zen kirol ikuskizunik egon. Adibidez, Markinan zesta-punta garrantzitsua zen, baina gerra garaian ez zen partidarik izan. Eibarko Astelenan ere ez ziren pilota partidak izan. Baina Bilbon, Gernikan edo Mungian pilota partidak izan ziren. Eta irakurri daitekeenaren arabera, Gernikan errefuxiatu mordoa eta mugimendu handia zegoenez, puntako pilota partidak antolatzen zituzten eta jende asko mugitzen zen.

Ezezaguna zaigun kultur errealitatea eta mugimendua izan zen gerra garaian. Baten batzuk kezkatu ziren kulturaz egoera gordina zenean.

Kulturak funtzio asko betetzen dituela uste dut. Euskaldunon kasuan, gure nortasunaren adierazle bat da, gure nortasunaren elementu garrantzitsua. Gure nortasuna zaindu nahi badugu, gure kultura zaindu behar dugu derrigor. Baina beste gauza asko ere ematen dizkigu kulturak. Momentu latzetan balio digu errealitate horretatik ihes egiteko, gaizki dagoenari laguntzeko -dirua bilduz adibidez-. Funtzio asko dauzka kulturak eta egoera zailetan funtzio horiek guztiak azaleratzen dira.

Kulturak lagundu al zuen gerraren zauriak samurtzen?

Leku askotan bai. Nik bederatzi herri ikertu ditut. Herri horietan ez zegoen ezer; beraz, batailoi batek bandera jasotzea gauza garrantzitsua zen eta jaia egiten zen. Musika emanaldi bat bazegoen, berdin. Egoera arintzeko modu bat izan zen kultura. Gerra eten bat izan zen, eten gogorra. Baina, hori horrela izanda ere, gerran kultura egin zen, ez zen basamortu bat izan kulturarentzat.

Eresoinkako kideak Parisen emanaldi batean.

«Gerraren mina eta adierazpen artistikorako grina banaezinak ziren Eresoinkako kideen gorputzetan»

EHUko Gabriel Aresti Katedra Bildumak “Kultura Gerra Zibilean (1936-1939)” liburua argitaratu zuen duela hilabete batzuk. 1936ko gerran izan ziren adierazpide kulturalen azterketa kolektibo bat jasotzen da bertan, diziplina anitzetako ikertzaileek sinatuta.

Liburuak euskal dantzari eskaintzen dio kapitulu bat, Oier Araolaza Arrietak sinatua. «Mugimendu abertzaleak dantza euskal identitatea irudikatzeko eta herritarrak erakartzeko baliatu zuen XX. mendeko lehen hamarkadetan. Gerraurreko urteetako Euskal Pizkundean dinamismo handia erakutsi zuen euskal dantzak. Gerrak erabateko etena ekarri zion euskal dantzari lehen momentuan, baina hilabete gutxiren buruan, euskal kantuan eta dantzan oinarritutako proiektu artistiko handia martxan jartzea ekarri zuen: Eresoinka nazio-konpainia», jaso du bertan. Izan ere, gerra testuinguruan sortu zen Eresoinka, «euskal dantza artistikoki landu, eszenaratu eta zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen kantu eta dantza konpainia», eta 1936ko gerrak iraun bitartean 100 emanalditik gora egin zituen Ipar Euskal Herrian, Frantzian, Belgikan, Holandan eta Ingalaterran.

Araolazak nabarmendu duenez, «Espainiako Gerra Zibilak errotik eten zuen aurreko urteetan euskal kulturgintzaren pizkundean eta, zehazki, dantzaren esparruan gertatutako biziberritzea eta hedapena. Ilunaldi sakona ekarri zion gerrak euskal dantzari; ‘La Argentina’-ren heriotzak iradoki lezake euskal dantzaren beraren heriotza. Baina, suak kiskalitako soroak ongarrituta berpizten diren moduan, gerraren hondamenaren erdian jaio zen Eresoinka, euskal kantu eta dantzaren nazio-enbaxada».

Araolazak aipatzen duen “La Argentina” Antonia Merce zen, XX. mende hasierako espainiar dantzaren izen nabarmena. «Prestatzen ari zen koreografia-lan berrirako euskal dantzatik edan nahi zuen Mercek, eta asmo horrekin jo zuen Aita Donostiarengana. Aita Donostiak taldetxo bat osatu zuen Bernardo Zaldua musika eta dantza adituaren laguntzarekin, eta, horrela, eguerdiko 12.00etan, Garibai kaleko Novedades aretoan egin zuten emanaldia. Gau hartan bertan, Baionan hartua zuen hotelean, Espainiako altxamendu militarraren berri izan zuenean, ondoezik sentitu eta bat-batean zendu zen 45 urterekin Antonia Merce. Espainiar dantzaren eraberritzaile eta XX. mendeko lehen parteko abangoardia artistikoaren ikurretakoa zenak euskal dantzari begira eta euskal dantzaz busti nahian pasatu zituen bere bizitzako azken orduak».

Eresoinkari dagokionez, honako gogoeta egiten du adituak: «Gerraren mina eta adierazpen artistikorako grina banaezinak ziren Eresoinkako kideen gorputzetan. Hondamendi politiko eta militarraren aurrean, dantza eta kantua bihurtu ziren haien babesleku. Beren bizi-ibilbidean jardun artistiko eta kulturala identitate nazionalarekin eta militantzia politikoarekin batera ulertzen zuten hainbat kide batu ziren bertan».