Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

Dokumentuaren akzioak

Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

Gertaerak 2024an jazo ziren, eta hainbat emakumek haien testigantza eskaini zuten Jon Maya, Kukai dantza taldeko zuzendari eta dantzariaren aldetik, eraso sexistak jasan izana salatuz. Gertakariak orain ezagutu dira modu publikoan.
Egilea
Ariane Kamio
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2026/05/29
Lotura
Naiz

 

Jon Maya, 2019an, ‘Gauekoak’ ikusizunean dantzan.
Jon Maya, 2019an, ‘Gauekoak’ ikusizunean dantzan. (Maialen Andres | FOKU)

 

Kukai dantza taldeko zuzendari eta dantzari Jon Mayaren aldetik eraso sexistak jasan izana salatu zuten hainbat emakumek, modu pribatuan, ez epaitegien aurrean. 2024an jazo ziren gertaerak, baina orduan gertatutakoak orain agertu dira jendaurrean, pasa den asteartean Errenteriako osoko bilkuran, Xenpelar Bertso Eskolako eraso sexisten auziaren karietara. 

Kukaik berak eta Errenteriako Bilgune Feministak eta Asanblada Feministak igorritako bi oharren bidez eman dira zehaztapen gehiago. 

Xabier Oleaga-Arondok, Kukai elkarteko Gida-Batzordeko kidea 2004tik, eta bertako bozeramaile gaur egun, sinatu du mezuetako bat. Halaxe dio bertan: «Albo gatazkatzat» jotzen du 2024ko urte amaieran gertatutakoa. «Zenbait zurrumurruren zirkulazioagatik, eta harira esku hartzeko berariazko eskaera zela eta, udalerriko elkarte feminista batek entzute-prozesu bat ireki zuen, zeinetan zuzendariaren aldetik jokabide sexistak burutu izanaren testigantza zuzenak jaso zituen». Hori guztia, prozesu isil baten bitartez gauzatu da urte horretatik abiatu eta 2025ean zehar luzatu den ibilbidean. 

«Aipatu taldeak –Bilgune Feministak– ondorioztatu zuen jokabide sexistak gertatu egin zirela, eta eman zien kalifikazioa –Oleagaren arabera– ‘arina’ mailakoa izan zen». Informazio hori guztia Mayaren esku jarri eta zuzendariak akusazioak onartu zituen. Hartara, biktimen erreparazioa eta erasook berriro ez errepikatzeko konpromisoa bilatzen zuen prozesua abiatu zen, diskrezioz. «Komunikazio honen ondoren, kidegoak amaitutzat eman zuen bere partaidetza prozesuan, 2025eko urtarrilean», dio Kukairen oharrak. 

«Zuzendariak bere gain hartu zuen erantzukizuna eta bere jokabidea berrikusteko prozesu bati ekin zion, laguntza profesionalarekin, gaur egun ere jarraitzen duena, berriro ez gertatzeko konpromisoari eutsiz eta berme profesionala jasoaz», gaineratzen du. 

«Albo gatazka» vs praktika matxista

Oleagak berak, NAIZekin izandako elkarrizketan, adierazi du ez dela salaketa judizialik izan eta Bilgune Feministarekin egindako prozesu horretan «jarrera desegoki arinak» izan zirela ondorioztatu zela. Bilguneak eta Asanblada Feministak Kukaik idatzitako oharrari erantzun eman diote azken egunetan eta «erasoen testigantzez» hitz egiten da zuzenean. «Zenbait erasoren testigantzak jaso genituen modu zuzenean eta emakumeek eskatuta, esku hartu genuen. Eskaera argia zen: gertaera horiek berriro ez errepikatzea eta arduradunari prozesu pertsonal, eraldatzaile eta konpontzaile bati ekiteko eskatzea. Hori guztia, konfidentzialtasun zorrotzenekin».

Bi elkarteek «argi» utzi nahi dute Kukairen oharrean agertzen diren «albo gatazka» gisa definitutako erasoen aurrean, «sistematikoa eta errotuta dagoen praktika matxista dela. Hau ez dugu soilik guk esaten, (H)emen elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasunak egindako diagnostikoaren arabera, arte eszenikoetan ‘indarkeria matxista ez da kasu isolatuen ondorioa, sektorearen egiturarekin, hierarkiekin eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa da’».

Zentzu horretan, halaxe adierazi dute: «Ezin dugu onartu gure ahotan jarri izana erasoak arinak izan direnik. Eraso bat bera ere ezin da arinkeriaz kokatu. Emakume bati egiten zaion erasoa ez da inoiz arina izango, izan ere, eraso bat ez da gertaera isolatua, ez da jarrera edo jokabide arin bati lotutako arazoa. Egiturazko zapalkuntza baten adierazpena da eta eraso bakoitzak egitura oso hori elikatzen du».

Bilgune Feministaren eta Asanblada Feministaren arabera, erasoak erdigunean jarri ordtez, «behar pertsonalak hauspotzen ditu». «Honek guztiak ez ditu erasoek eragindako ondorioak erreparatzen; alderantziz, agerian uzten du ez dela prozesu pertsonal zintzorik egin».

Izan ere, bi elkarteon oharrean azpimarratzen da, herrian izandako zurrumurru eta errealitate paraleloez gaindi, diskrezioa mantendu dutela, testigantza eman duten emakumeek hala eskatuta, «laguntza eskatu eta beraien bizipenak amorruz, beldurrez eta konfiantzaz partekatu zigutenen erabakia lehenetsiz». Eta galdetzen dute: «Mugimendu gisa, plaza publikora ekarri gaituzte, baina, plazan nork zainduko ditu zaindu beharrekoak? Nola erreparatu plaza publikoan errespetuz, mimoz eta diskrezioz zaindua izan behar duena?».

Kukai barnean

Urtarrilean bertan Kukaiko Gida-Batzordeak konpainia berrantolatzeko proposamena onetsi zuen eta langileei jakinarazi. Beraien aldetik, harira egindako ekarpenak jaso zirela adierazten du Oleagak sinatutako oharrak, baita bost langileren kopainiarekiko lotura eteteko eskaria ere. «Lau langilek abokatu bat hartu zuten eta hau harremanetan sartu zen Kukairen abokatuarekin. Bosgarren langilea ez da harremanetan jarri Kukairekin, ez eta bere izenean ordezkaririk ere, balizko negoziazio bati begira. Artean, lerro hauek idazterakoan aurrera darrai lau langileekin abian jarritako negoziazio prozesua», adierazten du. 

 

Dokumentuaren akzioak