Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezohiko ezpata-dantza bat

Dokumentuaren akzioak

Ezohiko ezpata-dantza bat

Jakin izan banu, aipatu izango nuen. Ez nuen esan gabe utziko 1964. urteko urriaren 12an, tradizioa urratuz, ezohiko ezpata-dantza bat egin zela Antioko baselizan. Ez dakit ezpata-dantzaren historian salbuespen bakarra izan den. Horrenbestez, baten bat konturatu ez bada ere, hasiko naiz gogoratzen urriaren 12a Hispanitatearen eguna dela, pilarica bezala ezaguna, non espainiar izatearen harrotasuna erakustea den.
Egilea
Antxiñe Mendizabal
Komunikabidea
Goiberri
Mota
Iritzia
Data
2017/06/25
Lotura
Goiberri

Egun seinalatu horretan, beraz, duela 53 urte, herriko udal dantzariek segizio berezi bati eskaini zioten dantza: herriko alkatea, Gipuzkoako diputazioko presidentea, Espainiako atzerri ministroa eta Legazpi dorretxean Zumarragako seme kuttun izendatu berria zen Filipinetako enbaxadorea. Bilera esklusiboa izan zen Antiokoa, ez zen ia herritarrik bildu, baina kamera batek grabatu zuen guztia. Aldez aurretik pentsatutako asmo jakin batekin gainera: Zumarragako herriak, Euskal Herri osoak bezala, garaiko erregimen frankistarekiko zuen atxikimendua erakustea eta urte gatazkatsu haietako normaltasunaren berri ematea, errealitatea oso bestelakoa ezkutatuz.

Eta mezua lau haizetara zabaltzeko modurik eraginkorrena garaiko kate bakarreko telebista eta zinema ofizialean, filmen aurretik ematen zuten Noticiarios y Documentales saioan erakustea zen, Nodo esaten zitzaion hartan. Erregimen frankistaren aldeko propaganda hutsa zen saioa, erabateko informazio manipulatua.

Dantzari horietako bat Migel Urteaga izan zen, hogeita bost urte zituenean. Berak kontatu digu udaletxetik deitu zietela eta dantza egiteko agindua eman. Dantzariekin batera zeuden San Pedro, Zenekorta eta Okariz txistulari eta atabalariak, beren adinagatik gerra zibila bere gordintasun osoan bizi izango zuten ziur aski. Ezagutu nahiko nituzke haien pentsamenduak segizio berezi haren aurrean jotzen zuten bitartean. Eta zer pentsatuko zuten jakin izan balute erreportajeari soinua jartzean, ezpata-dantzarenaren ordez, banakoarena jarri ziotela. Manipulazioa eta ez-jakintasuna elkarren eskutik helduta.

Zumarragako ezpata-dantza, magia dantza liburuan erakutsi nahi izan dut gure dantza garaian garaiko arerioak uxatzeko egin izan dela. 1964ko urte hartan gure dantzariek egin zuten ezpata-dantza gogoz baina erregimen frankistaren amaiera artean ez zegoen horren gertu.
Franco 1975. urtean hil zen eta haren itzala noiz arte luzatu den ez nuke esaten jakingo. Oraindik ere iruditzen zait ezpata-dantza askoren beharrean gaudela haren arrastoa guztiz ezabatzeko. Beste ekinaldi bat egin beharko da aurtengoan.

Hona hemen aipaturiko gertakizuna ikusteko helbidea: http://www.rtve.es/filmoteca/no-do/not-1137/1469034/.

Eta bide batez baliatuko nahiko nuke leiho honek ematen didan aukera aipaturiko liburua argitaratzearekin batera, askok eskaini diguzuen arreta eta erakutsitako maitasuna.

http://goiberri.eus/wp-content/uploads/2015/02/Antxi%C3%B1e-Mendizabal-GORRIA.jpg

Dokumentuaren akzioak