Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzari Asteak eta Txalaparta Festak alaituko dute hernaniarren maiatza

Dokumentuaren akzioak

Dantzari Asteak eta Txalaparta Festak alaituko dute hernaniarren maiatza

Komunikabidea
Kronika
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2023/05/06
Lotura
Kronika
Maiatzaren 19 eta 20an ospatuko da XXXVII. Txalaparta Festa.

Ohiko ekintzak festa giroarekin nahastu dira Hernaniko maiatzeko kultur agendan. Herritar guztiek izango dute gozatzeko tartea, eta auzoetara iritsiko dira kultur ekitaldiak. Gazte Eguna eta Elkartasun Eguna ere izango dira.

Martxan dago jada maiatzeko kultur agenda Hernanin, eta ekitaldi ugari izango dira hilabetea bukatu arte. Gaur Hernani Musika Eskola Publikoko perkusiojoleen txanda izango da; kontzertua eskainiko dute Milagrosa aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 

Agendan ez dira ohiko jarduerak falta; literatur solasaldiak, ipuin kontaketak, erakusketak... Baina zenbait berezitasun izango ditu maiatzak, eta festa giroko egitarauak antolatu dituzte udaberria alaitzeko.  

XXV. Dantzari Astea eta XXXVII. Txalaparta Festa

Perkusio kontzertuaz gain, gaur bertan hasiko da XXV. Dantzari Astea. Urteurren borobila beteko du festak aurten, eta urteroko egitarau potoloa mantendu dute antolatzaileek. Egun haundia bihar izango da, Euskal Herriko txokoetako dantza taldeen emanaldiak ikusi ahal izango dira Hernaniko auzo eta kaleetan zehar. Gipuzkoako hamaika talde, Arabako bi, Bizkaiko bi, Nafarroa Garaiko hiru, Lapurdiko bost eta Zuberoako bat arituko dira dantzan.  Ondoren, 13:15 aldera, Gudarien plazan egingo dute emanaldi nagusia, talde guztien parte hartzearekin. Bestalde, datorren larunbatean, hilaren 13an, dantzari txikien irteera eta haurren emanaldia eskainiko dituzte. 

Maiatzeko hirugarren asteburuan iritsiko da XXXVII. Txalaparta Festa. Tradizio haundiko festa da, eta ohiko formatua mantenduko dute antolatzaileek. Hala ere, forma antzekoko festa izan arren, berritasunak izango dira musika ekitaldietan.  

Kultur Birak girotuko ditu Hernaniko auzoak

Maiatzeko kultur agendak dakarren bigarren berezitasuna 'Kultur Bira' ekimena da. Hernaniko auzoak girotzeko asmotan, zenbait ekitaldi antolatu dituzte, datozen hilabeteetan ere iraungo dutenak. Lehenengoa maiatzaren 12an izango da; kontzertua eskainiko du Andoni Ollokiegi abeslari pasaitarrak, arratsaldeko 19:00etan. Kultur agendan akats bat dago kokalekuarekin, ez baita Atsegindegin izango, Txantxillako plazan baizik. 

Bi egun beranduago izango da 'Kultur Bira' ekimeneko bigarren emanaldia. Portuko Ibarrolaburu plazan Arbasoak taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da; hau ere arratsaldeko 19:00etan hasita.

Maiatza bukaerarako utzi dituzte azken bi emanaldiak. Lehenengoa hilaren 26an izango da, Gabriel Zelaia plazan, eta haurrak izango dira protagonistak. Pirata garrapata antzerkia ikusteko aukera izango dute, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bi egun ondoren, 28an, Zirkoteke zirku ikuskizuna eskainiko dute Karabelen, arratsaldeko 16:30etan.  

Gazte Eguna 13an eta Elkartasun Eguna 20an

Gazteek ere izango dute aisialdirako tartea hilabete honetan. Maiatzaren 13an Gazte Eguna antolatu du Kontrakantxa Gaztetxeak. Goizeko 10:30etan hasiko da egitaraua, Latsunbeko futbol zelaian. Bertan jokatuko dira Gazte Asanbladak antolatutako futbito txapelketako finalak. Kirola egin ondoren, bazkariarekin berreskuratuko dituzte indarrak. 14:00etan jarri dute hitzordua, Tilosetan. Bazkarirako tiketak salgai daude dagoeneko Goizargi eta Txili tabernetan. Arratsaldetik aurrera musika emanaldiak izango dira; 18:00etan abiatuko da Tilosetatik Eztanda Txaranga, eta gaueko 22:00etatik aurrera Mehatxuka eta Istilu taldeen kontzertuak entzuteko aukera izango da Kontrakantxan. 

Elkartasun Eguna, berriz,  maiatzaren 20an izango da. Hernaniko Ernaik antolatu du egitaraua, eta goizetik gauera arte luzatuko da. Goizeko 10:00etan kronoeskalada egingo dute, eta preso eta iheslarien aldeko manifestazioarekin amaituko dute goiza. Eguerdiko bazkarirako Atsegindegin jarri dute hitzordua, eta tiketak eskuragarri daude jada Garinen, Zintzarrin eta Goizargin. Bazkalostean 'Elkartasun bingoa' antolatu dute hasteko, eta Distopia elektrotxarangak emango dio jarraipena festari, Kaxkoko kaleetan barrena. Gauean DJ Pintxatxapote arituko da Garinen.

 

KULTUR AGENDA
HERNANI

 

GAUR

Kontzertua. Perkusioa taldea. Hernani Musika Eskola Publikoak antolatuta. Milagrosan. 

MAIATZAK 6-13 

XXV. Dantzari astea 

MAIATZAK 8-13

Euskal jantzien erakusketa.

MAIATZAK 10

19:00 Literatur solasaldia, liburutegian. Amaia Garciaren gidaritzapean. 

MAIATZAK 12

19:00 Kultur Bira: Andoni Ollokiegiren kontzertua. Antolatzailea Txantxiku auzo elkartea. Txantxillako plazan.

MAIATZAK13 

12:00 Haur antzerkia: Arrainak bihotzean. Sarrera: 3,5 euro. Marmar teatroa. Biterin.

MAIATZAK 13 

12:00 Kalez kale kantari, Hernaniko Kaxkoan zehar.

MAIATZAK 13 

Gazte Eguna, Kontrakantxa gaztetxeak antolatuta.

MAIATZAK 14

19:00 Kultur Bira. Arbasoak taldearen kontzertua. Antolatzailea: Portu auzo elkartea. Portuko plazan. 

MAIATZAK 14

Exrtemaduraren inguruko jardunaldiak

MAIATZAK 15

11:00 San Isidro Jaia. Pala eta pilota partiduak, omenaldia eta herri kirolak.

MAIATZAK 15-19

Ingurumen hezkuntzari buruzko erakusketa, Biterin.

MAIATZAK 16

19:00 Literatur solasaldia, liburutegian. Ane Mayozen gidaritzapean. Alaine Agirreren 'Karena' liburua hizpide.

MAIATZAK 18

19:30 Nahasketak. Antzerkia. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. 

MAIATZAK 19 ETA 20

XXXVII. Txaparta festa. 

MAIATZAK 20

Lore eta landare azoka. Urbietan. 

MAIATZAK 20

19:00 Kontzertua. Ozenki eta Laudioko Santa Luzia (ahots grabeak)

MAIATZAK 22

Doberaren 30. urteurren erakusketa, Biterin. 

MAIATZAK 24 

19:00 Dokumentala: Matrioskas, las niñas de la guerra. Biterin.

MAIATZAK 26 

17:00 Kultur Bira. 'Pirata garrapata' haurrentzat antzerkia, Gabriel Zelaia plazan.

MAIATZAK 26-28

Mendekoste jaiak, Etxeberri auzoan.

MAIATZAK 27

19:30 Kantuz eguna. Abesbatzaren kontzertua, Milagrosan.

MAIATZAK 28

16:30 Kultur Bira. 'Zirkoteke' zirku ikuskizuna, Karabelen. 

MAIATZAK 30

Emakumeen euskal literatura mintegia, Alaine Agirrek gidatuta.

MAIATZAK 31

17:30 Ipuin kontaketa liburutegian, Maite Frankoren eskutik. 

Dokumentuaren akzioak