Dokumentuaren akzioak
Europako artista berriak lehiatuko dira ACT jaialdian
ACT Arte Eszenikoen Eskolen Nazioarteko Jaialdia Bilbora eta
Barakaldora itzuliko da ekainaren 9tik 13ra, BAI Bizkaiko Antzerki
Ikastegiak antolatuta. Jaialdiak Euskal Herriko nahiz Europako
herrialdeetako antzerki esperimental eta berritzailea sustatzeko
helburua dauka, eta artista berrien obren erakusketa eta lehiaketa
uztartzen ditu. Izan ere, antolatzaileek jaialdiko sail nagusi bihurtu
dute antzezlan laburren lehiaketa, eta aurtengo irabazleak 3.000 euroko
dirusaria eskuratuko du.
Guztira, hemeretzi antzezlan izango dira Laburract
izeneko lehiaketan. Bilboko eta Iruñeko antzerki eskoletako ikasleek
nahiz ikasle ohiek sei obra taularatuko dituzte. Gainera, Kataluniako,
Alemaniako, Erresuma Batuko, Finlandiako, Herbehereetako, Kolonbiako
eta Israelgo konpainiek parte hartuko dute lehiaketan. Taldeek genero
anitz jorratuko dituzte: happening-a, performance-a, txotxongiloak, dantza, ekintza artea, komeria eta clown, besteak beste. Emanaldiak Bilboko Kafe Antzokian eta La Fundicion aretoan egingo dituzte, ekainaren 10etik aurrera.
Halaber, Marathon programari esker, antolatzaileek eszenografia
soileko ikuskizun bat hautatuko dute, Europan barrena aurkezpen bira
egin dezan. Hartara, antzezlana honako jaialdi hauetan ikusi ahal
izango da: Amsterdameko ITS (Herbehereak), Belgradeko FIST (Serbia),
Varsoviako International Theatre Schools Festival (Polonia) eta
Pristinako Skena Up (Kosovo).
Iaz abiatutako Dantzine lehiaketak segida izango du baita
ere. BAIk bideo sormena sustatu nahi du ekimen horren bitartez, eta
irabazleak 1.500 euroko dirusaria jasoko du. Horrenbestez,
ikus-entzuleei euren lana helarazteko aukera izango dute bideo, zinema
eta dantza sortzaile berriek. Deialdiak harrera ona izan du, eta mundu
osoko egileek filmatutako hamasei lanek parte hartuko dute lehiaketan.
Erakusketarekin batera, jaialdiak trebakuntza sustatu nahi
du. Gauzak horrela, ikastaro eta hitzaldi sorta prestatu dute. Besteak
beste, Jordi Cortes dantzari eta koreografo entzutetsuak bideo
sormenari buruzko bi ikastaro teoriko-praktiko emango ditu, ekainaren
11n eta 12an, Barakaldoko antzokian. Bert Waenaar Van Kreveld
bat-batekotasunak antzerkigintzan duen eraginari buruz mintzatuko da
leku berean, ekainaren 10ean. Gainera, Borja Ruiz eta Josu Montero
egileek El arte del actor en el Siglo XX eta Love liburuak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren, ekainaren 13an.
Egile entzutetsuen lanak
Aldi berean, ACTk egile entzutetsuak gonbidatu ditu aurten.
Iazko Laburract saileko irabazle Temple Theatre taldeak (Erresuma
Batua) jaialdia zabalduko du Out of Chaos antzezlanarekin.
Gainera, Clara Van Gool zinemagile eta multimedia artistak bere obren
hautaketa bat aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian, ekainaren 12an. Enter Achilles obrarekin, Emmy saria irabazi eta Oscar sarietarako hautatu zuten Herbehereetan.
Dokumentuaren akzioak