«Ez dugu Euskal Herriko jantzi eta janzkerei buruzko ezagutza minimoa ere»
Behin esan zidaten adina zenbaki hutsa dela, ez besterik. Baina 66 urte betetzera bidean irakurri duzu doktore tesia…
Nik ez dut adina kontuan hartzen. 66 urte beteko ditut martxoan, bai, baina tesia continuum bat da nire bidean. Argia dantza taldean sartu nintzen 1977an, eta, 1985ean, Ikerfolk elkartea sortu genuen. 1992an Atondu proiektua jarri genuen abian: Argiak aurreko urteetan eginiko ikerketetan oinarriturik, gure proiektua festa eta ospakizunetan janzteko jantzien proposamena zen, dantza taldeei ez ezik beste herritar guztiei ere zuzendutakoa. Arlo horretan inflexio puntua izan zela esan genezake, ordutik hona panorama zeharo aldatu baita. Esan behar da, garai hartan kultura arloan buru-belarri ari ziren askok gutxietsi egiten zutela Euskal Herriko janzkerari zegokion jakintza. Jantziari azalkeria zeritzaten.
Apustu egingo nuke gizonezkoa genuela jantziari desprezio egiten ziona.
Gehienbat, bai. Bestalde, garai hartan, 80ko eta 90eko hamarkada haietan, kultura munduan, gizonezkoak ziren nagusi, eta, gehientsuenak, idazleak, orduan hizkuntza eta literatura baitziren, batez ere, kultura! Gainerako adierazpide asko baztertuta gelditu ziren. Horrelaxe heldu ginen 90eko hamarkadara.
Zer esan nahi duzu «horrelaxe heldu ginela 90eko hamarkadara» esanda?
Esate baterako, heltzen ziren gabonak, eta, jendeak, oro har, baserritar janzteari ez zion batere baliorik ematen. Eta horrek halakoxe bilakaera izan zuen: baserritar jantziaren azpian, txandal prakak ikusi ohi genituen; buruko zapirik ez; lepokoa edo tokilla gerrian lotuta! Hamaika holako! Esan liteke ordura arte bere jantzia izandakoarekin akonplexatuta zegoela jende asko, gure jantzia gauza zaharra balitz bezala, modernoaren kontrakoa! Beste herri batzuek, aldiz, harro-harro erakusten zuten beren jantzia, janzten zuten jantzi tradizionala, inor bezain moderno izateari utzi gabe! Hortaz, Ikerfolken ohartu ginen, alde batetik, arazo psikologiko eta soziala genuela, eta, bestetik, berriz, ezaguera falta ikaragarria.
«Gure baserritar jantzia da xumea, da tristea, ez du valentziar jantziaren dotoreziarik, baina hauxe da gurea!»
30 urte joan dira harrezkero...
Bai, eta egoera hartara heltzeko gure herriak —eta jantziak berak— zer bide egin zuen aztertzea pentsatu nuen: zer izan ote zen jantzia XX. mendearen hasieran, foruak galdu ondoko berpizkunde garai hartan; zer, gerra aurretik; zer, 60ko hamarkadan… Hortik hasi nintzen. Bitartean, Atondu proiektua aurrera zihoan, eta, 2006an, proiektu haren bidez proposatutakoari buruzko liburua argitaratu nuen. Eta, hain zuzen, liburu horretan dago oraingo tesi honen ernamuina. Esan behar dut, hala ere, liburu hori ez nuela lortu argitaratzea nik nahi bezain erraz, batera eta bestera ibili bainintzen hiru urtean, harik eta Elkarrek [argitaletxea] argitaratu zuen arte, Olatz Osa tarteko zela.
Irakurtzeko eta gogoetatzeko ez ezik, «ikusteko» moduko liburua.
Elkarrekoek garbi ikusi zuten dibulgazioa izan behar zela liburuaren helburua; hainbat argazki ere banituen, eta horrela izan zen. Horrek, ordea, mami asko liburutik kanpo utzi beharra ekarri zuen. Nolanahi ere, jendeari asko interesatu zitzaion Atondu [liburua], eta handik eta hemendik deitu zidaten hartaz hitz egiteko. Oso eskertuta nago argitalpen horri. Halere, garai hartarako euskal kulturaren hainbat arlo, bertsolaritza esate baterako, hezkuntza arautuaren curriculumetan sartzen hasiak ziren. Aldiz, jantziaren arloari zegokionaren arrastorik ez!
Eta zuk balioa eman nahi jantziari, inondik ere.
Bai, bada! Baina nola? «Beste liburu bat egin behar ote dut, bada?». Atondu argitaratu eta gero, era askotako ekimenetan parte hartzen hasi nintzen, museoetan eta beste, eta harremanetan sartu nintzen hainbat pertsonarekin. Baina ez Euskal Herrian, atzerrian baizik —penintsulan eta Frantzian, batez ere—, ordurako herrialde horietan baten batzuk jantzia sakon aztertzen ari baitziren. Hemen, aldiz, inor ez zen horretan ari. Eta, batera eta bestera nenbilela, kongresu batera deitu ninduten, Madrilera (Espainia). Jantziaren Museoa dute han, eta jantzi herrikoiari buruzko biltzarra antolatu zuten, eta hizlari izan nendin gonbidatu ninduten. Hitz egitea zegokidan egunean, flamenko jantziaz aritu zen nire aurretik hitz egin zuena. Eta bitxia izan zen, zeren berak hitzaldia bukatu zuen nik nirea hasi behar nuen modu berean!
Modu berean?
Alegia, jantzia soinean eramateko jestuaren garrantziaz hitz egin zuen, eta nik horixe azpimarratu nahi nuen nire interbentzioaren hasieran. Hizkuntzabatean azentua den bezalaxe, jantziak berarekin batera darama hura soinean eramateko imintzioa. Eta nik neure buruari egiten nion galdera zen: «Eta gure herriak zer jaso du alde horretatik?». Eta horri dagokionez, bi alderdi ere badira kontuan hartu beharrekoak: batetik, jantzia janzten zutenengandik heldu zaigun informazioa; bestetik, berriz, XX. mendean zehar hirietako jendearen muntaietatik eta «ezjakintasunetik» heldu zaiguna.
Flamenko jantzia aztertu zuen emakumeaz ari zinen…
Rosa Maria Martinez Moreno. La indumentaria flamenca: vestimenta, imagen e identidad en Andalucía tesia egin zuen 2003an. Garai hartako, Andaluziako gobernuak dirulaguntza emana zion Parisera joateko, Antropologia ikasketak egitera. Handik etorri zen tesi hura.
Tokitan gabiltza!
Tokitan! Nik 2009an ezagutu nuen emakume hura, kongresu hartan. Orduantxe esan nion neure buruari: «Ane, horixe egin behar duzu! Emakume honek flamenko jantziaz egin du. Zuk baserritar jantziaz egingo duzu!». Gure baserritar jantzia da xumea, da tristea, ez du valentziar jantziaren dotoreziarik, baina hauxe da gurea! Hala ere, bederatzi urte eman nituen tesia egin ahal izateko programa eta zuzendari bila.
Jantziaz mintzo zarela, singularrean ari zara, jantzia bat besterik ez balitz bezala. Baina Gipuzkoan amama batek 36ko gerra ondoan —eta 70eko edo 80ko hamarkada arte— soinean zerabilena eta Erronkariko emakumeei argazkietan ikusitakoak ez dira berdinak.
Janzkeraz ari zara, ordea, ez jantziaz. Nire tesiaren barruan, terminologia zehaztu behar izan dut. «Izena, izana da», esaerak esaten duenez, eta halaxe da. Zuk esaten duzun amamak janzten zuena —artean 70eko hamarkadan— janzkera zen. Erronkarikoa, aldiz, jantzia. Bata da janzkera, egunerokoa, gure garai bateko amandrearena, eta bestea da jantzia, egun jakin batzuetan janzten dena. Baina, jakizu, Erronkarikoak ere, eguneroko bizian, gure amamaren antzera jantziko zirela; gutxi gorabehera, behintzat. Kontua da gure alderdi honetan ez zegoela jantzirik, Erronkarin ez bezala, han janzkera eta jantzia, biak zeuzkaten eta.
«Jantzia da soineko zehatz bat pertsona batek egun jakin batean janzten duena, eta, kasu askotan, balio sinboliko eta sentimentala dituena»
Hara, bestea!
XIX. mendean zehar, bateko erromantizismo eta besteko kostunbrismo, hiriak halako mugimendu bat sortu zuen, esanez toki bakoitzak —izan bailara, izan herri— jantzi berezi bat izan behar zuela, eta, orduan, janzkera zena jantzi bilakatzen hasi ziren. XIX. mendean sortu ziren gaur egungo jantzi asko. XX. mendean asmatu ere egin ziren. Era guztietara ere, hiriak, intelektualitateak, haren begiradak, indartu egin zuen tokian tokiko jantziak izateko joera hori. Horixe ageri du Sorollaren koadro famatuak ere [1911ko triptikoa: The Vision of Spain edo The Provinces of Spain]
Hortaz, oroz lehen, horixe izan behar dugu kontuan, gauza bat dela jantzia, besterik dela janzkera…
Hortik abiatu behar izan nuen tesia egiteko garaian, bestela dena nahasteko arrisku handia baitzegoen. Jantzia da, esate baterako, Erronkarin egun berezietan janzten dutena, edo dantzariak ibiltzen duena, inauterietako jantzia… Nik tesian ezarritako terminologiaren arabera, jantzia da soineko zehatz bat pertsona batek egun jakin batean janzten duena, eta, kasu askotan, balio sinboliko eta sentimentala dituena. Janzkera, berriz, hitz gutxitan esanda, maila sozio-ekonomiko zehatz batekoen ohiko janzteko modua litzateke.
Noiz bihurtu zuten janzkera, jantzi?
Nire ikerketaren arabera, lehen datua XIX. mendekoa genuke, 1885eko Durangoko Euskal Jaietakoa. Orduko hartan, hainbat lehiaketa egin zituzten; besteak beste, jantziena: «... a la mejor cuadrilla de ambos sexos que se presente caracterizando diferentes tipos del país...» (Euskal Herriko mota ezberdinak antzeztuz aurkezten den bi sexuetako koadrila onenari). Gerra karlistak galdu eta geroko berpizkunde garaia da, eta dena batera dator: kulturaren loratzea, aristokrazia eta turismoa… Hortxe dator jantzien kontua ere. Orain janaria promozionatzen den bezala, orduan jantzia sustatu zuten. Oraingo Basque cheesecake-a bezala.
Basque cheesecake-a?
Bai. Donostiako taberna bateko gaztatarta, Basque cheesecake da orain! Garai hartan, berriz, XIX. mendearen bukaera aldera, Basque dress-a asmatu zuten; horixe behar zuten. Adibide gisa, aipa daitezke 1916 eta 1918an Urkixoko Markesak Laudion antolatu zituen euskal jaiak. Bertara hainbat pertsona gonbidatu zituen: Bilboko aberaskumeak, Alfontso XIII.a Espainiako erregea... Eta Urkixok nekazarien modura jantzita joateko deia egin zuen, haien janzkera baitzen —orduko hiritarren aburuz— herria ordezkatzen zuena. Eta hala jantzi ziren gonbidatuak, Espainiako erregea ez beste denak. Haientzat, ordea, hori jantzia zen, ez janzkera.
Arestian, jantziak balio sinbolikoa eta sentimentala dituela esan duzu…
Herriarekin identifikatzeko modua ere bada jantzia. Are gehiago, hasieran, baserritar jantzia identitate ikurrazen. Baina, bistan denez, denboran zehar, besterik ere izan da. Horren testigu izan gara. Adibidez, aldarrikapena ere izan da jantzia. 80ko hamarkadan, esaterako, kaikua janztea, edo herriko jaietan eta erromerietan azpiko gonari zinta txuri-gorri-berdea jostea, aldarri bat zen, dudarik gabe. Guk uste duguna baino esanahi handiagoa du jantziak.
Post-Argia «Argia taldearen ikerketaren ondorio dira oraingo dantzarien jantzi asko eta asko. 92ko gabonetan, ospakizun eta festetan erabiltzeko baserritar jantziaren proposamen bat egin genuen herritar ororentzat. Bai jantziarena, bai jestuarena ere: zer eta nola jantzi, alegia. Batzuek bere horretan onartu zuten gure proposamena. Beste batzuek, berriz, negozioa ikusi zuten. Adibidez, kolorea ikusi zuten jantzietan. Bost axola zein kolore, haiek lanean jarri zituzten jostunak, lantegiak, dendak... 92tik hona, esaterako, aldaketa gaitza gertatu da jantzian, eta Gasteiz da adibide. Gaur egun, behaketa egitera, askotan joaten naiz Gasteiza. Hantxe ikusi ditut gauzarik bitxienak ere! Interes handia dago han, baina, zein da erreferentea? Batzuek eta besteek idatzitako artikulu eta ikerlanak? Ala denda baten erakusleihoak ageri duena? Eta betikoa: ‘Argazki bat ikusi dut...’, eta, bai, argazkia ikusi duzu, baina txuri-beltzean. ‘Eta zein kolore eman diozu jantziari? Nondik sortu duzu kolore hori?’».
«Guk uste duguna baino esanahi handiagoa du jantziak»
Eboluzioa ere izan du jantziak, bateko eta besteko argazkietan ageri denez. Baina nola eboluzionatu du, jakin baliteke?
Ez da galdera makala, eta nire tesiak, berriz, 500 orrialde ditu.
Ez dakit, bada, nola ekarriko didazun minutu batera 500 orrialdeko lana!
Txio-tesia eginez, beharbada! Hori ere eskatu ziguten eta. «XIX. mende amaieran hasi zen baserria hiritarren ekimenetan presentzia nabaria hartzen. Halaxe ageri da literaturan, argazkigintzan, antzerkian... Garai hartan hasi zen nekazaria protagonista izaten. Baserria ez ezik, baita baserritarra ere! Baina nola ageri da baserritarra? Hiritarrak interpretatzen duen moduan». Hor dago koska. Janzkerari dagokionez, hiritarrak hainbat ekimenetan baserritarren arropak janzten hasi ziren, baina jantzi gisa janzten! Horrekin batera, ordea, bada kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat, nik aztertu dudana: nola egokitzen da soinekoa pertsonaren gorputzera? Pertsonaren izaera psikologiko eta soziologikora? Hori kontuan hartuz gero, jokabide ezberdinak ikusiko ditugu pertsona bat baserritar janzten denean: buruko zapirik ez janztea, adibidez; edo abarken ordez mendiko botak erabiltzea; azpiko gona bai, azpiko gona ez...
Zer deritzazu jokabide horri?
Ni ikertzailea naiz, ez besterik. Alegia, ez dagokit hau edo hura epaitzea, errealitatea azaltzea besterik, eta, jakina, horrekin batera, errealitate hori ekarri duten arrazoiak bilatzea. Arrazoiak direla-eta, nik azpimarratuko nuke, jantziari eta janzkerei buruz jakin beharrekoa ez jakiteaz gain, jantzia bera gutxi baloratzea. Eta badiotsut, ez naiz ari ezer kritikatzen, azaltzen baizik, horixe delako ikertzailearen egitekoa, eta, kasu honetan, nirea.
Jantzia janzteko moduaz ari zarela, jestua aipatu duzu, imintzioa. Batzuek era batera, beste batzuek bestela… Eredu jakinik badela esan nahi duzu?
Soinekoak, gorputz batean dagoenean, bolumena hartzeaz gain, janzten duenaren mugimenduak, imintzioak, jasotzen ditu: pertsona horren izaera psikologikoa eta soziologikoa txertatzen zaizkio. Esate baterako, nola egokitzen dira baserritarraren jantziak hiritarraren gorputzera? 1920an, [Donostiako] Satrustegi dorrean egin ziren jaialdietan, hiriko emakumeak baserritarrez jantzi ziren; baina nolako jestua zerabilten? Adibidez, baserriko emakumeak lepoan itxiko du mantua; hirikoak, aldiz, bularraldean. Ez da gauza bera. Hirikoak, baserritarraren arropa daraman arren, sorbaldak agerian ditu, zigarroa du behatz artean... Trapua bat bera da, baina jestua da diferentea. Nire ustez, imintzioa gakoa da, horrexek sortzen duelako janzkeraren eta jantziaren arteko aldea.
Eboluzioaz galdetu dizut gorago... Modu berean eboluzionatu dute emakumezkoaren eta gizonezkoaren arropek?
Ikusgarriagoa begitandu izan zait beti emakumezkoarena. Orain ikusgarriagoa da emakumezkoarena, bistan dago hori; eta horretan modak ere badu zerikusia. Hala ere, XIX. mendera arte, gizonezkoarena emakumezkoarena bezain koloretsu eta ikusgarria zen. XIX. mende horretan, emakumezkoarenak bere horretan iraun zuen, baina gizonezkoarena, aldiz, gehien bat Ingalaterrako modari begira jarri zen, eta iluntasunera egin zuen: trajea da iluna, alkandora da txuria. Orain arte irauten duen modeloa dugu, alegia. Gizonaren moda Ingalaterratik etorri zen bezala, emakumearena, batik bat, Parisetik zetorren, eta bestelako eboluzioa izan zuen.
Zer diozu jantziaren oihalaz?
Duela hamaika urte-edo, museo bateko soineko bat ikertzen hasi nintzen. Soineko hark oihal jakin batera eraman ninduen, eta konturatu nintzen zenbat gauza konta litezkeen oihal baten bidez. Liburua ere idatzi nuen hartaz, baina inork ez du argitaratu nahi izan, eta tiraderan gordeta daukat.
Zain izango gaituzu… 1936ko Espainiako Gerra Zibilak etenik ekarri zion baserritar jantziaren eboluzioari?
XX. mendeari dagokionean, bi aldi markatu ditut nik: XIX. mendearen amaierako eta XX. mende hasierako pizkundea, batetik, eta, bestetik, berriz, 60ko hamarkadako mugimendua. Gerrak dena etenarazi zuen, eboluzio aukera guztiak; eta, bestalde, beldur handia ekarri zuen, soinekoak ezkutatzerainokoa. Esate baterako, Falangeak jantziak lapurtzea ere gertatu zen, bere probetxurako erabiltzea. Bada argazki bat, Himmler Donostiara etorri zen egunekoa, eta Falangeko dantza taldeko neskak hari ongi etorria egiten, baserritar jantzita; aldean dute gurutze gamatudun bandera ere.
«Gerrak dena etenarazi zuen, eboluzio aukera guztiak; eta, bestalde, beldur handia ekarri zuen, soinekoak ezkutatzerainokoa»
Zuri adituta, jantziaren historiak gure herriaren historia erakusten digula esango nuke…
Nik baserritar jantziaren ikuspegitik irakurri dut XX. mendeko gure historia, izan kulturala, izan politikoa, izan soziala… 60ko hamarkadan ikastolak berriz abiatu zituztenean, adibidez, baserritar jantziari indar handia eman zioten; hurrena, tergala sartu zen; erosleak oihal brilloduna edo brillorik gabekoaren artean erabakitzen hasi ziren; pret a porter-a sartu zen… Hori dena kontatzen dut nire tesian, eta, zure lehen galderari berriz kosk eginez, 66 urte betetzera heldu naiz: baserritar jantziari buruzko tesia egin dut, eta orain, behintzat, lehenengo aldiz Euskal Herriko jantzi eta janzkerei buruzko ikerketa bat dago unibertsitatean. Etorriko dira atzetik…
Jaioko dira berriak…
...eta sartuko dute euskal kulturaren arlo den hau irakaskuntza arautuaren curriculumean.
Agian! Eta ikusiko ditugu era guztietako jantziak Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, adibidez.
Tamalez, ez dugu gure jantzi eta janzkerari buruzko ezagutza minimoa ere. XX. mende hasierako erromantizismoak sortutako ikuspegiak bere horretan irauten du, edo Falangeak asmatutako zera hura, «Trajes típicos y regionales» (Soineko tipiko eta erregioetakoak). Laster, ikastaro bat zuzenduko dut jantziei buruz, eta nire lehen helburua izango da entzuleari ezagutza minimo batzuk transmititzea.
Gauza asko transmititzeko moduan zaitugu, ageri denez. Jantzia josteko teknikaz ere jardun nahi izango duzu.
Baserritar jantzia oso sinplea dela esaten aditu dizut han edo hemen... Baserritar jantzia eguneroko soinekotik sortu zen, eta, bai, oso sinplea zen. XIX. mendean kotoi fabrikak sortu ziren Gipuzkoan, eta arrakasta handia izan zuten: kotoizko arropa zabaltzen hasi zen, abantaila handiak baitzituen: erraz garbitzen zen, eta erraz lehortzen. Egunero janzteko hartatik sortu zen jantzia. Balenciagaren museoan gordeta dute adibidez, jostun handi hark jositako baserritar jantzia, eta bere garaiko haiek bezala dago josita! Oso egitura sinpleko jantzia izan zen, teknika aldetik ere xumea.
Zure lehen gona hura bezain sinplea?
Nire lehen gona?!
Sei-zazpi urte zenituela euritako zahar bat hartu, eta gona josi zenuela salatu didate…
Hori ere jakin duzu! Kar, kar... Beti gustatu izan zait trapu zaharrak hartu eta jolas egitea. Gure amak etxean zeuzkan trapuak hartu, eta josten ibiltzen nintzen, neure modeloak egiten. Etxepean jostuna genuen, eta harengana jaisten nintzen. Jartzen nintzen bere ondoan aulki txiki batean, eta honetan eta hartan aritzen nintzen; litsak-eta ateratzen, adibidez. Ordurako, gona bat nerabilen buruan, eta halaxe eskatzen nion amari: «Gona bat nahi dut!». Baina nik gogoan neukana zen gona bat hedadura handikoa, bueltak ematerakoan zabaltzen den horietakoa. Baina, jakina, gonarik ez amak.
«Imintzioa gakoa da, horrexek sortzen duelako janzkeraren eta jantziaren arteko aldea»
Amak ez, zuk bai.
Egun batean, horratik —ni etxean asper-asper—, gure amak euritako zahar bat baztertu zuen, zaborretara botatzeko. Aterkia zen morea, horia eta txuria, loratua, eta nik huraxe hartu, izpiak kendu, guraizeak hartu, erdian zuloa egin, burutik behera sartu, nola-hala estutu —kateorratzen batekin josi-edo, ez dakit—, eta jaitsi nintzen gure seigarren solairutik bosgarrenera, jostunarenera, esanez, saltoka: «Ikusi zer gona erosi didan amak!», zeren gauza ez zen nik gona egitea, amak niri gona erostea baizik, garai hartan senide zaharren arropa jasotzen baitzen herentzian. Gutxitan egiten zizuten soinekorik. Nik, berriz, egun hartan, neure gona josi nuen.
«Nik baserritar jantziaren ikuspegitik irakurri dut XX. mendeko gure historia, izan kulturala, izan politikoa, izan soziala»
