Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'EzBerdin Berdinak' ikuskizunak gogoetarako plaza zabalduko du Gasteizen

Dokumentuaren akzioak

'EzBerdin Berdinak' ikuskizunak gogoetarako plaza zabalduko du Gasteizen

Abenduaren 12an izango da, Europa Jauregian. Sarrerak salgai daude jada, Gasteizen egingo den saio bakarrerako.
Egilea
Jon Hidalgo
Komunikabidea
Alea
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2025/11/27
Lotura
Alea
'EzBerdin Berdinak' ikuskizunak gogoetarako plaza zabalduko du Gasteizen
Lehen lau saioetan 700 ikusle bildu ditu ikuskizunak. Argazkia: Eusko Ikaskuntza.

 

Hitza, musika eta dantza elkartuko dituen elkarrizketa sortzaile bat helduko da Gasteiza. Abenduaren 12an, 19:00etan, Europa biltzar jauregiko Almudena Cid aretoan izango da EzBerdin Berdinak proiektuaren saio berria. Eusko Ikaskuntzak eta Kukai dantza taldeak gidatutako ekimen honek diziplina anitzeko euskal sortzaileak bilduko ditu, dantza garaikidea, musika, bertsolaritza eta antzerkia uztartuz, "euskal kulturaren kolore eta ahotsak elkarrizketan" jarriko dituen esperientzia parte hartzaile batean.  

Gaur goizean aurkeztu da ekitaldia Gasteizko Udalean. Bertan izan dira Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotzia, Asier Etxenike Eusko Ikaskuntzaren Arabako ordezkaria eta Joseba K. Perez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

Etxenikek, bere aldetik, ekimenaren harrera bikaina nabarmendu du: lehen lau saioetan 700 ikusle inguruk parte hartu dute Euskal Herriko hainbat txokotan. Gasteizko saioa, bere hitzetan, "esperientzia berezia eta dinamikoa" izango da, publikoak zutik biziko duena, elkarrizketa gune desberdinetatik bidaiatuz. 

Esperientzia errepikaezina

EzBerdin Berdinak ez da ikuskizun soil bat, baizik eta elkarrizketarako eta gogoetarako plaza. "Publikoak ez du eserita jarraituko", baizik eta zutik, oholtzako espazio ezberdinetan sortzen diren dinamika artistikoen artean mugituz. Ikuskizunaren ostean, hausnarketa kolektiborako saio gidatua egingo da, pintxo eta edariekin lagunduta.

Gasteizko saioan Kukai Dantza, Vazkez, Leire Vargas, Sunita, Mixel Etxekopar, Iñaki Dieguez, Zuberoako dantzariak (Beritza elkartea), La Pulga, Chimid Bboy, Xabier Solano, A Cronica eta Josune Velez de Mendizabal izango dira, besteak beste. Horiez gain, tokiko dantzari eta abesbatzek esperientziari kolore berezia eta unibertsaltasuna emango diote.  

Sarrerak salgai daude jada Eusko Ikaskuntzaren webgunean. Kopuru mugatua dute sarrerek, eta azkar ibiltzeko deia egin dute antolatzaileek, saio bakarra izango baita Gasteizen.

Dokumentuaren akzioak