Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz taldea nazioarteko eta bertako kideekin batera ariko da

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz taldea nazioarteko eta bertako kideekin batera ariko da

Dantzaz konpainiak urtean hamabi egonalditik gora antolatuko ditu koreografoentzat. Sorkuntza lan batzuk atzerrian emango dituzte

Dantzaz konpainiak bide berri bati ekin dio. Hemendik aurrera, Sorkuntza Koreografikorako Nazioarteko Gunea izango da: hau da, Euskal Herriko nahiz nazioarteko bazkideekin sarean lan egingo du. Etengabe berrituz doazen hamabi dantzarik osatzen dute konpainia, baina ez dute koreograforik. Eta, beraz, gutxienez hamabi koreograforentzat egonaldiak antolatuko dituzte urtean, Dantzagunean, Errenterian (Gipuzkoa). Haietako sei bertako sortzaileentzat izango dira, eta beste sei, atzerrikoentzat. Fernando Saenz de Ugarte konpainiaren zuzendariaren arabera, «gutxi gorabehera» egiten zutena egiten jarraituko dute, aurrez ere koreografoak kontratatzen baitzituzten. Baina bazkideekin elkarlanean egingo dute hori aurrerantzean, modu egituratuan.
Egilea
Ihintza Elustondo
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/06/17
Lotura
Berria

Batetik, bertako koreografoen alde egin dute apustu —bertakotzat jotzen dituzte hemen bizi direnak, bertan jaio ez arren; bai eta hemen jaio eta kanpoan bizi direnak ere—. Euskal Herriko sorkuntzari ikusgarritasuna eman nahi diote, eta taldearen eta bertako sorkuntzaren arteko harremanak estutu ere bai. Horretarako, urtean sei koreograforentzako egonaldiak antolatuko dituzte, astebete iraungo dutenak. Laborategi gisa funtzionatuko dute, eta, denbora tarte horretan, 15-20 minutuko pieza irekiak sortu beharko dituzte dantzariekin. Sortzaile horiek binaka bilduta aurkeztuko dituzte emaitzak, Errenterian, Donostian, Bilbon eta Miarritzen (Lapurdi). Honako hauek dira atal horretan lankide izango dituzten bazkideak: Dantzagunea, Donostia Kultura, Tabakalera, Azkuna Zentroa eta Malandain Ballet Biarritz.

Beste sei egonaldi ere antolatuko dituzte, atzerriko koreografoentzat. Horiek egonaldi luzeagoak egingo dituzte: bi, hiru edo lau astekoak. Hemengo sortzaileek ez bezala, atzerrikoek pieza itxiak sortu beharko dituzte, 10-15 minutukoak, eta gero bira batean erakutsiko dituzte. Obrak «joan-etorriko bidea» egitea da asmoa, Saenz de Ugarteren arabera; hau da, hemen nahiz koreografoaren herrialdean aurkeztea emaitza, eta baita Europan barrena ere.

Atzerriko bost bazkide

Oraingoz, bost herrialderekin egin dituzte akordioak, bi motatakoak: batetik, Frantziako Les Synodales-Sens eta Alemaniako Internationales Solo-Taz Theater jaialdietan Dantzaz saria banatuko dute, eta sari hori eskuratzen duenak parte hartuko du egonaldietan; bestetik, Italiako Piamonte in Vivo, Herbehereetako Korzo eta Britainia Handiko DanceBase erakundeekin sinatu dituzte hitzarmenak. Horrela, bi aldeek adostutako koreografo bat etorriko da urtero Errenteriara. Itxi gabeko hainbat hitzarmen ere badituzte oraindik: Kanadarekin harremanetan daude —seigarren atzerriko egonaldia adosten ari dira—, eta Euskal Herriko hainbat aukera lantzen ari dira.

Azken urteetan konpainiak hartu duen bidean beste pauso bat da lan ildoan egin duten aldaketa. Izan ere, zuzendaritza artistikoak etengabe gonbidatu izan ditu atzerriko koreografoak sormen prozesuetarako. 2013tik 2015era bitartean, 66 sorkuntza ekoizpen egin zituen konpainiak, eta haietako 29, koreografo gonbidatuekin. Jatorri askotako sortzaileek parte hartu zuten egonaldietan: Australia, Belgika, Israel, Norvegia, Italia, Suedia, Herbehereak, Frantzia...

Atzerriko sortzaileekin harremanetan izateaz gain, Euskal Herriko koreografo gehienekin ere lankidetzan aritu izan da Dantzaz. 2013an, Atalak egitasmoaren bidez, bertako koreografoei konpainiarekin egonaldiak egiteko aukera eskaintzen hasi ziren, eta sorkuntza lan horiek jendaurrean aurkezten ere bai. 2013. eta 2016. urteen artean, 11 koreografok egin zuten sorkuntzarako egonaldia konpainiarekin. Besteak beste, Igor Calongek, Asier Zabaletak, Jon Mayak, Olatz de Andresek...

Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak