Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Gauza lar beharbada

Dokumentuaren akzioak

Gauza lar beharbada

Koreografia eta musika: Hofesh Shechter. Eszenografia eta jantziak: Tom Scutt. Argiak: Tom Visser. Zuzendari artistikoa: Bruno Guillore. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 1a.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2019/11/05
Lotura
Berria
Hofesh Shechter konpainiak 2016an bisitatu gintuen, Miarritzen, Barbarians izeneko trilogiarekin, eta handik gutxira Bilbora etorri zen bere pieza bat —The Fools—, Ballett Theater Basel konpainiaren eskutik. Bietan atzemandako estiloak bizirik jarraitzen du, eta nik esango nuke Grand finale honetan apoteosira eta apur bat urrunago ere heldu dela, jatorrian dituen gabeziak agerian utzita.

Oso giro ilunean hasi da guztia, konpainiako hamar dantzariak laino ia garden batean murgilduta zeudelarik. Haiekin batera, hamar bat panel handik hartu dute protagonismoa, dantzarien artean desplazatzen zirelako noizean behin, 2001 A Space Odyssey filmeko monolito beltzak sortutako ezinegon bera eraginez. Dantzariak, bitartean, jardun frenetiko bezain kaotikoan zebiltzan, beraien arteko liskarretan orain, talde koordinatuan gero, eta han-hemenka besoak altxatuz, otoitzean edo fusilamendu batean baleude bezala. The Fools-en ere askotan erabili zen jarrera hori, eta dantzarien janzkerak ere —denak alkandora eta praka informalekin, eta harea-tonuen gaman— egoera geopolitiko batera eraman gaitu, subliminalki izan arren. Azken finean, Shechter israeldarra da jatorriz, Londresen aspaldi finkatu bazen ere.

Hasieratik bertatik antzeman dugu konplexutasun handiko lan baten aurrean geundela, eta haren osagaiak askotarikoak eta maila bikainekoak izango zirela. Bost musikarik jo dute taula gainean —harizko instrumentuak gehienbat—, grabatutako musikaren osagarri. Shechterrek berak konposaturiko soinu-bandak dentsitate inguratzaile handia dauka, perkusio pasarte ikaragarriek girotu dute dantzarien jardun harrigarria, eta bat-bateko etenaldietan Txaikovskiren eta Zalwichen pasarteak interpretatu ditu boskoteak, Franz Leharren Merry Widow balsaren zati ezagunarekin batera.

Argiek ere parte hartu dute aktiboki dantzaren diseinuan, bat-bateko giro aldaketak sortuz eta askotan taula gaineko ekintza foku bakar batekin argiztatuz. Dantzariek, bitartean, ez sinesteko moduko energia, zehaztasuna eta koordinazioa erakutsi dituzte uneoro, eta anabasa-eszenen artean irudi kolektibo antolatuak agertu dituzte; lurretik arrastaka eramandako gorpuak, bortizkeria eta basakeria jarrerak han-hemenka, agur militarrak une batean eta dantza tradizionaletakoak ziruditen pasarte laburrak. Panel beltz handiak leku batetik bestera mugitu dituzte, eta musikariek ere agertokiko hainbat lekutatik jo dute.

Dantzarien jardunak iluntasunean jarraitu du askotan, eta une batean iruditu zait panel beltz handi haiek Palestinako apartheida gauzatzeko murruaren piezak izan zitezkeela; baina hori suposizioaren eremuan geratu da. Pausa luzearen osteko atal laburra ez zen batere beharrezkoa, eta, azken emaitza bezala, Shechterren gehiegizko efektibismoa eta balizko diletantismoa nagusitu dira dantzarien maila ikaragarriarekin batera.

Dokumentuaren akzioak