Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Emanaldi guztiek zerbait kontatu behar dute

Dokumentuaren akzioak

Emanaldi guztiek zerbait kontatu behar dute

Jon Maya (Dantzaria)

Egilea
Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe
Komunikabidea
Euskonews Gaztea
Mota
Elkarrizketa
Data
2010/03/19

 Sei urterekin dantzan hasi bazinen, pentsa genezake eskolaz kanpoko aktibitate moduan izango zela, ezta?

Bai, bai. Eta ez zen burutzen nuen ekimen bakarra, futbolean ere jokatu bainuen 12–13 urte bete nituenera arte. Gero erabakitzeko garaia iritsi eta dantzaren aldeko apustua egin nuen. Urteak igaro eta nire ikasketak burutu eta lanean hasi nintzen, dantza beti ere zaletasun hutsa izango zela pentsatuz.

Pixkanaka eta modu natural batetan serioago hartzen hasi nintzen, 1997. urtetik Errenteriako Musika eta Dantza eskolan irakasle lanei ekin bainien; hori kazetaritzarekin uztartuz, noski. Ostean, 2001ean, Kukai proiektua sortu eta hau sendotzen hasi zenean, bide luze bat egiteko geneukala ikusi eta kazetaritza alboratu nuen, irakaskuntza eta dantzari lanei serioago heltzeko.

Afizioa ogibide bihurtu zenuen. Beraz, bizitzeko lain ematen al du dantzak?

Bizi daiteke baina ez da erraza, eta soilik dantzari gisa arituz gero, orduan eta zailagoa da. Alabaina, dantzako aspektu ezberdinak jorratuz gero bizirautea lortu dezakezu; nire kasuan dantzaria naizen moduan irakaslea ere banaiz.

Kukai Dantza Konpainiako gainerako taldekideek ere nahiz eta beste lantxo batzuk tartekatu, dantzari denbora bat dedikatzeko moduan daude. Erdi–profesional moduan gabiltzala esan genezake.

Zer dauka dantzak zure denbora gehiena eskaintzeko?

Nire sentitzen dudan zerbait da, barrutik egiten dudan zerbait. Dantzan hasi nintzenetik oso modu naturalean egin dut, eta barruak eskatzen dit honetan aritzeko eta arrazoi horrexegatik jarraitzen dut dantzatzen.

Jon Maya

Taldea sortu, ikuskizunak, horrek dakarren mugimendua... Martxan jartzen den makinaria handi bat da eta horrek egunerokotasun bat ematen dit. Inoiz ez diot nire buruari galdetu zergatik dedikatzen naizen honetara, bizitza berak eraman nau eremu hontara eta oso gustura sentitzen naiz.

Egin dezagun 10 urte atzera. Laxok taldeko sortzaileetariko bat izan zinen; nola oroitzen duzu etapa hura?

Hamar urtetako distantziatik begiratu eta ikusten dut gauza ugari eman zizkidala proiektu hartako kide izateak; baina ziurrenik gaur egun gauzak beste modu batetan egingo nituzke. Kontuan hartu behar da 19–20 urte arteko lau lagun dantzariz osatutako talde bat zela.

Halere, positiboa izan zen bizipena. Nire dantza taldetik kanpo zerbait egiten nuen lehenengo aldia zen eta horrek eremu berriak zeudela erakutsi zidan. Bestetik, esperientzia eman zidan. Hain zuzen ere, ez nengoen 50 emanalditik gora ematera ohituta, eta gauza guztiak –bai promozio, salmenta, muntaketa eta desmuntatzea ere– lauron artean egiten genituenez, asko ikasi nuen ofizioa inguratzen duen guztiaz. Kukai sortzeko eta aurreneko urratsak nola eman jakiteko lagungarria suertatu zitzaidan.

Kukai diozula, 2001ean sortu eta handitzen doan proiektua dugu.

Laxoken egin genuen “Upeletan erronka” azken ikuskizunaren ondoren, zerbait berria egiteko gogoa piztu zitzaidan. Hala, gaur egungo ikuspegitik –baina beti ere dantza tradizionala oinarri izanda– abiatutako emanaldiren bat sortzeko hausnarketa eginda neukan ordurako.

Momentu horretan nire ikasle ziren lau mutil gazteri –Alain Maya, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Eneko Gil– eta aspalditik ezagutzen nituen bi neskei –Nerea Vesga eta Vanesa Castaño– egin nien parte hartzeko proposamena. Froga moduan hasi ginen koreografiatxoren bat eginez, eta gero zorte handiz, Tanttaka teatroarekin elkartzeko aukera eduki genuen. Aldi berean, 1937 ikuskizuna kreatzeko okasioa ere iritsi zitzaigun Juan Mari Beltranen disko bat argitaratzea zela–eta. Pixkanaka handitzen joan eta bere ibilbidea egin duen taldea gara.

Eta bide horretan, ikuskizun bakarrarekin beharrean, birekin ere aritu izan zarete aldi berean!

Normalean obrek erritmo ona badaramate pare bat urte irauten dute, baina horren ostean ere ikuskizunak mantendu egiten ditugu eta lantaldea etengabe martxan dagoenez gero, eskatzen baldin badigute berrartu egiten ditugu aurrekoak, ez daukagu inongo arazorik. Esate baterako, orain batez ere “Hnuy Illa” eta “(Sok)2” ikuskizunekin ibiliko garen arren, norbaitek “Otehitzari biraka”ren emanaldia eskatuz gero, egingo genuke.

Orokorrean hitz eginda, esan genezake Kukain euskal dantzak egiten dituzuela?

Nik beti esaten dut ez direla euskal dantza tradizionaleko ikuskariak izaten, eta hori argi geratzea nahi dut; oro har, gaur egunean eginiko dantza ikuskizunak dira, abizenik gabe. Noski, guk daukagun formazioaren ondorioz, gure lantresna nagusiak euskal dantza tradizionaletik abiatutako mugimendu, urrats eta bestelakoak dira. Hala, zalantzarik gabe euskal dantza tradizionaletik asko daukate, bai gai aldetik zein musika aldetik esaterako, eta moduren batean kanpoan aritzen garenean identifikatu egiten da Euskal Herriarekin.

Mugak behin baino gehiagotan gainditu dituzue, beraz.

Bai, 1937 ikuskariarekin joan ginen aurrenekoz atzerrira eta AEB, Venezuela, Argentina, Txile zein Uruguayn aritu ginen. Eta baita Hnuy Illarekin ere; Kolonbia, Ekuador, Mexiko, Berlin eta abar bisitatu ditugu. Normalean, arte eszenikoen festibal handietan aritu gara kanpora joan garenean, eta oso harrera ona eduki dugu. Lan asko egin dugu, baina konpentsatuta beti ere.

  Jon Maya

Eta turismorik egiteko aprobetxatzen duzue halakoetan?

Ez da gaizki etortzen, baina ezin esan askorik egiten dugunik! Izan ere, hiri batetik bestera gabiltzanean ez zaigu denbora askorik geratzen, baina beti aurkitzen dugu tartetxoren bat lekua bisitatzeko.

Jendearengana iristeko, ikuskizun batek zerbait kontatu behar al du?

Nik uste dut baietz, eta gainera, garrantzitsua dela iruditzen zait. Hau da, emanaldi bat ez da edertasun estetikoa eta forma bakarrik – bere garrantzia daukate, noski– baina beti ere esanahi batekin lagunduta joateak indar handiagoa ematen dio ikuskizunari. Zergatik egiten duzun hori edo zer kontatu nahi duzun publikoari adieraztea, hori funtsezkoa da.

Kuriositatez, ikuskizun bat sortzeko aurreneko urratsa zein izaten da?

Modu desberdinak daudela esango nuke. Normalean ez da izaten “zerbait muntatu behar dugu, ea zer egiten dugun”, baizik eta zerbait egiteko gogoa sartzen zaigu eta hortik abiatzen dugu proiektua. Bestalde, beste talderen batekin elkarlanean aritu behar bagara, sorkuntza prozesua konpartitu egiten dugu. Edota aurten Euskadiko Orkestrarekin gertatu moduan, Sorgiñeta egiteko proposamena iristea; kasu horretan bageneukan gaia eta musika, gure eskuetan koreografia sortzea zegoen. Halere, aldatzen ez den zerbait dago, lana.

Eta lan horren uzta ere jaso izan duzue sari itxuran.

Bai. Gainera, Kukairen lehenengo ikuskizunarengatik –1937– Donostia Saria eman ziguten, eta momentu horretan guretzako oso adierazgarria izan zen, ez baikenekien etorkizunak zer opa zigun. Ordutik proiektua sendotu egin da, eta horren erakusgarria da Hnuy Illa ikuskizuna. Gainera, ez genuen espero Max Saria irabaztea; lehenengo EAEko ikuskizunik onena moduan hautatu zuten eta ondoren, autonomia guztietatik gu irten ginen irabazle. Dantza, antzerki eta arte eszenikoen profesionalen artean saritua irtetea polita eta kuriosoa izan zen aldi berean, ez delako gure espazio naturalena; baina horraino iristeagatik benetan pozik gaude.

Martxan ipini duzuen azken ikuskizunak (Sok)2 dauka izena.

Ez da ikuskizun huts moduan ikusi behar, hain zuzen ere, Soka proiektu osotu bat bezala hartu behar da. Kukaik eta Iparraldeko EliralE dantza konpainiek elkarlanean, dantzaren aspektu ezberdinak hartu –formazioa, sentsibilizazioa eta sorkuntza– eta proiektu bat sortu genuen, Pantxika Telleria koreografoarekin.

  Jon Maya

Hasiera batean gure dantzariak formatze aldera ekin genion, eta gerora sokadantzan oinarritutako kalerako ikuskizun bat egiteko ideia buruan bueltaka neukala–eta, horri heldu genion. Hala, 2009ko maiatzean Soka ikuskizuna sortu zen bost dantzari eta bi perkusio jolerentzako. Oso pieza urbanoa, inongo baliabide teknikorik gabe... Azken batean sokadantza beti egin den moduan.

Ordutik gauzak lantzen joan gara, eta orain proiektuaren bigarren emaitzak ikusi du argia: (Sok)2. Aretoko ikuskizuna da, zazpi dantzari eta hiru perkusio jolerentzako pentsatua. Inspirazio iturria berbera da, Sokadantza. Halere, hasierako materialak garapen ikaragarria eduki du, eta kaletik areto barrura eraman dugunez gero, esan beharko genuke ez dela aurreko lanaren jarraipen bat, ikuskizun desberdin bat dela. Aldaketa handia suposatu du guretzako, bai estetikoki, bai landutako mugimenduengatik... Kukairen barruan beste urrats bat dela esan genezake.

Kalean edota antzoki batean aritzearen artean aukeratu beharko bazenu...

Oso–oso desberdinak dira, baina bietan gustura aritzen naiz. Areto batek eskaintzen dizkizun aukerek –iluminazioa, goxotasuna...– asko janzten dute ikuskizuna. Baina kaleak beste gauza bat ematen dizu, hain zuzen ere, jendearekiko gertutasuna. Gainera, dantzatzen ari zaren bitartean publikoaren erreakzioa nolakoa den ikusteko aukera ematen dizu.

Horregatik ez nuke aukeratuko bataren edo bestearen artean, pentsatzen dut ikuskizun bakoitzerako espazio desberdin bat dagoela eta bietan disfrutatzen dut, modu ezberdinean bada ere.

Ez dugu aipatu, baina zazpi aldiz Aurresku Txapeldun izandakoa zara. Ezkontza askotan egokitu zaizu dantzatzea?

(barre) Ez. Gertuko lagunen bat ezkondu denean noski dantzatu dudala, baina zortea eduki dut koadrilako asko dantzariak direlako, eta ez dakitenei ere erakutsi diegu. Beraz, koadrilan egiten dugun zerbait da.

Zer eskatzen diozu 2010ari?

Ez dut xede zehatzik, baina ikuskizunak ongi joatea eta ditugun proiektuek etorkizuna edukitzea da asmo nagusia. Lana ongi eginda, iristen dira emanaldi zein birak. Baina orain arte moduan gure proiektua egunez egun sendotzen segituko bagenu, pozik egongo nintzateke.


Jon Maya
(Errenteria, 1977ko azaroa)

Orereta Ikastolan egin zituen ikasketak batxilergoa amaitu arte Jon Maya Seinek. Goi Mailako ikasketak egiteko unea iritsi zitzaionean berriz, Leioa aldera abiatu eta Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritzan lizentziatu zen. Zenbait urtez profesioa praktikatu zuen, urte eta erdiz Euskadi Irratian bekadun –kiroletan eta asteburuetako magazin batetan– eta horren ostean, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian, azken horretan urtebetez. Sei urte zituenean hasi zen dantzatzen Errenteriako Ereintza dantza taldean eta egun ere harremana dauka taldearekin, bertako irakasle baita. Zazpi aldiz izan da Euskal Herriko Aurresku Txapeldun, baina aitortzen du dantzari ibilbidean beste fase bat izan dela eta ez dio berebiziko garrantzirik ematen. Bestalde, 1999tik 2001era Laxok dantza taldean aritu zen eta ondoren, Kukai Dantza Konpainia sortu zuen eta ikuskizun ugari burutu dituzte gaur arte; bertan, zuzendari eta koreografo lanak egiten ditu.


Dokumentuaren akzioak