Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria, San Juango bainuetxearen bueltan

Dokumentuaren akzioak

Erromeria, San Juango bainuetxearen bueltan

Egilea
Zaharrak Berri
Komunikabidea
Guka
Tokia
Azkoitia
Mota
Albistea
Data
2025/05/04
Lotura
Guka
San Juan bainuetxearen ondoan egindako erromeria bat. (Udal Artxiboa)

Hileko lehen igandero moduan, atzera egiteko unea da gaurkoa. Gukak Azkoitian ia ehun urtez egon zen bainuetxeari egin nahi izan dio keinua Zaharrak Berri ataleko hil honetako argazkia hautatzerakoan. Egun San Juan futbol zelaia dagoen inguruan egon zen auzunearen izen bera zuen bainuetxea ia ehun urtez; futbol zelaiaren albo batean daude bainuetxe hark erabili zuen iturria eta eraikinaren arrastoak.

Duela 180 urte inguru San Juan auzunean bainuetxe bat eraikitzeko lanak martxan ziren; izan ere, 1846. urtean inauguratu zuten San Juan izenez ezagutuko zen bainuetxea, udalak lur horiek erosi eta herriko Miserikordiari lur horiek esleitu eta gero.

Bainuetxe txikia zen San Juangoa, lehen eraikinak 185 metro koadroko azalera baitzuen: behean gune bat zuen eta goian solairu bat besterik ez, hamabi gelaz hornituta. Bainu-hartzaileentzako instalazioa, sukaldea, despentsa eta zalditegia ziren bainuetxeko beste eremuak. Jendea gutxitzen hasi zen segituan, eta 1881. urtean eraberritu egin zuten eraikina. Aurreko bainuetxearekin alderatuta hobekuntza nabarmenak egin zituzten.

1873. urtean, udalak ospitale bilakatu zuen eremu hura, hazteria edo sarna zuten gaixoentzat oheak jarrita. II. Karlistaldian, baina, goi kargua zuten militarrek bainuetxea beren kuartel-etxe bezala hartu zuten eta ospitale lanetarako berregituratu. Hamarkada batzuk geroago, Francoren armadako buruek ere San Juango bainuetxea aukeratu zuten guda etxe moduan. II. Mundu Gerra bukatzear zela, Gipuzkoako kostaldean hondoa jo zuen itsaspeko alemaniar batean zihoazen militarrak artatu zituzten han. Oro har, pertsonaia ezagun ugari hartu zuen San Juango bainuetxeak, harik eta 1950. urtean ateak itxi zituen arte.

Urtez urte desagertuz joan dira eraikinaren arrastoak. Egun, San Juan futbol zelaiaren alboan mantentzen dira bainuetxe hark erabili zuen ur sufretsuzko iturria, iturrirako sarbidea eta eraikinaren zenbait habe.

Dokumentuaren akzioak