Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eskailera, nagusi

Dokumentuaren akzioak

Eskailera, nagusi

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2021/06/19
Lotura
Berria

'Pasionaria'

Konpainia: La Veronal. Ideia eta zuzendaritza artistikoa: Marcos Morau. Koreografia: Marcos Morau eta dantzariak. Soinu-diseinua: Juan Cristobal Saavedra. Eszenografia: Max Glaenzel. Argiak: Bernat Jansa. Jantziak: Silvia Delagneau. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Ekainaren 17.

 

Ikusmin handiz eta dantzaren munduko jende askoren presentziarekin gertatu da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian La Veronal konpainiaren Pasionaria izeneko emanaldia.

Oihala altxatu denean, harritu egin gaitu Mozarten musikarekin batera ikusi dugun eszenografiak: argi finezko marko laukizuzen batek mugatu du koadro eszenikoa —margolan handi baten aurrean egotearen sentsazioa utzi digu—, eta bere barruan zehaztasun osoz irudikatu da jauregi batekoa zirudien eskailera nagusia. Ezkerreko eskailburuaren atzealdea leihate karratu handi batek bete du, eta eskailera azpian zortzi metroko sofa luzea egon da, baina behe solairu horretako elementuek —igogailuaren ate metalikoak, aireztapenerako burdin saretxoak, kontaktu elektriko eta telefonorako kaxa metalikoek...— industria bateko bulego zaharkitu batean geundela iradoki digute. 

Giro distopiko horren estetikara geure burua egokitzen genuen bitartean, beste bide batzuetatik ibili da soinu-banda, era bikainean konbinatuz klasiko batzuen konposizioak, techno aurreratua, The Alan Parsons Project eta Pink Floyden estiloetako pasarte inguratzaileak, rock malenkoniatsu ederra eta ahots enigmatikoak. Bai dekoratu orbangabearen koloreak bai jantzienak krema eta urdin tonu marguletara jo dute, eta dantzariak mugimendu deskoordinatuetan ibili dira denbora guztian, pantomimatik hurbil askotan, eta beren asmo nagusi eta bakarra gugan artega sortzea balitz bezala.

Hala ere, badirudi Marcos Morau koreografo katalana gehiago zentratu dela eszenografia ikaragarriari etekina ateratzen eta ikuste-efektu harrigarriak sortzen, benetako koreografia bat diseinatzen baino. Bide horretatik, inork hartzen ez zituen telefono hotsak entzun ditugu, izaki esferikoak jaitsi dira eskailera erraldoi hartatik, Ilargia sartaldetik sortaldera eta alderantziz ibili da beiratearen atzetik, dantzari batzuek bi gorputz edo lau hanka edo beso ere izan dituzte une batzuetan, haietariko baten burua kartoizko kaxa batean agertu da, eta argien diseinu miresgarria sinfonia baten parekoa iruditu zaigu.

Sortu den giroa, ordea, ez da onirikoa izan, eta, Pina Bauschen dantza-antzerkiaren eremuaren ertzetaraino hurbildu bada ere, nago efektismo handinahiaren lurraldean geratu dela. Izan ere, une batetik aurrera, eta eskailera nagusi hark dantzarien gorputzekin eman zitzakeen efektu guztiak ikusita, agortua geratu da proposamena, eta lotura eskasegia aurkitu dugu eszenan ikusitakoaren eta esku-programa telematikoan azaldu digutenaren artean. Ordea, lan honi zergatik deitu ote dioten Pasionaria —haren izena eta memoria lotsagabeki banalizatzeaz gain— gizateriaren enigma handienetakoen artean geratuko da, Nazcako landa-irudi hermetikoekin, Pascua irlako buru erraldoiekin eta Ness lakuko munstroarekin batera.

Dokumentuaren akzioak