Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzariaren minutu bakoitzaren atzean ordu askotako lana dago»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzariaren minutu bakoitzaren atzean ordu askotako lana dago»

Lurdes Esnaola dantzariak –txapelketetan aritua eta saritua– jardun du Katerin Artola entrenatzen azken urteotan. Oinkari dantza taldeko irakaslea da eta, horrez gain, Lezon aritzen da dantzariak trebatzen, banaka-banaka. «Niregana etortzen diren dantzari guztiak hartzen ditut. Gogoa eta ilusioa izatea da eskatzen diedan bakarra». Min hartuta dago eta azken hilabeteotan ez da ari dantzariak trebatzen. Baina larunbatean Ordizian izan zen, bere dantzariaren ondoan. «Txapelketaren egunean buruak dauka pisu handiena, burua hotz mantentzen jakiteak».
Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Naiz
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/09/15
Lotura
Naiz

Zorionak, dagokizun parteagatik.

Oso pozik nago. Katerin oso-oso langilea da eta gogor lan egin du. Txapelketa oso gogorra da, dantzak gero eta luzeagoak direlako. Desafio bat eta soinu zahar bat segidan dantzatu behar dira, minutu eta erdi inguru bakoitza, topera. Ez da dantza ondo egin behar, oso ondo egin behar da eta horretarako sekulako indarra egin behar da. Dantzariaren minutu horren atzean ordu askotako lana dago. Jendea ez da horrekin konturatzen.

Euskal dantzari merezi duen balioa ematen al zaio?

Nire ustez, ez. Azken urteotan euskal dantza denbora-pasa bat balitz bezala hartzen dela iruditzen zait. Garai batean ez zen horrela. Nik ja baditut urte batzuk eta lehen dantza aldarrikapen bat zen, sentimendu bat, sustraitutako zerbait... Gaur egun ez zaio balio hori ematen. Eskola askotan, adibidez, eguerdian jartzen dituzte dantza klaseak, orduak betetzeko, eta hor etortzen zaizkizu haurrak sabela bete-bete eginda dantza egitera. Nola egingo dute, ba, ondo? Orokorrean, euskal dantzari ez zaio merezi duen balioa ematen. Kontua ez da bakarrik dantza erakustea edo ikastea, dantzaren bidez Euskal Herriko kultura ezagutzea baizik. Adibidez, guk Lezon Euskal Herriko inauteri guztiak landu ditugu dantzen bidez. Bai haurrek eta bai gurasoek kultur ondare horren berri jaso dute dantzari esker. Jantziak garbitu eta plantxatu behar izan ez balituzte, jakingo al lukete gurasoek nolakoak ziren jantziak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban...?

Txapelketak garrantzitsuak al dira?

Ni txapelketen aldekoa izan naiz beti. Beste kontu bat da txapelketa horiek nola kudeatzen diren. Nabarmena da txapelketetan aritzen diren taldeetan maila askoz hobea dutela. Gainera, dantzarientzat pizgarri bat da. Futbolean dabilenak astebururo dauka partida. Eta dantza egiten duenak? Entseatu eta entseatu urtean ekitaldi pare bat egiteko... Txapelketan dabilenak uda guztia pasatzen du aurreskua eta soinu zaharra entseatzen eta hori amaituta, fandango eta arin-arinarekin hasten da. Guk urte guztia txapelketetan pasatzen dugu eta haurrek pizgarri hori dute. Primeran ikasten dute dantzan. Askotan ikusiak gaude 12 urteko haurrak 18 urtekoak baino askoz hobeto dantzatzen. Lana eginez gero eta dantza seriotasunez hartuz gero, emaitzak etortzen dira.

Txapelketa garai betean, mina hartuta zaude.

Bai, eta sekulako ezusteko polita hartu dut. Laguntza asko izan dut. Pentsa, nire ikasle izandakoak eta nire alaba ari zaizkit laguntzen, beren artean lanak banatuz. Eta haurren finalaren egunean ere nire bi ikasle etorri ziren laguntzera. Lantalde ederra egin dugula konturatu naiz eta pozgarria da hori. Lezon entrenatzeko erabiltzen dugun lokala ere ikasle baten gurasoek uzten digute. Beti nire izena agertzen da, baina atzetik jende asko dago, lantalde oso bat. Denei eskerrak eman beharrean nago.

Dokumentuaren akzioak