Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Eliralek dantza eta itzala bilduko ditu kupula baten barnean

Dokumentuaren akzioak

Eliralek dantza eta itzala bilduko ditu kupula baten barnean

Dantza garaikideko «O!» lan berria estreinatuko du Elirale konpainiak otsailaren 3an eta 4an Sohütan, Euskal Herrian zehar eginen duen bira hasi aitzin. Domo puzgarri baten barnean sartuta, dantzak eta itzalek elkarrekin sortutako osotasuna deskubrituko du ikusleak.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Senpere
Mota
Albistea
Data
2020/01/31
Lotura
Gara

0131_kul_elirale

Elirale dantza garaikideko konpainia ezagunaren obra berriak 30 minutu irauten badu ere, 40 minutukoa da esperientzia, ikusleak dantza aurkeztuko den “antzokiaren” barnera sartu behar baitu. Izan ere “O!” lan berezia da, bai dantza eta dantzariaren gainean sortzen diren itzalak erabiltzen dituen hizkuntza bikoitzagatik, baita agertokia berezia delako ere, domo bat hain zuzen.

Lau metro eta erdiko gaztelu puzgarri baten gisakoa da domoa, eta argiztapena azpiko aldean duenez, kupulan ikusten diren itzalekin ikuskizunak 360 graduko ikuspuntua hartzen du. Ikusleak, Pantxika Telleriaren koreografiari segituta, Oihan Indart dantzariak egiten dituen mugimenduak eta bere gaineko itzalak ikus ditzake. «Bizitzaren zikloa kontatzen dugu, ez dakit ilargi bat edo utero bat den, baina zirkulartasuna espazio arras ezberdina da dantzariontzat, eta musikari begira ere bai. Ondorioz, erreferentziak hautsi nahi izan ditugu eta ikusleentzat esperientzia berri bat sortu».

Lanak kontakizunarekin bat egiten duen azpiegitura izatea nahi zuten egileek: «Pentsatu nuen dispositibo berezia behar genuela, ikusmira aldaturik eta agian gorputzak eginen lituzkeen itzaletan pentsatuz, eta kupula puzgarri bat otu zitzaigun. Ikusleak bertan erdi etzanik egonen dira eta Oihanen ikusmira osoa izanen dute», azaldu du Telleriak. Ikusgarrirako argiztapena egokia izateko bi teknikarik dispositibo bat sortu dutela gaineratu du koreografoak: «Badago joko bat, gorputza bere erritmoekin, bere abiadurarekin, bere xehetasunekin... erradiografia bat bezala. Gure kupula pantaila bat denez, itzalak nola sortzen diren agertzen da».

Irakurketa maila ezberdinak

Hiru urtetik gorako pertsonentzako ikuskizuna da, eta, ohi bezala, Telleriak adinaren araberako irakurketa maila ezberdinak landu nahi izan ditu. Itzalei ematen zaien garrantzia ere horren erakusle da: «Azken errepika publikoetan ikusi dugu publiko helduak itzalak ahanzten dituela eta Oihanen jestuetara lotzen dela. 3 eta 10 urte arteko haurrek, jestuetan galtzen direlarik, itzalen efektuetara jotzen dute, eta gero itzultzen dira».

Dantza eta itzala bi adierazpide bilakatzen dira obra bakar horren baitan, eta horiei ematen dien atentzioari dagozkien erabakiek ikuslea aktibo bilakatzen dute: «Ikusleak, erdi etzanik egonda, egiten ahal du kamera bat izanen balitz bezala, edo domo osoari begira geratzea, edo itzalei begira».

Antzokia domoa izanik, ikusleak bertan sartu eta ondotik ateratzea esperientziaren parte da, baita itzalei begiratzea ere, baina dantzaren garrantziak gaina hartzen duela nabarmendu nahi izan du koreografoak: «Argiztapenaren eta itzalaren efektua hain garrantzitsua denez, hasieran ikusleak itzalak irakurtzera jotzen du, baina ideia da Eliralek eta nik lanetan dugun jestua agerian ematea, dantzariaren gorputza eta jestuak ez haustea itzalarekiko».

Keinu koreografikoen bitartez, ikuskizun «aski ederra» izatea eta horrek sortzen duen miresmena adierazteko haurren ahotik «O!» borobila ateratzea da xedea, obrari berari izena ematen dion borobiltasuna. Aldi berean, «bizi eta heriotzaren arteko mugak aipatzea eta, doluaren momentua transformatzeko, bizitzan sartu eta erritmo batean sartzea» da ikuskizunaren helburuetako bat, Telleriaren hitzetan.

Dantzarien mugimenduari laguntzen dion soinu banda Thierry Biscaryk egindakoa da, zeinak musikari bestelako soinuak ere gehitzen dizkion: «Bi soinu-munduren artean kulunkatzen da. Naturako soinu batzuk bildu ditugu domoari bizitza berezia emateko; adibidez, baleen soinu anitz badira hastapenean eta gero badira konposizio musikalak». Azken hauek interpretatzeko zenbait musikariren laguntza izan du Biscaryk; horretaz gain, Indartek berak obran zehar kantatzen duena ere konposatu du.

Ibilbide luzea aurreikusia du jadanik obrak Euskal Herri osoan zehar, baita atzerrian ere. Ikuskizunaren agertokiak, kupula itxurako horrek, ohiko antzokiekin alderatuta ikusle gutxiago har ditzakeenez, egun bakoitzean bizpahiru emanaldi egitea aurreikusi dute. Zuberoan abiatuko da bira, Sohütan otsailaren 3 eta 4an. Senperen izanen da hilaren 6 eta 7an. Ondoren, Luhuson antzeztuko da 9, 10 eta 11n, eta Donazaharren 13 eta 14an. Martxoan ere emanaldi ugari dituzte: 7an, Iruñean; 12an, Orthezen; 19 eta 20an, Bordelen; 21ean, Bilbon eta 27an, Zornotzan. Apirilaren 19an, berriz, Senperen izanen dira, eta 24an Errenterian, 25ean Bergaran eta 26an Donostian. Maiatzaren 23an Hernanin eta 11 eta 12an Bretainiako Ploermelen izanen dira.

DOMOA


«Teknikoki guztiz autonomoak gara, aski dugu entxufe bat konektatzeko. Puzgarri handi bat da domoa, eta asmatu dugu taula zirkular bat 2,80 metrokoa erdian emateko. Horrela hurbiltzen ahal gara antzokietatik urrun diren jendeengana ere» azaldu du Pantxika Telleria koreografoak.

Dokumentuaren akzioak